Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

SagarArte

03/06/2019

SagarArte galeria Astarbe Sagardotegiak bultzaturiko proiektu artistiko-kulturala dugu eta sagarra eta sagardoaren kulturaren artean espezializatua dagoen galeria bakarra da. Sagardotegiko jantokian kokaturik, artea, gastronomia eta sagardogintza lotzen ditu garai bateko euskal sagardotegien zenbait usadio berreskuratuz.

SagarArte

1       Sarrera

XIX. mendean zehar, sagardotegiak inguruko kultura adierazpide ezberdinen atari ziren. Bertsolaritza, toka jokoak zein gaur egunera iritxi diren eta gureak egiten ditugun kirolak, etxe hauetan aurkitzen zuten babes.

Sagardotegien izaera hau berreskuratzeko asmoz sortzen da SagarArte. Galeriaren helburu nagusiak inguruko artista gazteei sostengua ematea, adierazpide artistiko-kultural gutxituen atari izatea eta euskal elementuak egungo arte adierazpideetan inspirazio iturri erabiltzearen erabilera sustatzea dira besteak beste.

2       Astarbe Sagardotegia

 

Astarbe Sagardotegia Astigarragako Mendiola baserrian kokatzen den sagardotegi aitzindaria dugu. 1563.urteko Maiatzaren 20-ko testamentu batetik abiatutako ikerketa historikoak kasu berezi bilakatu zuen Mendiola baserria. XVI. mendetik gaur egunera arte, familia berak kudeatu du baserria. Honela dio Lourdes Odriozola historialariaren ikerketak, Mendiolakoa, oso kasu berezi eginez. 

Ondorengotza marra zuzen honen erantzule nagusiak baserriko emakumeak izan dira. Honela, baserria eta sagardotegiaren jaraunsle zazpi kasutan izan ziren. Baserriaren kudeatzaile nagusi izan ziren baina, garaiko usadioak zirela eta, hauen ondorengoek senarraren abizena hartzen zuten. Hori dela eta, baserriari loturiko abizenak aldaketak bizi izan ditu 7 kasutan. Azken aldaketa 1823. urtean gertatu zen eta abizena, Astarbe izatera pasa zen.  

XXI. mendearekin batera, sagardotegiko kudeaketa 15. belaunaldiaren esku gelditzen hasten da. Esku aldaketa honekin batera, zenbait gertakari garrantzitsu gertatzen dira sagardotegian. Besteak beste:

       Lourdes Odriozola historialariaren ikerketa: honen ondorioak irakurriz, baserriak duen garrantzia antzeman eta hau lantzeko pausuak ematen hasi dira 15. belaunaldiko kideak. 

       450. urteurren festa: 2013. urtean ematen da, sagardo produktu berriak plazaratzen dira eta irudi berria lantzen du Astarbek. Gertaera honek, berrikuntzak, komunikazioak eta marketing-ak garrantzizko alorrak izatea ekarri du.

       Euskal Balezaleen arrastoen atzetik Ternua eta Labradorren”espedizioaren babesle 2017. urtean. Historiarekin loturik, dokumentuetan baserriko kide bat (Tomás de Tafalla de Mendiola) marinel izan zela irakurri ostean Ternuako lehen bidai kultural-turistikoaren parte izan da Astarbe. Ternua eta Labradorreko jendearekin harremanetan egoteak, ate berriak zabaldu ditu baserriko kudeaketan, balore kulturalei protagonismoa itzuliz. 

       2018-2022 Plan Estrategikoa. Sagardotegiak dituen baloreak lantzeko eta komunikatzeko plan bat diseinatzen da 2017. urteko Abenduan.

Gertaera hauek izaera berezi bat eman diote sagardotegiari eta Astarbe familiari. Baserriko belaunaldi ezberdinetan, makina bat istorio aurkitzen ditugu gure herri eta nortasunarekin oso lotuak daudenak. Gainera, inguruak jasan dituen eraldaketaren aurpegiak izaten dira sarritan, sektoreak izan dituen gora-behera guztien erakusleihoetako bat bihurtuz Mendiola.

2017. urtean lantzen den Plan Estrategikoak Astarbe berezi egiten duten elementuak hartu eta hauek ondo lantzeko pausoak ezartzen ditu. Plan honen bidez, gaur egungo zein ondorengo belaunaldiek bide egokia zehaztua izatea bilatzen da.

Hurrenez hurren, hauek dira Astarbe Sagardotegiaren oinarri nagusiak:

       Historia: ikerketa historikoan jarraitu, ezagutza handitu eta hau gizarteari komunikatu.

       Sagardoa: Familiako bi barietateak landu. Astarbe eta Mendiola. Garai bateko Makatz landaketa sistema berreskuratu eta bide bakar bilakatu.

