Gure zerbitzuak hobetzeko cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, webgunearen neurketa eta erabileraren analisia egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago nahi baduzu, sakatu hemen. Onartu

Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

2019 UZTAKO SAGARDOA eta 2020ko BERRIKUNTZAK

Guztira 12,2 milioi litro sagardo egin da Euskal Herrian 2018ko uztan.

Apurua kontzeptuari ohore eginez, Donostiako Sagardo Apuruan 2019 Uzta Berria aurkeztu dute zazpi lurraldeetako eragileek Sagardoa Route , sektorearen Agentzia estrategikoaren izenean. Bizkaiko, Arabako, Nafarroako, Iparraldeko eta Gipuzkoako sagar eta sagardo elkarteetako ordezkariek eman dute beraien iritzia.

Sagardo Routek halaber 2020rako sektoreak dituen proposamen turistikoak eta azken berrikuntzak aurkeztu ditu

2019 UZTAKO SAGARDOA eta 2020ko BERRIKUNTZAK

UZTA BERRIAREN AURKEZPENA

2019ko uztako sagardoa prest dago sagardotegietan, ate joka dugun Txotx garaian dastatzeko.

Aurtengo uzta oparoa izan da, bai kopuruz eta bai kalitatez.

Aurtengo udaberria eguzkitsua izan da eta loraldi luzea izan dugu. Horren ondorioz, lore kopuru handia izan dugu gure sagarrondoetan. Sagar aleari dagokionean, hasierako sagar goiztiarrak txikiagoak izan dira eta beranduago bildutakoak handiagoa. Dena den, sagarraren errendimendua altua izan da.

Irakinaldiei dagokienean, urriko tenperatura egokiek eraginda, azkar irakin dute sagardoek eta usain ederra dute kasurik gehienetan. Horrek esan nahi du txotxean bukatutako eta ondo borobildutako sagardo asko izango dela aurten, sagardotegi batetik bestera gauzak asko aldatzen badira ere.

Laburbilduz, 2019 uztako sagardoa, orokorrean halakoa dator:

·         Aroma aldetik intentsitate handikoa

·         Estruktura, gorputz eta izaera handikoa

·         Freskotasun handikoa

·         Txinparta finekoa

·         Alkohol kopuru baxuagokoa

 

TXOTX IREKIERAK 2019ko URTARRILAN

Txotx garaia oihartzun eta arrakasta handiko ohitura da Euskal Herriko sagardotegietan, eta jendea deseatzen egoten da noiz hasiko den beren erreserbak egin eta Txotx garaiaz gozatzeko.

Aurtengo urtean ere  800.000 bisitari inguru izaten dituzte Euskal Herriko sagardotegiek, hasi urtarrilean eta maiatzera arte eta horrek inguruko ekonomian ere eragin zuzena du. Horrez gain, geroz eta sagardotegi gehiago dira urte osoan edo denboraldi luzeagoan zabaltzen dutenak ere. Hemen dituzue Txotx irekierak herri eta eskualdeetan:

GIPUZKOA

·         Txotx irekiera Astigarragan, urtarrilaren 15ean Sagardunek antolatuta.

·         Goierriko sagardotegien txotx irekiera urtarrilaren 16an izango da Zeraingo Otatza sagardotegian goizeko 11:00etan.

·         Tolosaldean Txotx solidarioa urtarrilaren 31n izango da zerkausian Casino elkarteak Tolosaldeko sagardogileekin, Tolosa Gourmetekin eta Tolosako Udalarekin elkarlanean antolatuta.

BIZKAIA

·         Bizkaiko txotx irekiera Uxarte sagardotegian (Zornotza), urtarrilaren 23an, goizeko 11:00etan. Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak antolatua.

ARABA

·         Arabako txotx irekiera Kuartangon izango da urtarrila 16ean arratsaldeko 6etan, Arabako Sagarzale eta Sagardogileen Elkarteak antolatua.

NAFARROA

·         Nafarroako txotx irekiera, Larraldea Sagardotegian izango da (Lekaroz) urtarrila erdialdean. Nafarroako Sagardogileen Elkarteak antolatua. (Data jakin bezain pronto www.sagardoa.eus orrialdean publikatuko da).

