Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

Sagardoa Route eta 2017 Uztako Sagardoa

09/04/2018

Guztira 13,2 milioi litro sagardo egin dira Euskal Herrian 2017ko uztan eta horretarako % 85 inguru izan da bertako sagarra eta % 15 inguru ekarri da kanpotik. Aspaldian izan den sagar urte oparoena izan da aurtengoa.

Apurua kontzeptuari ohore eginez, Donostiako Sagardo Apuruan 2017 Uzta Berria aurkeztu da Sagardoa Route Proiektuaren barruan. Bizkaiko, Arabako, Nafarroa, Iparraldeko eta Gipuzkoako sagar eta sagardo elkarteetako ordezkariek eman dute beraien iritzia.

Sagardoa Route eta 2017 Uztako Sagardoa

2017ko uztako sagardoa prest dago sagardotegietan, txotx garai berrian nahiz botilaratuta dastatu ahal izateko.

Sagar urte oso oparoa izan da Euskal Herri ia osoan. Sagar asko, kalibre ederrekoak eta errendimendu ona eman dutenak. Usaimenari dagokionean, fruta usain freskoak dira nagusi, sagarra gogorarazten diguten usainak. Sagar goiztiarra ohi baino gehiago aurreratu da, erdialdekoa pixka bat eta azkena heltzen diren sagarrak urtero baino lehenxeago etorri dira. Hori dela eta, Zonalde bakoitzak bere ezaugarri zehatzak izan baditu ere, orokorrean sagardo arinagoak, argiagoak eta finagoak dira aurten iaz baino.  Orokorrean, oreka eta gorputz ederra duten sagardoak izango ditugu aurtengo denboraldian!

Irakinaldiei dagokienean, urriko tenperatura egokiek eraginda, azkar irakin dute sagardoek eta usain ederra dute kasurik gehienetan. Horrek esan nahi du txotxean bukatutako eta ondo borobildutako sagardo asko izango dela aurten, sagardotegi batetik bestera gauzak asko aldatzen badira ere.

Laburbilduz, nolakoa da 2017 uztako sagardoa, orokorrean:

  • Aroma aldetik freskoa, sagar eta lore usainekoa
  • Estruktura eta gorputz orekatua
  • Txinparta finekoa

TXOTX IREKIERAK 2018ko URTARRILAN

Txotx garaia oihartzun eta arrakasta handiko ohitura da Euskal Herriko sagardotegietan, eta jendea desiratzen egoten da noiz hasiko den beren erreserbak egin eta Txotx garaiaz gozatzeko.

Urtero  800.000 bisitari inguru izaten dituzte Euskal Herriko sagardotegiek, hasi urtarrilean eta maiatzera arte eta horrek inguruko ekonomian ere eragin zuzena du. Horrez gain, geroz eta sagardotegi gehiago dira urte osoan edo denboraldi luzeagoan zabaltzen dutenak ere. Hemen dituzue Txotx irekierak herri eta eskualdeetan:

GIPUZKOA

  • Txotx irekiera Astigarragan, urtarrilaren 17n, eguerdian Gurutzeta sagardotegian.
  • Txotx irekiera Hernanin, urtarrilaren 13an, 12:00etan, herriko Plazan (Eguraldi txarra bada Atsegindegin). Hernaniko txotx komisioak antolatua.
  • Txotx irekiera Goierrin, urtarrilaren 22an iluntzeko 20:00etan, Ordiziko Tximista sagardotegian. Goiturrek antolatua.

BIZKAIA

  • Txotx irekiera Bizkaian, Uxarte sagardotegian (Zornotza), urtarrilaren 24an, goizeko 11:00etan. Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak antolatua.

ARABA

  • Txotx irekiera Araban, Iturrieta sagardotegian (Aramaio), urtarrilaren 18an, 19,30etan. Arabako Sagarzale eta Sagardogileen Elkarteak antolatua.

NAFARROA

  • Txotx irekiera Nafarroan, Nafarroako Sagardogileen Elkarteak antolatua.

 

 

 

UZTA LURRALDEZ LURRALDE

GIPUZKOA

Gipuzkoan 12,2 bat milioi litro sagardo egin dira 2017ko uztan, aurreko urteetako kopuru bertsua. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegiek 8 milioi litro egin dituzte (www.sagardotegiak.com) eta aurten aipatzekoa izan da bertako sagarraren garrantzia. Gipuzkoako Elkarteko kideen artean egindako sagardoaren % 90 izan da bertako sagarrarekin egina. Aurtengo uzta kalitatez eta kantitatez oso handia izan da Gipuzkoan, azken urteetan izan den handienetakoa. Sagarra ohi baino lehenago iritsi da, baita berandukoa ere.  Gipuzkoa osoan zehar parekatua izan da uzta.

    Aurtengo sagardoan, usaimenari dagokionean, fruta eta lore usaina da nagusi, sagar freskoa gogoratzen duten usainak. Iaz baino gorputz gutxiago dute baina ondo orekatua eta alkoholari dagokionean ere iaz baino gutxixeago, 6º vol. Inguru. Sagarraren taninoak ematen dion gorritasuna eta bizitasuna ditu sagardoak.