       Gastronomia: sagardotegiaren kontzeptu berria lantzeko lehen pausoak. Gastronomiaren ataripean, gizarteratzeko zailtasun handiagoak dituzten proiektuak landu.

       Kultura: garai bateko sagardotegiek zuten protagonismo kulturala berreskuratzea. SagarArte. 

3       SagarArteProiektua

 

SagarArteproiektuasagardoaren munduan antzematen zen hutsune bat betetzeko jaio zen. Aurrera eraman ditugun beste hainbat proiektuen gertatzen den bezala, honako honetan ere Mendiola Baserriko dokumentuetan aurkitzen dugu proiektu honen jatorria. 

Gutxienez XIX. mendetik aurrera, sagardotegiak inguruko kultura adierazpide ezberdinen atari ziren. Upel artean, bertsolariek euren koplak abesten zituzten, txistulari zein trikitilariek giroa alaitzen zuten eta toka zein beste makina bat jokoetara jolasten ziren. Kontestu ezegonkorretan ere, gure herriaren identitatearen ezaugarrien babesleku izan ziren, zenbait lexiko, esaera zein usadio gaur egunera arte mantenduz. 

XXI. mendean jada, gizartearen eraldaketa, kontsumo ohitura berriak zein munduaren konektagarritasuna dela eta, bi elementu hauen arteko erlazioa urrundu egin dela uste dugu. Globalizazioan aurkitzen ditugun kultura adierazpide ezberdinak, orokorrean, ez ditugu sagardotegietan ikusten, eta sagardo mundua, oso urrun aurkitzen ikusten dugu kultura adierazpide hauek pentsatu, ekoiztu eta kontsumitzen diren espazioetatik. 

Hau ikusirik, 2017. urtean, sagardotegian proiektu berri batean murgildu ginen. Helburua, gaur egun sagardotegien errealitatetik urrun aurkitzen diren kultura adierazpide ezberdinak, gure mundura erakartzea. Hau da, bi errealitate hauen harremanak berriro sustatuko dituen zubiak eraikitzea. 

3.1      Helburuak

 

SagarArte galeria, esan bezala, kultura adierazpide ezberdinen eta sagardo munduaren arteko zubi lanak egiteko instrumentua dugu. Hau lortzeko, besteak beste, ondorengo helburuak lantzen ditu proiektuak: 

       Kultura sortzaile gazteei sustengua eman euren ibilbide profesionaletan.

       Kultura sortzaile gazteak ezagutzera eman.

       Euskal kulturaren elementuak inspirazio iturri erabiltzearen erabilera bultzatu.

       Adierazpide kultural gutxituen aterpe izan.

       Kultura eta artea belaunaldi berriei erakargarri egin. 

       Adierazpide gutxituen dinamizatzaile bilakatu.

       Sinergiak sortu.

       Kultura sortzaile gazteen ekoizpenak hartzera prest dauden espazioen sarea sortu.

       Gastronomia kultura adierazpideen motore bultzatzaile bezala. 

3.2      Izaera

 

Galeriak duen izaera berezia izanik, honek duen lan metodologia ere, bestelako dela ikusiko dugu. Aurtengo urtera arte, jarduera ekonomikoan izandako irabazien zati bat arte ekoizpen eta honen promoziora bideratzen da “mezenasgo” bat eskainiz artistei. Artista hauen hautaketa, kultura adierazpideen lanketa zein landu beharreko gaia Astarbeko lan taldeak aukeratzen, ondorengo irizpideak jarraituz:

       Kultura adierazpide berria sagardo mundua eta galeriarentzat.

       Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa zein Iparraldean bizi den artista izatea.

       Susperraldian dagoen kultura sortzailea izatea.

       Ekoizpen artistikoan edo artearen munduaz bizitzeko proiektua izatea.

Kultura sortzaileen lehen zerrenda bat egin ostean, urte horretan lantzea pentsatuta dugun proposamena helarazten diegu. Kultura sortzaileek, proposamen hau landu eta aurkeztu ostean, sagardotegiko lantaldeak egokiena aukeratu eta artistari helarazten dio. Kultura sortzaileek lana ekoiztu bitartean, sagardotegiko lan taldearen laguntza izaten du behar izanez gero, ondoren, sagardotegiko urteurren festarekin batera, lan berria aurkeztu eta esposizioa irekitzen da. 

 

Urteurren festa honetan, ekoitzitako lanak era dinamiko eta berri batean aurkeztendira. Zentzu honetan, arte plastikoak era ezberdin batean plazaratzen dira gaur egungo gizartearentzat erakargarri eginez. Artea zuzenean ekoiztuz (Performance); musikarekin lagunduz zein gastronomiarekin ezkonduz, esposizio irekiera honek izaera berezia ematen die ekoiztutako lanei. 