 

UZTA LURRALDEZ LURRALDE

GIPUZKOA

Gipuzkoan 11,3 bat milioi litro sagardo egin dira 2019ko uztan, aurreko urteetako kopuru bertsua. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegiek 8 milioi litro egin dituzte (www.sagardoa.eus) eta aurten aipatzekoa izan da bertako sagarraren garrantzia. Gipuzkoako Elkarteko kideen artean egindako sagardoaren % 73  izan da bertako sagarrarekin egina. Aurtengo uzta berezia izan da Gipuzkoan. Oso mailakatua eta banatua. Espero moduan, udaberriko eguzkiak lorea ontzen lagundu du eta fruta asko izan dugu sagarrondoetan. Sagardoa usaimenari dagokionean intentsitate handikoa da, gorputzeko sagardoak dira eta alkoholari dagokionean 6 º vol. inguruan.

    Azpimarragarria da, bestalde, sagardo naturala ez ezik, sagardotegiak dibertsifikatzen ari direla produktua eta azken urteetako joerari jarraituta, sagardo bereziak egiteaz gain, packagingean ere inbertsioa egiten ari da sektorea. Horren adibide da aurkeztu berri den Euskal Sagardoa latan. Badira muztio  pasteurizatua  egin dutenak, sagardo apardunak, ondutako sagardoak egin dituztenak, izotzezko sagardoak eta oraindik ikertzen eta lantzen ari diren merkaturatu gabeko hainbat produktu berri gehiago. Produktu gama honen erakusleiho duzue www.sagardoa.eus web orrialdean dagoen online denda.  

Sagasti berriak eta sagardoaren inguruko azterketak

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 24 kidek ekoizten dute Euskal Sagardoa Jatorri Deitura. Jatorri Izendapenerako bidean sektoreak egindako ahaleginak eraginda eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, sagasti berriak aldatzen ari dira Gipuzkoan eta aurreikusten da datozen urteetan sagasti berri dezente izatea. Aurten landaketa asko izango dira Gipuzkoan. Honek, mesede egingo dio eta bultzada handia ematen dio Euskal Sagardoa Jatorri Deiturari. Horrez gain, orain dauden sagastietan ere hobekuntza planak egin nahi dira eta guzti honen helburua da  %100 bertako sagarrez egitea bertako sagardo guztia etorkizun hurbil batean. Proiektu horretarako sagastiak jarri nahi dituzten eta lurrak dituzten baserritarren beharra ere bada, lur eremu dezente eta guztion lana beharko baita helburu hori betetzeko. Duintasuna kate osoan bermatu ahal izateko.

    Bertako sagarrarekin lan eginda, kalitate handiko sagardoa lortzen da, eta etengabeko hobekuntza lanean ari da sektorea buru belarri. Sagar motak ondo ezagutzen direlako batetik, eta bertatik bertara ekoiztuta, kontrola askozaz eraginkorragoa delako bestetik. Baina horrez gain, bertako ekonomiari ere eman nahi dio bultzada bat, bertako baserrietan sagastiak jarri eta bertako baserritarrei negozio bide berriak zabalduta.

    Sagarrak bi urtez behin emateko joera du berez, baina nabarmentzekoa da, sagastia ondo lantzen ari diren sagardozale eta sagarzaleak urtero-urtero uzta nahiko orekatuak ari direla lortzen, eta helburua izango da ahalik eta sagastirik gehienak txukun zaindu eta bide horretan sartzea, sagarraren kalitatea ez ezik, kopuruz ere uzta orekatuagoak lortzen joateko. Sagastien zainketan ez ezik, sagastien planifikazioan ere aldaketa handia eman da azken urteetan, sagasti berrietan: aldaketa nabarmenena da, sagar motak nahasian aldatu beharrean sailka aldatzen direla, horrela kontrola eta bilketa sagar mota bakoitza aparte hartuta egin ahal izateko.

Sagarrak biltzeko makina, hirugarren uzta

Kooperazioa eta kolaborazio helburu hartuta, 7 sagardogilek beren 18 lursailetan ibili zuten Sagar Biltzeko makina euren sagar bilketarako. Proiektu pilotu honek arrakasta izan badu ere, lanketa gelditu da gure sagastiak egokitu eta datorren urteari begira proiektu honen hobekuntzak planteatzeko.

    Sagarren inguruan eta sagar mota desberdinek ematen dituzten sagardoen inguruan azterketa dezente ari dira egiten azken urteetan, eta bide horretan jarraituko da 2018ko uztan ere.  

