Sagardoa iritsi da Donostiara
V. Sagardo Apurua inauguratu da gaur Donostiako Boulevardean Sagardoa Route, Gipuzkoako sagardogileen eskutik, hainbat ordezkari eta eragileen elkarlanarekin batera
V. Sagardo Apurua inauguratu da gaur, eguerdiko 12.00etan Donostiako Boulevardean eraiki den baserrian Sagardogileen, herritarren eta hainbat ordezkarirekin batera. Bertan hartu dute parte Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek, Apuruko ekitaldian elkarlana egiten duten beste zenbait eragilerekin eta Gipuzkoako Sagardotegien Ordezkaritzarekin batera.
Aurtengo sagardo berria, 2018ko uztan egindakoa, Astigarragatik jaitsi da Donostiara Urumea ibaian zehar. Horretarako, "ala" bat erabili da, garai batean sagardoa eta material ezberdinak garraiatzeko erabiltzen zen ontzi bat. Ekintza hau, Urumea, sagardoaren ibaia izenarekin ezaguna dugu. Lizeaga, Petritegi eta Albaola Itsas Faktoriak bere garaian sortutakoa. Behin sagardoak Donostiara iritsita, Albaolako lagun taldearekin deskarga egin, kupelak gurdira igo dira, idi pare batek triki eta panderoaren kalejira doinuekin Boulevardeko baserrira garraiatzeko. Bidea kalejirak lagunduta egin dute sagar muztio berria jendeari dastatzera emanez.
Garai bateko sagardotegi bat egin da Boulevardean, orduko Donostiako sagardotegi eta baserrien itxura eta giroa biltzen dituena. Donostia sagardoaren hiriburua izan da mende askotan zehar: Donostiako Alde Zaharrean 100 sagardotegitik gora omen ziren aspaldian. Garai haietan, kupelak lehenengoz ireki eta dastatzeari deitzen zitzaion Apurua, irekiera ofizialaren aurretik egiten zen dastatzeari. Hori jakinda, orain ere uzta berriko sagardoak aurkezteko aprobetxatuko du Sagardo Apurua, Sagardoa Route-Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak.
Festaren helburua da, sagardoaren kultura jendeari zabaltzea, garai bateko ohiturak eta gaur egungo joerak azaltzea, 2018ko uzta berria aurkeztea eta eragile ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea Donostian. V. Sagardo Apuruaren asmoa ere da, lehena eta oraina elkartzea, sagardoaren kultura eta historia ezagutzera emanda. Horrela, sagar eta sagardoaren kulturarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi izango ditugu, Boulevarden egongo den dolare-baserrian.
Bost eguneko ekitaldia antolatu du GIPUZKOAKO SAGARDOGILEEN ELKARTEAK Boulevarden eraiki duen BASERRI - SAGARDOTEGI zaharrean, abenduaren 6, 7, 8 eta 9an. Sagardo desberdinak dastatu, inguruko tabernetako pintxoak dastatu, bertso, trikitixa edo musikaz gozatu, sagardo dastatze maridatuetan parte hartu, herri kiroletan parte hartu, bolan jolastu, Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta Gastromuseums sareak eskainiko dituzten tailerrak eta abar luze bat egiteko aukera izango du inguratzen denak. Atxikita duzue egitaraua. Aipatzekoak:
Abenduaren 8a, uzta berriaren aurkezpena zazpi lurraldeen izenean
Ekintza ezberdinen artea azpimarratzekoa da abenduaren 8an goizeko 10:30ean egingo den Euskal Herriko lurralde ezberdinen artean egingo den UZTA BERRIAREN AURKEZPENA. Bizkaia, Araba, Nafarroa, Iparraldea eta Gipuzkoako Sagardo Berria nola datorren aurkeztuko da eta baita SAGARDOA ROUTE, proiektuaren azken berrikuntzak ere: erreserba motor automatikoa sagardotegientzat www.sagardoa.eus webgunearen bitartez.
Eta ondoren, 14:30ean 7 LURRALDEETAKO PRODUKTUEKIN (sagardoa, deribatuak eta jakiak) BAZKARI-MARIDAJEA egingo da, produktore bakoitzak bere produktuaren berezitasunak azalduz. Bazkari hau publikoarentzat irekia da eta txartelak dagoeneko salgai daude Donostia Turismoren bulegoan edo (www.sansebastianturismo.com/eu/) eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943336811 – info@sagardoa.eus)..