    Azpimarragarria da, bestalde, sagardo naturala ez ezik, sagardotegiak dibertsifikatzen ari direla produktua eta azken urteetako joerari jarraituta, badira muztio  pasteurizatua  egin dutenak, sagardo apardunak egin dituztenak, ondutako sagardoak egin dituztenak, alkoholik gabeko sagardoak egin dituztenak eta oraindik merkaturatu gabeko hainbat produktu berri gehiago. Produktu hauek merkatuan ikusiko ditugu 2017 eta 2018an eta datozen urteetarako beste zenbait proiektu ere martxan dira bide horretan.

Sagasti berriak eta sagardoaren inguruko azterketak

Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren bidetik sektoreak egindako ahaleginak eraginda eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, sagasti berriak aldatzen ari dira Gipuzkoan eta aurreikusten da datozen urteetan sagasti berri dezente izatea. Horrez gain, orain dauden sagastietan ere hobekuntza planak egin dira eta guzti honen helburua da  %100 bertako sagarrez egitea bertako sagardo guztia etorkizun hurbil batean. Proiektu horretarako sagastiak jarri nahi dituzten eta lurrak dituzten baserritarren beharra ere bada, lur eremu dezente eta guztion lana beharko baita helburu hori betetzeko.

    Bertako sagarrarekin lan eginda, kalitate handiko sagardoa lortzen da, hainbat mendetan eratutako Euskal Sagardoaren izaera gordetzen duena, sagar motak ondo ezagutzen direlako batetik, eta bertatik bertara ekoiztuta, kontrola askozaz eraginkorragoa delako bestetik. Baina horrez gain, bertako ekonomiari ere eman nahi dio bultzada bat, bertako baserrietan sagastiak jarri eta bertako baserritarrei negozio bide berriak zabalduta.

    Sagarrak bi urtez behin emateko joera du berez, baina nabarmentzekoa da, sagastia ondo lantzen ari diren sagardozale eta sagarzaleak urtero-urtero uzta nahiko orekatuak ari direla lortzen, eta helburua izango da ahalik eta sagastirik gehienak txukun zaindu eta bide horretan sartzea, sagarraren kalitatea ez ezik, kopuruz ere uzta orekatuagoak lortzen joateko. Sagastien zainketan ez ezik, sagastien planifikazioan ere aldaketa handia eman da azken urteetan, sagasti berrietan: aldaketa nabarmenena da, sagar motak nahasian aldatu beharrean sailka aldatzen direla, horrela kontrola eta bilketa sagar mota bakoitza aparte hartuta egin ahal izateko.

 

Sagarrak biltzeko makina, etorkizunerako bidea

Aurten 7 sagardogilek beren 18 lursailetan ibili dute Sagar Biltzeko makina euren sagar bilketarako. Proiektu pilotu arrakastatsua izan da eta datorren urteari begira lan zehatza utzi du: gure sagastiak makinak errazago ibiltzeko  egokitzea. Guztira 40 ha bildu ahal izan ditu makinak, beste era batean bildu ezingo ziren sagastiak asko eta asko.

    Sagarren inguruan eta sagar mota desberdinek ematen dituzten sagardoen inguruan azterketa dezente ari dira egiten azken urteetan, eta bide horretan jarraituko da 2017ko uztan ere.

BIZKAIA

Bizkaian 200.000 litro egin dira 2017 uztan, %100 Bizkaiko sagarrarekin, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak (www.bizkaikosagardoa.com) jakitera eman duenez. Sagar uzta ugaria izan da aurtengoa, lehenago etorri ziren sagar barietate batzuk, goiztiarretan batik bat, baina beranduko sagarrak ohiko garaian etorri dira. Lehen irakinaldi fasea oso ongi joan da eta une honetan usainak freskoak dira eta bigarren irakinaldiaren zain daude sagardo gehienak.  Sagardoak 6 º alkohol izango ditu orokorrean, gazitasuna iaz baino altuagoa orokorrean eta taninoak azken urteetako mailan. Sagardo orekatua.  Sagarra neurri handikoa izan da eta muztio askokoa, sagardo finagoak eta arinagoak espero dituzte aurten.

    Bizkaiko sagardogileek apustu garbia egiten dute beren sagardoa %100 bertako sagarrarekin egitearen alde. Aurten ia iaz egindako sagardo kopuruaren bikoitza egin da Bizkaian.

ARABA

Arabako sagardozaleek 50.000 litro inguru sagardo egin dituzte 2017ko uztan eta horretarako %100 Euskal Herriko sagarra erabili dute, Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartetik jakitera eman dutenez. Arabako sagarra izan da gehiena, aurtengo uzta oso handia izan da Aramaion, baina trebiñon beranduko izotza dela eta, ingurutik ekarri behar izan du sagarra. Sagar oso osasuntsua izan da aurtengoa, kalibre onekoa, irailean egindako euria dela eta, errendimentu handikoa. Sagardoak lehen irakinaldia egina dauka eta kupela gehienak itxita daude dagoeneko. Sagarraren kalitatea eta azukre kopurua ikusita sagardo ona eta orekatua espero da, irakinaldi xuabea izan du. 6,5 inguru alkohola. Araban sagardoa egiten ez ezik, lan handia ari dira egiten, bertako sagar motak berreskuratu eta aztertu eta gordetzen, garai batean sagardo asko egiten baitzen Araban eta sagar aberastasun hori, oraindik bai baitago txoko askotan. Sagar arbola bakan hauek lokalizatu, sagarrak aztertu eta etorkizunerako mantentzeko lan handia ari da egiten Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartea eta dagoeneko galtzeko zorian zeuden sagardotarako sagar mota ugari bildu eta gorde dituzte. 