    Sagar bilketarako teknikak ere landuz eta uztartuz ari da sagardogilea, eskuz eta kizkiaz, eskuz kolkora eta makinarekin. Honekin, sagardogile bakoitzak bere bereizgarria bilatu nahi du ekoizpenean.

BIZKAIA

Bizkaian 160.200 litro sagardo eta muztio egin dira 2019 uztan, %100 Bizkaiko sagarrarekin, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak (www.bizkaikosagardoa.com) jakitera eman duenez. Bizkaia sagar ekoizle handia da, eta ekoizten duen sagardoa baino sagar gehiago dago bertan. Urtetik urtera adierazgarria da ere ekoizten duten muztio kopuruaren igoera, aurten 10.000 litro izanik.

Bizkaian uzta bikaina izan da aurtengoa, eta ez da aldaketa handirik izan sagar goiztiarren eta berantiarren artean. Dena den, sagardogile batetik bestera alde handia izan da, batzuk iraila erdialdean hasi baitute bilketa eta beste batzuek urrian. Hori dela eta, uzta luzea izan da lurraldean. Sagarrak orokorrean azukre gutxiago izan badu ere, sagar berantiar horiei esker helduago bildu ahal izan dut fruta. Beraz, aipagarria da, aurten Bizkaiko sagarra helduago bildu dutela, eta honek azukre gehiago izatea ekarri diola. Hori dela eta aurten 6 º inguruko alkohola izango dugu sagardotegietan.

 

ARABA

Arabako sagardozaleek 110.000 litro inguru sagardo eta muztio egin dituzte, sagardoa 95.000 litro sagardo eta 15.000 litro muztio 2019ko uztan eta horretarako %100 Euskal Herriko sagarra erabili dute, Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartetik jakitera eman dutenez. Aurten Trebiñun sagar kopuru gutxi izan da, araba iparraldean berriz, sagar kopuru handia. Trebiñun berandu egindako izotzak bertako sagarrondoak erre eta horrek eragina izan du ondorengo uzta jasotzean.

Sagar oso osasuntsua izan da aurtengoa, kalibre handikoa eta errendimendu altukoa. Abuztuan zehar tarteka euria egin izanak mesede egin die sagarrondoei.  Uzta, orokorrean, bere sasoian etorri da. Irailaren bukaera aldera hasi ziren sagarrak biltzen. Sagardoak lehen irakinaldia pasata dauka eta kupela gehienak itxita daude dagoeneko. Sagarraren kalitatea ikusita eta zeukan azukre kopurua aintzat hartuta, 6,5 º vol. inguruko alkohol graduazioa duen sagardoa espero dugu.

Araba bertako sagarraren alda etenik gabe lanean

Araban sagardoa egiten ez ezik, lan handia ari dira egiten bertako sagar motak berreskuratu, aztertu eta gordetzen, garai batean sagardo asko egiten baitzen Araban eta sagar aberastasun hori oraindik ere txoko askotan mantentzen da. Sagar arbola bakan hauek lokalizatu, sagarrak aztertu eta etorkizunerako mantentzeko lan handia ari da egiten Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartea eta dagoeneko galtzeko zorian zeuden sagardotarako sagar mota ugari bildu eta gorde dituzte.  120 barietate inguru berreskuratu dituzte eta Sagardotarako sagar mota hauekin lan egiten saiatzen dira.

Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartea lanean ari da Araban sagar landareak landatzeko. Instituzioen aurrean azalpenak eman eta proiektua aurkeztu dute baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Ezinbestekoa da bertako sagardogileentzat sagarrondoetan inbertsioak egiteko laguntza izatea.  

 

NAFARROA

Nafarroan 200.000 litro egin dituzte 2019ko uztan, Nafarroako Sagardogileen Elkartetik jakitera eman dutenez. Aurtengo uzta ohikoa eta erraza izan da. Sagarra bere garaian iritsi da eta irakinaldiek ere bere martxa daramate. Aurten Nafarroan % 100 bertako sagarrarekin egin dute sagardoa. Iraila bukaeran hasi dituzte sagar lanak. Sagarra oso osasuntsua izan da, bere garaian hartutako euri uraren ondorioz.

