Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 2023 uztako sagardoak aurkeztu ditu Albaola Itsas Kultur Faktoria

28/05/2024

Euskal Sagardoa osatzen duten 48 sagardogileen 85 Euskal Sagardo desberdinak azaldu dira,  %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak

“Sagardo orekatuak dira, ahoan leunak eta lurrintsuak”

 Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 2023 uztako sagardoak aurkeztu ditu Albaola Itsas Kultur Faktoria

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2023ko uztako sagardoa aurkeztu du gaur, maiatzak 28, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 48 sagardotegiek 85 produktu desberdin aurkeztu dituzte. 

Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batean, prentsaurrekoan jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek parte hartu dute: 

  • Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea - Viceconsejero de Agricultura, Pesca y Política Alimentaria.
  • Peli Manterola, HAZI Fundazioko Zuzendaria / Director de la Fundación HAZI.
  • Daniel Solana, Basquetourren zuzendaria - Director de Basquetour
  • Azahara Domínguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua.
  • Oihana Gaincerain, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Presidentea
  • Unai Agirre, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Koordinatzailea
  • Amaia Zubeldia, Euskal Sagardoaren Ibilbidearen kudeatzailea
  • Xabier Agote, Albaolako lehendakaria – Presidente de Albaola.
  • Eta noski, eguneko protagonistak SAGAR ETA SAGARDO SEKTOREA: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagargile eta Sagardogileak

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardogileen 85 sagardo aurkeztu dira, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta handia izan da kopuruz 2023koa, eta lortu den sagardoa orekatua eta ahoan leuna eta lurrintsua. Guztira, 6 milioi kilo bildu dira eta 4 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira. 

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Uzta oparoa izaki, 2024an dibertsifikazio horretan garatzeko aukera izan du sektoreak eta produktu desberdin asko egin dira. 

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla. Horretan zeresan handia dute, sagasti berrien diseinuak eta merkatura egokitzen jarraitzeko sagardogileek duten interesak. Azken uzta hau eta datozenak interesgarriak izango dira dibertsifikazio horretan. 

Urtarrilaz gero, txotxean dastatu ahal izan diren sagardoak botilaratzen hasi dira sagardotegiak eta hemendik aurrera 2023ko uztaren ezaugarri guztiak botilan dastatzeko aukera izango dute kontsumitzaileek, sagardoa ondo borobildua botilan egongo baita. 

Aurkezpena Albaola Itsas Kultur Faktorian

Gaur aurkeztu dira 2023ko uztako sagardoak Albaolan, eraikintzen ari diren San Joan Baleontzian bertan. Izan ere, sagardo sektoreak hainbat elkarlan ditu Albaolarekin. San Joan baleontzia Kanadara abiatzen denerako sagardoa nola eraman aztertzen ari dira batetik eta Euskal Sagardoaren Ibilbideak esperientzia bat jarri du martxan Albaolarekin, Kultur Faktoria eta sagardotegiko bisita bateratzen dituena eta itsasoko eta sagardoaren kultura bateratzeko diseinatua: https://www.sagardoa.eus/eu/irteerak/98-albaola-eta-sagardotegia.

Itsasoa eta sagardoa elkarren lagun izan dira Euskal Herrian, marinelen eta inguruko langileen edaria izan baita sagardoa mendeetan zehar. Horrek, besteak beste, sagardo industria indartsu bat sortzeko baliabidea jarri zuen mende luzetan Euskal Herriko baserrietan, eta baita paisajea sagastiz betetzeko interesa ere. Bestalde, marinelek beren sustenguaren oinarri nagusietako bat izan dute sagardoa, eta hamarkada askotan, izurriterik txarrena izan zen Eskorbuto gaitzaren aurkako antidoto naturala. Euskaldunok izan dugun ezinbesteko sinbiosi hau irudikatzeko balio izan du gaurko aurkezpenak.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta geroztik ibilbide luzea egin du, bai sagastietan eta baita produktuaren kalitatean ere, eta nola ez, bere komertzializazioan. 

Jatorri Deitura sagastitik ari da lanean, sagarra baita Euskal Sagardoaren kalitate honen lehen ardatza. Uzten arteko oreka lortzea eta sagarraren kalitatea lantzen jarraitzea dira aurrera begirako bi helburu nagusiak. Bakanketak, interpolinizazioa, eta lurraren lanketa dira lanketa horretarako hiru zutabe nagusiak. 

Komertzializazio bideak: retaila, ostalaritza, on-line eta salmenta zuzena

Euskal Sagardoak komertzializazio bideak indartzen egin du lan azken urteetan, bai linealetan, bai ostalaritzan eta baita salmenta zuzena eta on line salmentan ere. Garrantzitsua da sektore hauekin egin litekeen elkarlana, Jatorri Deitura duten sagardoak balorean jarri eta salmenta bultzatzeko. Aurreko urteetako bideari jarraikortasuna eman eta salmentak areagotzen jarraitzea da helburua. Horretarako komertzializazio bide bakoitzerako estrategiak garatzen ari da Euskal Sagardoa eta Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ekintzak antolatzen. 