Dinamizazio lan hauetan ere, sagardotegian eskaintzen ditugun bisita gidatuak egongo lirateke. Sagardoa, gastronomia eta artea uztartzen dituen proposamen turistiko-kultural bakarra izanik, arte ekoizpen guztien deskribapenak eta artisten biografiak Euskaraz, Gazteleraz, Ingelesez zein Frantsesez aurki ditzake erabiltzaileak. Bisita hauez gain, urtean zehar sagardotegia bisitatzen duten pertsonek, artelanak eta hauen artistak ikusten dituzte, erakusleiho ezin hobe bilakatuz. 

Proiektu honek dituen helburuak betetzeko, SagarArteproiektuak pausu berri bat eman du izaera ibiltaria duen esposizioa sortuz. Sagarraren eta sagardoaren kultura, arte garaikidea, artista gazteak zein hauen ekoizpenak ezagutarazteko helburuarekin, 2018-2019 ikasturtean zenbait esposizio ibiltari antolatu ditugu herri eta inguru ezberdinetan.  Artea Dastatuz dinamikaren barruan sartzen diren erakusketa ibiltari hauetan beraz gastronomia, kultura eta sagardogintza uztartzen dira. Kultura sorkuntza bakoitzari proposamen gastronomiko bat zein sagardo bat lotuz esperientzia biribildu eta erabiltzaileei kultura kontsumitzeko beste eredu bat eskaintzen diegu.

Esposizio ibiltari hauek hartuko dituzten espazioak bestetik, SagarArte sarearen parte izango dira. Sare honek, artista gazteak paretak bete behar dituzten lokalekin jarriko ditu harremanetan esposizioak antolatuz. Esposizio hauen antolaketa bestetik, dinamiko eta berritzailea izango da, erabiltzaile guztientzako erakargarria eginez.

Pauso berri honen plangintzaren arabera, ikasturtean 4 esposizio ezberdin antolatuko dira hiruhileko bakoitzean. Lekuak hautatzeko garaian, hiruhileko bakoitzean eremu ezberdinak jorratzea da helburu. 

       1. Hiruhilekoa (Iraila bukaera-Abendua): alor ezberdin jorratzen dituzten negozio txikiak, arropa-kultura… 

       2. Hiruhilekoa (Urtarrila-Martxoa bukaera): kultura zuzenean lantzen duten instituzioak: museo, interpretazio zentro, liburutegi, unibertsitate zein galeriak.

       3. Hiruhilekoa (Apirila-Maiatzak 20): kulturan kezka antzekoak dituzten  ostalaritza negozioak.

       4. Hiruhilekoa (Maiatzak 20-Iraila): Esposizio berriaren irekiera sagardotegian. 

Gastronomiak berebiziko garrantzia izanik, sorturiko esposizio irekiera ezberdinak proposamen gastronomiko ezberdin batekin batera doaz. Dinamizazio hauetan oinarriturik, pausu berri bat ematen dugu bai gastronomia bai eta kultura ekoizpen erakundeen artean sinergiak sortuz.

Zentzu honetan, gastronomia zein kultura ekoizle erreferenteen ikasleen artean sinergiak sortzea dugu beste helburuetako bat. Hau lortzeko eragile ezberdinekin bilerak izaten ari gara eta etorkizun batean, gradu amaierako lanaren formatuan, egonaldiak antolatuz zein elkarrekin harremanetan jarriz, kultura ekoizleak eta gastronomia sortzaileak harremanetan jarri nahi dira.

SagarArte-k beraz, inguruan ditugun kultura sortzaile gazteei sostengua ematea eta kultura garaikidea zein sagardotegien arteko zubi lanak bultzatzea du helburu. Artea kulturarekin zerikusia duen edozein ekoizpen bezala ulertzen du eta sorkuntzan parte hartzeaz gain, honen dinamizazioan eta zabaltzean indarrak biltzen dituen proiektua dugu.

4       Kontaktua     

 

Proiektuak sortzen dituen galderak zein argibideei ondo erantzuteko ondorengo kontaktuak jartzen ditugu zure eskura. Emailez edo telefonoz sortzen diren zalantza guztiak argitzeko prest gauden harren, galeria bisitatzeko gonbidapena luzatzen dizugu.

·         Kontaktua: Gorka Arizkorreta Arano.

·         Ardura: Proiektuaren Koordinatzailea.

·         Email: sagararte@astarbe.eus

·         Mugikorra:  +34 693 619 440

·         Sagardotegiko telefonoa : 943 55 15 27

Comentarios

Deje su comentario