Sagardoak lehen irakinaldia egina dauka kasu gehienetan eta gorputz eta izaera handikoa izango dugu aurten Nafarroako Sagardoa. Interes handia dute Nafarroako sagardogileek Euskal Sagardoa Jatorri Deitura egiteko. Urte batzuren buruan ere espero da Jatorri Deitura bertan egitea.

 

IPARRALDEA: Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa

Iparraldean 450.000 litro sagarno eta muztio egin dira 2019ko uztan, aurten ere hirutik bi sagarnoa eta hirutatik bat muztioa edo jusa. Horietatik 220.000 Eztigarrek eginak dira. 220 tona sagar bildu dituzte aurtengoan guztira Eztigarrek. Eztigar kooperatiba da Sagar Ekoizlerik handiena (http://www.cidre-eztigar.com/eu/), eta jakitera eman duenez, lehen sagarrak oso onak izan dira eta azkenak biltzea gehiago kostatu zaie. Dena den, oso sagar gutxi usteldu da aurtengo uztan eta gehiena egoki biltzea lortu dute. 

Udaberria pixka bat bustia izan bada ere, udan euria egin du eta horri esker emeki egin dira sagarrak, ez kolpetik. Pixkanaka osatu dira. Aurten apur bat beranduago hasi dira biltzen eta ondorioz euriak harrapatu ditu azaroan.

%100 bertako sagarrez egin dute sagarnoa, beren helburua hori izanik. 5.000-10.000 litro egiten dituzten ekoizle txikiak ari dira ugaritzen. Kooperatibatik kanpo egiten dute hau baina zinez interesgarria da, jusa eginez. Hau Eztigarrentzat zinez interesgarria da sagarraren bizitza lantzen duelako eta merkaturatzeko modu berriak erakusten dizkiolako laborariari.

Sagarno naturala, berriz, lehen irakinaldia eginda zapore eta gorputz handikoa izango da, iazko urtearekin alderatuta. Bertako sagarrez egindako sagarno ederrak espero dira hiru lurraldeetan aurtengo uztan ere.

SAGARDOA ROUTE, sagardo sektorearen Agentzia estrategikoa eta turistikoa

Badira urte batzuk sagardo sektoreak, produktuan berrikuntzak egiteaz gain, sagardoaren kultura sustatu eta sektore turistikoan lanean ari dela. Euskal Herriko Sagardogileen Elkarteek helburu dute, sagardotegia, txotx esperientzia eta baserria ezagutzera ematea eta horrela gure produktua, gure jatorria, gure ohiturak, historia eta euskal kultura, balorean jartzea. Betiere, ekoizle moduan duten etorkizuna etxetik landu ahal izateko. Garranzitsua da sagardo botilak sektorean eta jendartean duen lanketa. Izan ere, sagardoa izan da mendeetan zehar Euskal Herriko produktu bakarra eta dolare-baserriak, miliaka litro egiteko sortutako enpresa txikiak ziren, euskaldunen kontsumorako eta baita euskal arrantzaleek baleontzietan kanpora eramateko ere.

Sagardoa Route, Euskal jatorrira itzulia

Sagardoa Route, Sagardotegien etorkizuna lantzen duen Agentzia da. Berak biltzen du Sagardoaren inguruko esperientzia eta eskaintza multzoa, eta bere barne ditu Euskal Herriko 7 lurraldeetako 62 sagardotegi. Kanpoko zein bertako bezeroa lantzeko estrategia du bere baitan Sagardoa Routek, sektorearen beharrei erantzunez. Sagardoa Route da Sagardoa ardatz hartuz, euskal jatorrira itzulia eskaintzen duen proiektua.

www.sagardoa.eus, menuen erreserba automatikoa 41 sagardotegirentzat eta sagardo munduko esperientzia guztien salmenta automatikoa

Sagardogintza mundua ere egokitu da egungo erreserba sistema berrietara: erreserba zentral automatikoak bezeroari erraztasuna emango dio eta Sagardogileari kudeaketa eredu berri bat.   

Lau pausu sinpletan bezeroak erreserba egin dezake. Eguna eta ordua aukeratu, bertaratuko den lagun kopurua zehaztu, behar berezirik baden aipatu eta klik! Aurrerapena soilik ordainduta bere lekua gordeko zaio. Horretaz gain, orrialde bakoitzean sagardotegiaren inguruko informazio osoa eta eguneratua izango duzu, eskaintzen dituen menu, otordu, produktu eta egutegiarekin. Hala, Sagardogintza sektoreak aurrerapauso handia eman du erreserba motor automatiko honekin, erreserba bide berriak garatuz eta pixkanaka egungo eskariari erantzuna emanez.

