Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

Sagar Uzta 2020

07/10/2020

Kopuruz sagar uzta txikiagoa eta izaera handikoa izango da aurtengoa.

Sagar Uzta 2020

 

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hainbat sagatietan, eta datozen egun eta asteetan bildu beharko da uzta guztia. Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garaia, baina egunotan sagarra biltzen hasiak dira Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastirik gehienetan.

 

Azken urtekoarekin alderatuta uzta txikiagoa izango da aurtengoa, eta hala ikusi liteke sagastirik gehienetan. Iazko uztan 5 milioi kilotik gora sagar bildu zen Jatorri Deiturako sagastietan eta aurten %50 baina gutxiago biltzea aurreikusten du Jatorri Deiturak. Bi faktore nagusi dira hori eragin dutenak:

 

  • Ez urtea egokitzea: normalean sagarrak bi urtez behin izaten du uzta oparoa, eta teknikoki hori gainditzen ari bada ere, oraindik ez urtea denean asko nabaritzen da. Sektorea profesionalizatu eta teknika berriak garatu eta probatzea da Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren erroka uzta ekilibratuagoak lortzeko. 
  • Neguan hotz gutxi egin izana: Sagarrak neguan deskantsua behar du eta horretarako ezinbestekoa du hotz ordu batzuk pilatzea. Joan zen negu hau ez da hotza izan eta tenperaturak gora behera handiak izan ditu gainera. Horrek loraldian eragin du sagarrondoetan eta ez dute fruta asko hartu arbolek.

 

Hala ere, badu bere alderdia uzta txikiagoa izateak, izaera handikoa datorrela. Polifenol edo taninoetan ondo hornitutako uzta izango da 2020ko hau sagasti gehienetan eta horrek sagardoan ere eragingo du, horren berri aurrerago emango badugu ere.

 

BERTAKO SAGARRAREN EKOIZPENA HANDITZEA HELBURU

 

Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun eta 475 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 100 hektarea dira datozen urteetan produkzioan sartuko direnak. Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, sagasti berriak jartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai sektorea eta Foru Aldundien eskutik eta sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea ere helburua da, kalitatezko uzta ekilibratuak lortzeko bidean. Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardo proiektuak bultzata eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagar sektoreak egiten duen bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia.

 

LAU PROIEKTU ESTRATEGIKO

 

Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu daude martxan Jatorri Deiturako sagar sektorean:

 

1) Polinizazioa: bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen jarraitzea. Horrek sagasti bateko barietate nahasketa nolakoa izatea komeni den esango digu, polinizazio egokia izatea.

 

2) Bakanketa: asko den urteetan sagarra bakantzea komeni da, uzta ekilibratuagoak egiteko eta hemengo orografía eta sagar motetara egokitutako bakanketa sistemak probatzen ari da sektorea.

 

3) Aukeraketa: Bertako baserrietan beti egin den lana izan da, sagar mota bat txertatu nahi bada, mentuak sagarrik egoki eta emaleenari hartzea, barietatea hobetzen joateko. Lanketa hori modu antolatu eta jarraian egiten jarraitu nahi da, mintegietarako sagarrik onenetako mentu oinak eman ahal izateko.

 

4) Lurra: Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak ekilibratzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko.

 

Mota desberdinak

 

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 115 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta garratzak (gaziak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:

 

GARRATZAK (GAZIAK):

ERREZILA

GOIKOETXE

TXALAKA

URTEBI HAUNDI

FRANTZES SAGARRA

BOSTKANTOI

HARITZA

AZPEITI SAGARRA

MANTTONI

IBARRA

 

GEZAK:

GEZAMIÑA

URDIN

MOZOLOA

PATZULOA

MIKATZA

UDARE MARROI

TXORI SAGARRA

 

GAZI-GEZAK:

MOKO

LIMOI

MERABI

MOKOTE

URTEBETE

URTEBI TXIKI

SALTXIPI

Comentarios

Deje su comentario