TOPA! XXXVII. Sagardo Eguna Donostian
Iritsi da Donostiara Sagardoaren egun handia
Beste urtebetez Sagardo egunak kultura eta ospakizuna ekarri digu Donostiako Konstituzio enparantzara. 4.000 lagunetik gora izan ditugu gaur gurekin eta denek izan dute sagardogileek ilusioz ekarri dituzten sagardo onenak dastatzeko aukera. Giro aparta lagun bertaratu direnek sagardoaren kulturaren inguruan plazan bildutako eskaintza osoaz gozatu ahal izan dute, baita sektoreak ekoiztu dituen produktu berriak ere.
Sagardoa kopan dastatzeko aukera izan dute gerturatu direnak, aukera polita baita Donostiako Sagardo Eguna produktuaren inguruko aukera berriak eta kontsumitzeko ate berriak irekitzeko.
Ekitaldiaren antolatzaile da Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Euskal Sagardoaren Ibilbidearekin eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Donostiako Udala, Donostia Festak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Sagardoa Route – Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kide diren 36 sagardotegik hartu dute parte aurtengo ekitaldian. Beraiek izan dira 2023 uztak eskaini duen onena gerturatu direnei dastatzen emateaz arduratu direnak. Triki eta bertso doinuez lagunduta zerbitzatu dira 8.000 botila inguru, pintxo goxoez lagunduta.
Bertan izan dira gonbidatu bereziak: Amaia Barredo, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Eneko Goia, Donostiako Udaleko alkatea; Raul Pérez de Iratxeta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea; Jakes Agirrezabal, Turismo eta Merkataritzako Sailburuordea; Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Oreka Berdearen Diputatua; Azahara Domínguez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo eta Mugikortasun Diputatua; Arantxa Ariztimuño, Nekazaritzako eta Lurralde Oreka departamentuko zuzendaria; Iñigo García, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zuzendaria; Astigarraga, Hernani, Usurbil, Urnieta, Asteasu eta Ataungo udal-ordezkariak; Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Kideak; Getariako Txakoliña Jatorri Deituraren ordezkariak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ordezkariak besteak beste.
Hauek dira Sagardo Egunean parte hartu duten Sagardogileak:
1. Aburuza (Aduna)
2. Akarregi (Hernani)
3. Alberro (Hernani)
4. Alorrenea (Astigarraga)
5. Altuna (Urnieta)
6. Altzueta (Hernani)
7. Añota (Azpeitia)
8. Astarbe (Astigarraga)
9. Astiazaran (Donostia)
10. Barkaiztegi (Donostia)
11. Calonge (Donostia)
12. Etxeberria (Astigarraga)
13. Gartziategi (Astigarraga)
14. Gaztañaga (Andoain)
15. Gurutzeta (Astigarraga)
16. Iparragirre (Hernani)
17. Izeta ( Aia)
18. Larrarte (Astigarraga)
19. Lizeaga (Astigarraga)
20. Mizpiradi (Andoain)
21. Oianume (Urnieta)
22. Oiarbide (Astigarraga)
23. Oiharte (Zerain)
24. Ola (Irun)
25. Ordozelai (Oiartzun)
26. Petritegi (Astigarraga)
27. Rezola (Astigarraga)
28. Rufino (Hernani)
29. Saizar (Usurbil)
30. Sarasola (Asteasu)
31. Satxota (Aia)
32. Tximista (Ordizia)
33. Urbitarte (Ataun)
34. Urdaira (Usurbil)
35. Zabala (Aduna)
36. Zelaia (Hernani)
Plazako dastatzeaz gain Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hainbat ekintza bideratu ditu bertan, sagardogileen mendeetako ofizioa erakustera eman eta duen esanahia, sekretu ezezagunak eta balioa adierazi ahal izateko. Horren adibide da, esaterako, garai bateko eran sagardoa egitea. Sagarrak kizkia eta saskiarekin bildu, txikitu eta ondoren tolaren prentsatzea. Hala, plazaratu diren sagardozale guztiek 2024ko uztarekin egindako lehen muztioa dastatu ahal izan dute.
Ekintza ederrenetakoa ere bada Euskal Sagardoaren jatorria diren bertako sagarren erakusketa Fruitel elkartearen eskutik eta Txertaketa postua Josu Osaren eskutik.
Eguneko momentu hunkigarriena omenduak oholtza gainean suertatu da. 2024n 65 urte egin dituzten edota Sagardodintza lanak utzi dituzten Sagardogileak omendu ditugu: Arantza Eguzkiza (Iparragirre Sagardotegia), Iñaki Bengoetxea (Ola Sagardotegia), Maria Jose Arregi (Olagi Sagardotegia) eta Joxe Angel Goñi (Gurutzeta Sagardotegia). Elkarteko lehendakari eta juntakideen eskutik jaso dute gure oroigarri kuttuna. 12:30ean kopa bana eskuan egin da TOPA! ofiziala. Bertan izan ditugu administrazioetako ordezkariak, omenduak eta sagardogile guztiak. Hala itxi da eskertze ekitaldia, sagardogileei egindako lana eskertuz.
Bertako pintxoak eta Idiazabal gazta, plazaren erdigunean
Petritegi Sagardotegiari esker pintxo goxoez gozatzeko aukera izango da goiz osoan zehar plazaren erdigunean. Honen parean, Ordiziako Arizmenditarren eskutik Itziar Etxeberriaren familiak jarriko du gazta pintxo eta gazta saltzeko postua.