Dastatzea, Eusko Label produktuekin batera

Aurkezpenaren ondorenean, 2023 uztako Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek, Eusko Label produktuekin batean. Uztaren ezaugarriak eta sagardotegi desberdinen izaera desberdinak dastatu ahal izan dira, giro ezin hobean. 

2024 sagardotegi denboraldia

2024ko sagardotegi denboraldian positiboki baloratu dute sagardogileek: giro atsegina eta lasaia nabarmendu da aurtengo denboraldian gure sagardotegietan. Pandemiaz gerozko joerari eutsi dio aurtengo denboraldiak ere. Larunbata eguerditarako izan dira eskari gehienak eta baita larunbata gauerako ere. Igande eguerdietan irekita dauden sagardotegiek ere mugimendu handia izan dute. Astean zehar sagardoa dastatzeko irrikan elkartzen diren sagardozaleak egun ere garrantzia berezia dute. Orokorrean igo egin dira sagardotegietan erreserbak menuari eta txotxari dagokionean. Erreserba hauen kudeaketari dagokionean geroz eta bezero gehiagok baliatzen dute online erreserba egiteko aukera. 

Badira urte batzuk sagardo sektoreak dastatze edota bisita gidatuak martxan jarri zituenetik. Bi produktu hauek oso erakargarriak dira lagun giroan sagardotegira gerturatzen diren bertako bezeroentzat. Sagardo sektoreak bere eskaintza gastronomiko eta kulturala landu eta komunikatzen du denboraldian zehar bertaratzen diren bezeroek esperientzia borobila izan dezaten. Sektoreak dagoeneko garatuta dauka Sagardotegiari dagokion Plan Estrategikoa eta Sagardo Upategien Turismo Plana. Horiek ditu ardatz urtez urte eskaintza osatu eta geroz eta anitzagoa den bezeroari hainbat proposamen egiteko. Denak ere kalitatezko produktu baten baitan antolatutakoak. Denboraldiari begira nabarmentzekoa da % 40 areagotu dela iazko urtearekin alderatuz dastatze, bisita eta bestelako irteeren kontsumoa.

Denboraldi honetan Sagardotegietan sagardoa online erosteko hainbat euskarri ikusi ahal izan ditugu. Informazio-gune hauek balio izan dute, besteak beste, denboraldian izan dugun sagardoaren online salmenta ere % 33an igotzeko. 

Udako Sagardotegien proposamena: terrazak, garaiko produktuak eta ostalaritzaren garrantzia

Euskal Sagardoaren Ibilbidea da Sagardo sektoreak bere estrategia digitala, kulturala eta turistikoa garatzeko daukan tresna. Euskal Sagardoaren dastatze gidatuak, Sagardotegietan bisitak, kirol eta kultur ekintzak… antolatzen ditu Ibilbideak eta udarari begira agenda betea du. 

Aurten nabarmendu nahiko genuke Albaola Kultur Faktoriarekin osatu berri dugun proiektua. Albaola eta Sagardotegia naturalki lotuta dauden bi elementu dira. Produktu honen bidez biak ala biak gozatzeko bidea irekiko zaie bertako eskola-umeei, bisitariei eta baita kanpotarrei ere: https://www.sagardoa.eus/eu/irteerak/98-albaola-eta-sagardotegia Proposamen hau garraioarekin batera edota garraiorik gabe har liteke. 

Uda garaian sagardotegien %50ak mantentzen ditu ateak irekita, eskaintza oso zabalarekin. Garaiko produktuek eta botilaratutako sagardoak hartzen dute garrantzia. Terraza dotore eta atseginek ere laguntzen dute uda garaiaz eta Euskal Sagardoaz beste modu batean gozatzen. Udaran zehar irekita dauden sagardotegien eskaintza osoa esteka honetan ikus daiteke: https://www.sagardoa.eus/eu/module/psblog/module-psblog-blog?id=121

Informazio osagarria

Euskal Sardoa jatorri-deitura

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura gaur egungo eta etorkizunerako proiektu bat da, Euskadiko Sagargile eta Sagardogile sektoreek gidatua eta erakunde desberdinek babestua. Sagar eta sagardo sektoreari oinarri sendoak jartzea du lehen helburu, baina horrez gain, kontsumitzaileari bertakoa eta kalitatekoa den produktuaren gaineko bermeak eskaintzea ere bai. Izan ere bi oinarriren gainean eraiki da Jatorri Deitura: bertako sagarra eta kalitatea. 