Sagardoa Routek bere eskaintza turistikoa bi arlotan du banatuta, esperientzia ziurtatuetan eta pribatuetan. Banaketa sinplea da. Ziurtatuek ordu eta prezio zehatz bat dute, eta pribatuak nahieran molda litezke. Horiek dena aurki ditzakegu www.sagardoa.eus webgunean. Hau da 2020ra begira Sagardoa Routek eskainiko duen zerbitzu ziurtatuen aurkezpena.

Hiru dira 2020an eskainiko ditugun zerbitzu ziurtatuak:

SAGARDOTEGIAN BISITA ETA MENUA GARRAIOAREKIN

Helduak - 79€ 
Umeak (4-17 urte) - 39€ 
Haurrak (<4 urte) - 9€

Bizi sagardotegiko esperientzia, dastatu euskal sagardo naturala eta egin bidaia gure euskal jatorrira!

BARNE:

·  Bisita gidatua Sagardotegian

·  Sagardo dastatzea

·  Sagardotegi menu tradizionala

·  Garraioa barne

·  Gida laguntzailea

IRAUPENA:

·  4 ordu

Bizi sagardotegiko esperientzia, dastatu euskal sagardo naturala eta egin bidaia gure euskal jatorrira!

Sagardotegiaz gozatu nahi duzu baina ez dakizu nola iritsi bertara? Ibilbide honetan konponbidea bilatu dugu zuretzat. Donostian jasoko zaitugu gure gidaren eskutik goza dezazun gure lurrari, kulturari eta gastronomiari lotuta dagoen edari kuttunaren sekretuez.

Sagastiak, baserri tolareak, elaborazio gunea eta upategiak ezagutuko dituzu. Eta noski, gure edari kuttuna aurkeztuko dizugu, guk geuk edaten dugun moduan: botilan eta txotxetik. Esperientzia aparta bizi ondoren Donostiara itzuliko gara, gure lurraz gozatzen segi dezazun.

¡Txoootx! Deiadarra, gure sagardotegietako gonbidapena da. Edalontzia eskuetan duzula gertura zaitez upategira eta etxekoek gidatuta bertako sagardo naturalak dastatuko dituzu, sagardotegiko menu tradizionalaz gozatzen duzun bitartean. Hala, Txotx erritu honen bidez esperientzia osoa bizitzeko aukera izango duzu gure sagardotegietan, familia giroan etxeko produktu kuttunaz eta otordu paregabeaz gozatuz.

SAGARDOTEGIA, TXAKOLINDEGIA ETA FLYSCHA EUSKAL KOSTALDEAN

Helduak - 119€ 
Umeak (5-17 urte) - 59€ 
Haurrak (<4 urte) - 9€

Euskal kostaldea eta mendigunea, paisaia zoragarriez gozatuko duzu bertako bi produktu dastatuz: sagardoa eta txakolina.

BARNE:

·  Bisita Zumaiako Flysch-era

·  Bisita eta dastatzea Txakolindegian

·  Bisita eta dastatzea Sagardotegian

·  Sagardotegi menu tradizionala

·  Garraio zerbitzua

·  Gida laguntzaile zerbitzua

IRAUPENA:

·  6 ordu

Kantauri itsasoaren eta gure lurraldeko mendien artean kokatuta dago Euskal kostaldeko Geoparkea. Paisaia honen berezitasun geologikoak ez du parekorik inguruan. Hondartzak, itsaslabarrak, mendiak eta itsasoak bat egiten dute gure begien aurrean, "Game of thrones" sail ezaguna grabatu zen lekuan.

Donostiatik Zumaia aldera abiatuko gara, euskal kostaldeak duen fenomeno natural ederrenetakoa bisitatzera: flyscha. Bisita honetan hain ezaguna dugun Euskal Kostaldeko Geoparkearen panoramika berria ezagutzeko aukera izango dugu. Kantauri itsasoak dakarren haize leuna txakolina, sagar eta sagardoaren zapore ederrekin uztartuko da, bertako produktuekin osatutako pintxoak, txakolina eta sagardoa dastatzen ditugun bitartean.