Euskal Sagardoaren Ibilbidea: informazio puntua eta Sagardoaren inguruko irteerak uda honetako arrakasta
Sagardo munduak eskaintzen duen informazio guztia dugu eskura sagardoa.eus webgunean, eta geroz eta bisitari gehiago dira mundu honek eskaintzen duenaren inguruan interesa dutenak. Horretaz gain, nabarmen igo da aurtengo denboraldian ere sagardo dastatzeak sagardotegietan egiteko eskaera. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 54 kideek 95 produktutik gora ekoizten dituzte: sagardo naturalak, apardunak, ekologikoak, kriantzak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturala, bereziak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, besteak beste.
Iraileko dastatzea, Euskal sagardoaren mundua ikustarazteaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izaten da: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Mezu hori zabaldu nahi izan du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, bai bertako kontsumitzaileei baita kanpotik etortzen diren ehunka bisitariei, Donostiako Sagardo Eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita. Aurten, gainera, sagardoa dastatzeko beste proposamen batekin gerturatu da Donostiara sektorea: kopa. Gure sagardo edalontzi finaz gozatzen dugunontzat beste aukera berri bat! Sagardoak, zorionez, kontsumitzeko eta gozatzeko mila modu ematen baitizkigu.
Informazio puntu honetan bisitariek sagardoaren inguruko irteeren, asteburu pasen eta txangoen informazioa sakonean eskuratu ahal izan dute. Geroz eta gehiago dira esperientzia eta produktu turistikoak eskaintzen dituzten sagardotegi eta eragileak. Euskal Herriko sagardoaren kulturak duen balioa eta atzerritarrengandiko interesa ikusita, sagardoaren sektorea, turismoaren sektorean lanean ari da.
Merkatu berri honen testuinguruan jaio zen Euskal Sagardoaren ibilbidea. Sagardogintza sektorea eraberrituz, oinarria eta izaera indartuz, egoera zein bide berrietara egokituz. Sagardogintza sektorea etengabeko aurrerapausoak ematen ari da. Gaur egungo sagardo kontsumitzailea zein sagardotegietako bezeroa anitza da. Horren aurrean, sagardogileak produktuaren dibertsifikazioa eta zerbitzuen eskaintza zabaltzearen alde egin dute. Izan ere, merkatuaren aldaketei eta egoera berriei erantzuna emateko jaio zen Sagardoa Route, euskal sagardoaren ibilbidea ezagutzeko bidea.
Esperientzia gastronomikoak eta kulturalak definitu ondoren, Ibilbideak produktu turistikoen eskaintza zabala aurkeztu du. Euskal Lurralde guztietan ditugu sagardotegiak eta gure lurretik mendeetan zehar jaio den produktua da sagardoa. Sagardogintza eta lurraldea. Gure jatorria eta historia. Horixe kontatu komunikatu nahi du Ibilbideak, sagardoaren kultura balioan jartzeko asmoarekin.
Esperientzia errealak dira, familia eta ofizioa barrutik ezagutzeko asmoarekin sortuak. Bisitaria eroso eta etxean senti dadin, eta gure kulturaren enbaxadore bihurtu dadin, lau haizetara zabalduz euskal kulturaren esanahia.
2024an indar bereziarekin dator SAGARRAREN TXOKOA proiektua, urte osoan sagarraren mundua haurrekin lantzeko unitate didaktiko sorta. Proiektu hau hainbat eskolarekin elkarlanean daukagu eginda, eta aukera dago oraindik ere beste hainbat eskolatara zabaltzeko.
Euskal Lurraldeetan banatuta, dagoeneko 61 sagardotegi dira EUSKAL SAGARDOAREN IBILBIDEA proiektua osatzen dutenak.
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura: sektorearen apustua
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak zazpigarrena izan du 2023koa eta uzta hori izan da jendeak Donostiako Sagardo Egunean dastatu ahal izan duena. Bertako sagar hutsez egindako sagardoek protagonismo berezia izango dute Konstituzio Plazan, Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango baita: sagardotegi bakoitzak bere sagasti eta inguruko baserrietako sagastietako sagarrez egindako sagardoak egongo dira, eta horien artean baita sagar mota bakarrez eta bi sagar motaz egindakoak, sagasti jakineko sagarrez egindakoak, egurrean ondutakoak, aurreko urteko amaren gainean ondutakoak eta abar luze bat ere. Izan ere, sagardotegiek kalitate handiko sagardoak egiteaz gain, dibertsifikatzeko pausoa ere eman dute, bertako sagarra ardatz hartuta, eta Donostiakoa plaza ezin hobea da lan guzti hori azaltzeko,
Eta azken urteetako bideari jarraituz, produktuak bai linealetan eta bai ostalaritzan presentzia handiagoa izateko lanean ari da Kontseilu Arautzailea, sagardogileekin batean, eta kontsumitzaileei egindako lana azaldu eta produktuak dastatzera eman eta azaltzen.
2023ko uzta, handia bezain ederra
2023eko uzta handia izan zen Euskal Herrian, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren pean 3,5 milioi litro egin ziren, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardotegietan, 250 sagargileren sagarra erabilita. Horiek dira orain dastatzeko puntu egokian daudenak, sagardo lurrintsu eta orekatuak. Hala ere, geroz eta markatuagoa da sagardotegi bakoitzak bere Euskal Sagardoari ematen dion izaera: sagar motak, biltzeko heldutasun puntua eta beste zenbait faktore kontuan izanda. Donostian sagardo desberdinak izango ditu kontsumitzaileak aukeran, eta gozatzeko aukera desberdinak. Baina dagoeneko 2024ko sagar uzta ere gain-gainean dugu, eta zenbait datu baditugu aurreratzeko. Uzta txikiagoa izango da kopuruz baina kalitate handikoa aurreikusten da. Beraz, iazkoarekin alderatuta uzta txikiagoa espero dugu 2024an. Sagar biltzen egunotan hasiko dira sagastirik gehienetan.
Comentarios
Deje su comentario