Sagardoa eta deribatuak, gure edari
Baserri tolarearen bereizgarri izango da Sagardoaren dastatzea. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko produktu guztiak izango dira jendearen gozagarri: Sagardo Naturala, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Sagardo Apardunak, Sagar Zukuak, Kriantzak eta Sagardo Ekologikoak, besteak beste. 70 inguru sagardo ezberdin dastatzeko aukera izango da.
Bertako jakiak gure sukaldean
Gure produktuen dastatze aktiboa Baserri Tolareko sukaldean, bertako produktuetan oinarrituta: xolomoburua, gazta, txistorra eta zurrukutuna, besteak beste. Honekin batera, bertako produktuen azoka izango da egunero baserriaren kanpoaldean.
Zubiaren mugimendurako prest: informazio puntua eta museoa
Abenduko zubia jende mugimendu handia duen oporraldia da gure lurraldean. Ondorioz, bertaratu daitezkeen turistak edota hiriburura egun-pasa datozen bisitariak behar bezala hartzeko hobekuntzak bideratu ditugu aurtengo edizioan. Donostiak hiriburu gisara produktuekin (sagardoa kasu) historikoki izan duen harremana azaldu eta sektoreak eskaintzen dituen plan, pakete, otordu eta beste hainbaten erakusleiho izango da batetik Apuruan bertan egongo den informazio puntua, eta bestetik, Apuruan Kultura eta Historia azalduz jarriko dugun museo-erakusketa. Informazio puntu honetan,sagardo munduaren informazioaz gain, gure lurraldeko informazioa ere egongo da, Gipuzkoa (Explore San Sebastian Region) eta Euskal Herriko (Visit Euskadi-Basque Country) baliabide turistiko ezberdinak eskainiz; baita Gastromuseumsen eskaintza ere.
Bertatik igaroko dira Donosti Turismoren bulegoak egun horietan Alde Zaharrean egingo dituen bisitak, eta zenbait eragile turistiko zein kulturalek gune berezi bat izango dute aurtengoan: Albaola Itsas Faktoriak urteroko ohitura mantenduz Euskal itsasgitzaren inguruko erakusketa berezi bat eskainiko du, arotzek egurrezko tornu batekin San Juan baleontziaren txirrikak landuko dituzte. Zeraingo Museo Etnografikoak eta Beasaingo Igartza Jauregiak Burdinaren inguruko erakusketa bat eta Euskal Museo Enogastronomikoen Sareak "Gastromuseums" izenpean ere bertan lekua izango du euren tailerrak egin eta ekitaldia aberasteko.
– 11:30 – 12:10 Igartubeiti baserri museoa (Ezkio): Euskal Herriko ipar isurialdean artoak izandako garrantzia eta emandako erabilera ezberdinak ardatz hartuta, oraingoan artalasto eta artabixarrez eginiko eguzkiloreak osatuko ditugu.
– 12:20 – 13:00 Gatz Museoa (Leintz Gatzaga): DORLA (gatz dolarea) baten iturburuko gatzura ipiniko dugu eta azpitik suaz berotuko dugu. Bertaratzen den orok ikusi ahal izango du mineraletan aberatsa den gatz preziatua nola kristalizatzen den eta nola jasotzen dugun.
– 13:00 – 13:30 Sagardoetxea (Astigarraga): “Emakume ekintzaileak sagardomunduan” erakusketaren Bisita gidatua Lourdes Odriozolaren eskutik.
– 13:30 – 14:10 Gaztaren Interpretazio Zentroa (Idiazabal): Idiazabal Gazta dastaketa familian: Paregabeko produktu honen ezaugarriak ezagutzeko aukera izango duzu. Mota desberdinak dastatu eta lehiaketa bateko epaimahaiaren papera hartuko duzu.
Herri kirolei dagokienean, desafio interesgarria agindu digute Ostolaza aita-alabek eta Irati Astondoa zein Aitzol Atutxa aizkolariek. Igandean izango da hau 12:00etatik aurrera.
Baserria bera garai bateko Sagardotegi moduan apainduko dugu, baina zati modernoa ere izango du, egungo kontsumoa eta ohiturak bertan agertuz.
Comentarios
Deje su comentario