  • Bertako sagarra: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bertako 106 sagar mota ditu onartuak, nagusiak hauetako 24 badira ere. Euskal Herriko sagardogintzak duen altxorretako bat dira gure sagar motak, menderik mende gure baserri eta sagastietan hobetzen joan direnak, ahalik eta sagardorik onena egiteko helburuz. Euskal Herrian sortu eta garatutako sagar motak dira, hemengo baldintzetara oso ondo egokituak eta gure Euskal Sagardoak eskatzen dituen baldintzak biltzeko egokiak. 
  • Kalitatea: kalitate berme guztiak eskaintzen ditu Euskal Sagardoak, sagastitik botilaraino kontrol zorrotzak ezarrita. Euskal Sagardoek botilaratu aurretik analisi fisiko kimiko eta organoleptikoak pasa beharko dituzte Fraisoro laborategian. Prozesu guztiaren kontrola HAZI Fundazioak egiten du.-deitura

Euskal Sagardoaren katalogoa

Urte luzetako lanaren emaitza da jatorri-deitura eta lan guzti horren erakusleiho izan nahi du Euskal Sagardoaren katalogoak. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardotegiren informazioa ikus liteke bertan eta gaur egun merkaturatzen ari diren Euskal Sagardo guztiak ere biltzen dira: erabiltzen dituzten sagarrak, sagastiei buruzko informazioa eta produktuei buruzko hainbat datu. Horrez gain, sagardotegi bakoitzarekin kontaktuan jartzeko informazioa eskaintzen da bertan, eta baita zerbitzurako eta dastaketarako oinarrizko azalpenak ere. 

Katalogoa osatzen duten sagardotegiak:

  • Araba: Kuartango.
  • Bizkaia: Axpe / Etxebarria / Uxarte.
  • Gipuzkoa: Aburuza / Akarregi / Alorrenea / Altzueta / Altuna / Añota / Araeta / Astarbe / Barkaiztegi / Begiristain / Bereziartua / Egi-Luze / Eguzkitza / Ekain / Etxebarria / Eula / Gartziategi / Gaztañaga / Gurutzeta / Iparragirre / Ipintza / Irigoien / Iruheki / Isastegi/ Itxasburu / Izeta / Larrarte / Lizeaga / Mizpiradi / Oianume / Oiharte / Ola / Olagi / Petritegi / Saizar / Sarasola / Satxota / Tximista / Txindurri-Iturri / Urbitarte / Urdaira / Zabala / Zapiain / Zelaia.

Bizirik dagoen sektoreada sagardo sektorea eta katalogo honek ere bizia izateko helburua du, urtez urte aldatzen joango da, sagardo gama berriak, xehetasun berriak edo botila edo etiketa berriak izango baititu. Horrez gain, uzta bakoitzak ezaugarri bereziak emango dizkio Euskal Sagardoari eta hori ere biltzen du katalogoak, Euskal Sagardo bakoitzaren azalpenetan. Guzti hori bezeroarentzako tresna garrantzitsua izango da, eta sektorea bizirik eta mugimenduan dagoenaren seinale. 

Katalogo hau euskalsagardoa.eus/katalogoa helbidean dago eskuragarri.

Bestalde, Iparraldeko eta Nafarroa Iparraldeko sagargile eta sagardogileekin elkarlanean ari da Euskal Sagardoa, Jatorri Deitura Euskal Herri osora zabaltzeko.

Euskal Sagardoaren historia eta bilakaera

Sagardoa Euskal Herriko edaria izan da ehundaka urteetan. Idatzi eta erreferentzia zaharrenek, bertako edari garrantzitsua izan dela adierazten dute urte luzetan ezinbestakoa elikaduran. Eta hala azaltzen dutebertako 1.800 sagar mota desberdinek ere. 

XV-XVI. mendeetan izugarrizko gorakada izan zuen gainera sagardoaren kontsumoak, Euskal Herria herri industriala zelako eta jende multzo horrek sagardoa edaten zuelako. Hortik sortu ziren Tolare Baserriak, sagardoa egiteko industria erraldoiak zirenak garai hartarako. Zenbaitek diotenez, 1.000tik gora zeuden Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroan. Gaur egun, lehenengo eraiki zituzten Tolare-baserri haien adibide bat geratzen da: Ezkio-Itxasoko Igartubeiti baserria.

Besteak beste, marinelen edaria ere izan da sagardoa itsasaldi luzeetan, eta sagardoa eramateko ohitura zutenez, eskorbutorik ez zuten izaten euskal marinelek.

Sagardoak beherakada izugarria izan zuen gerra ostean eta 50-60 hamarkadatan, jendea baserriak uzten joan zelako. Ondoren, zenbait sagardogilek berriz lanari heldu eta oraindik indarrean dagoen susperraldia eragin zuten. 

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak badu helburu bat: garai batean gertatzen zen moduan, berriz ere bertako sagarra izatea euskal sagardogintzaren ardatza. 

Sagardoaren Historia, bilakaera eta beste hainbat ekintzaz gozatzeko Euskal Sagardoarekin lankidetzan ari da Sagardoa Route – Euskal Sagardoaren Ibilbidea. Hau da sektoreak duen Agentzia, eta eskaintza urte osoan zehar du eskuragarri,   garaian garaiko ekintzak sustatuz eta lehen sektorea balorean jarriz. Hiru eskaintza mota ditu Sagardoa Routek: oporretarako eskaintza, enpresentzako eskaintza eta jaio berria den Eskolentzako eskaintza. Azken honek gorakada handia izan du urte honetan zehar, unitate didaktikoen bidez sagastiaren eta sagarraren mundua modu praktikoan ezagutzen baitute gure haurrek. 

Comentarios

Deje su comentario