Ibilbideari jarraituz Txakolindegi bat ezagutuko dugu bertako ardo txuria eta zenbait pintxo dastatuz. Gure paisaian barrena bidaia jarraituko dugu Sagardotegira heldu arte. Bertako familia ezagutuko dugu eta baita hainbeste atsegin dugun sagardoa eskuratzeko eman beharreko pausu guztiak ere. Lehenik eta behin euskal sagardoa botilan dastatuko dugu eta ondoren Sagardotegiko menu tradizionalaz gozatzeko eseriko gara. Bukatzeko, Donostiara itzuliko gara gure lurraldeaz gozatzen segi dezazun.

SAGARDOTEGIA, GAZTANDEGIA ETA EUSKAL BASERRIA MENDIALDEAN

Helduak - 119€ 
Umeak (5-17 urte) - 59€ 
Haurrak (<4 urte) - 9€

Gaztandegiko artzainak etxeko atea irekiko dizu gaztaren elaborazio sekretuak, produktuaren xehetasunak eta bere historia ezagutu ahal izateko.

BARNE:

·  XVI. mendeko Igartubeiti baserri museora bisita

·  Bisita eta dastatzea Idiazabal JD Gaztandegian

·  Bisita eta dastatzea Sagardotegian

·  Sagardotegi menu tradizionala

·  Garraioa zerbitzua

·  Gida laguntzaile zerbitzua

IRAUPENA:

·  6 ordu

Nekazaritzarekin batera, artzaintza izan da euskal lurraldeetako ofizio garrantzitsuena. Bertako gazta fabrikek, gure baserriek, beren ateak irekitzen dizkiete bisitariei Idiazabal gaztaren elaborazio prozesua ezagutzeko. Ardiek lasai diraute landa guneetan, gure mendien mangalean. Haien zaintza da gure artzainen eguneroko jarduna, eta beraien esnearekin egiten dute Idiazabal gazta ezaguna.

Bisita honekin lehenik eta behin euskal baserriaren jatorria ezagutzeko aukera izango duzu XVI. mendeko Igartubeiti baserri dolarea bisitatuz. Ondoren, euskal artzainen ofizioa ezagutzeko aukera izango duzu eta baita haien lanaren fruitua dastatzekoa ere, Idiazabal gazta bikaina. Ardiek bazkatzen duten landa eremua eta gure lurraldea bisitatuko dituzu, jaiste sistemak, esne edukiontziak, moldeak, prentsa eta hozte sistemak, besteak beste.

Gure paisaian barrena bidaia jarraituko dugu Sagardotegira heldu arte. Bertako familia ezagutuko dugu eta baita hainbeste atsegin dugun sagardoa eskuratzeko eman beharreko pausu guztiak ere. Lehenik eta behin euskal sagardoa botilan dastatuko dugu eta ondoren Sagardotegiko menu tradizionalaz gozatzeko eseriko gara. Bukatzeko, Donostiara itzuliko gara gure lurraldeaz gozatzen segi dezazun.

Hiru berrikuntza nagusi: MICE atala, nahieran moldatzeko 21 esperientzia pribatu eta bidaiak

21 esperientzia diseinatu ditu Sagardoa Routek, dagoen eskaerari behar bezala erantzun ahal izateko, horien artean ditugu TOP esperientziak, kulturalak, gastronomikoak, kiroletakoak, familian egitekoak eta bidaiak (hiru, bost edo zortzi egunetakoak). Bigarren sasoia izango du Agentziak eta proposamen honekin landu ahal izango ditu bezero mota ezberdinak. Esperientzia hauen denen oinarrian izango dugu beti bertakotasuna, familia eta gertutasuna.

Enpresen atalari dagokionean, geroz eta eskaera handiagoa jasotzen du Sagardoa Routek, kongresu, team building, erretiro… edota antzekoak Sagardotegietan antolatzeko. Hori dela eta sortu du atal hau, hiru ardatz nagusirekin: instalazioen alokairua, ekintza zehatzak edo neurrira osa litezkeenak enpresaren beharrak asetzeko eta azkenik catering zerbitzua, km0 produktuekin (otordu osoak zein hamaiketako/brunch). Eskaintza honekin eskaera osoa aurkezten du Sagardoa Routek datorren urterako, oporretako turismoa eta negoziotako turismoaren eskaera sagardotegi munduan handitu den honetan. 

 

 

                  

Comentarios

Deje su comentario