NAFARROA

Nafarroan 300.000 litro egin dituzte 2017ko uztan, Nafarroako Sagardogileen Elkartetik jakitera eman dutenez. Beren sagastietatik eta inguruko baserrietatik lortu dute sagarraren %100. Sagar oso ona izan dute, gainerako herrialdetan bezalaxe nahiko aurreratua eta beraz sagardo asko bukatuta egongo dira txotxa irekitzerako. Bertako sagarrez eginak izaki, tanino handiko sagardoak izan dira 6ºC alkohol ingurukoak.

IPARRALDEA: Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa

Iparraldean 450.000 litro sagarno eta muztio egin dira 2017ko uztan, aurten ere hirutik bi sagarnoa eta hirutatik bat muztioa edo jusa. Horietatik 250.000 Eztigarrek eginak dira. Bera da Sagar ekoizlerik handiena(www.cidre-eztigar.com/eztigar), eta jakitera eman duenez, uzta normala izan da, sagar ona bazen inguruetan, baina ez adarrak hausteko adinako uzta, Gipuzkoan eta Bizkaian gertatu den moduan. Loraldi goiztiarra izan da, eta baita sagarraren etorrera ere. Beraz, ez da urte guztiz ona izan kopuruz, baina bai kalitatez. %100 bertako sagarrez egin dute sagarnoa eta hori da gainera beren helburua aurrerantzean ere, beharrezko sagar guztia bertan lantzea. Azken urtetako berrikuntzen inguruan, zenbait ekoizle sagardo bereziak ari dira egiten sagar bereziak erabilita: muztio gutxi, baina oso kontzentratua duten sagarrak bereizten dituzte eta ahalik eta beranduena bildu; horrekin lortzen duten muztioa (%45eko errendimendua bakarrik du) oso kontzentratua eta berezia da eta sagarno oso bereziak egiten dituzte, apardunak, eta gorputz eta txinparta ederrekoak. Produktuak duen prezioagatik ez dute produkzio handirik, baina oso garrantzitsua da duen kalitate eta eskaeragatik.

EUSKAL SAGARDOA JATORRI DEITURA

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagarzale eta sagardogileek Euskal Sagardoa Jatorri Deitura berria (www.euskalsagardoa.eus) sortu zuten 2016an, Eusko Label sagardoak jarritako bidetik. 2017koa bigarren uzta da Euskal Sagardoarentzat eta aurreko urtetik zabaltze hadia izan du, datuek erakusten duten moduan. Euskal Sagardoa %100 bertako sagarrez egindako sagardoa da eta kalitate berme egiaztatua duena.

Guztira 4 milioi litro sagardo egin dira Euskal Sagardora bideratuak eta horretarako 250 hektarea sagastietako sagarra erabili da. 47 sagardotegi dira Euskal Sagardoa egin dutenak, iaz baino 14 gehiago.

Kontsumitzaileak kupeletan dauden sagartxoekin jakin ahal izango du zein sagardo den Euskal Sagardora bideratua eta botilan kapsula edo lepoko sagartxo gorrien bidez. Prozesu guztia HAZI fundazioak egiaztatzen du. 

 

SAGARDOA ROUTE, SAGARDOTEGIEN ETORKIZUNA

Badira urte batzuk sagardo sektoreak, produktuan berrikuntzak egiteaz gain, sagardoaren kultura sustatu eta sektore turistikoan lanean jarri dela. Euskal Herriko Sagardogileen Elkarteek helburu dute, sagarra eta sagastia, sagardotegia, txotx erritua eta baserria ezagutzera ematea eta horrela gure produktua, gure ohiturak, historia eta kultura, balorean jartzea. Izan ere, sagardoa izan da mendeetan zehar Euskal Herriko produktu bakarra eta dolare-baserriak, milaka litro egiteko sortutako enpresa txikiak ziren, euskaldunen kontsumorako eta baita euskal marinelek baleontzietan, nahiz garraioetan kanpora eramateko ere.

Sagardoa Route, Euskal jatorrira itzulia

Sagardoa Route, Sagardotegien etorkizuna lantzen duen proiektua da. Berak biltzen du Sagardoaren inguruko esperientzia eta eskaintza multzoa, eta bere barne ditu Euskal Herriko 7 lurraldeetako 59 sagardotegi. Sagardoa Route da Sagardoa ardatz hartuz, euskal jatorrira itzulia eskaintzen duen proiektua. Sagardotegien, Sagardoaren kulturaren baitako ekintzen eta inguruko eragile eta baliabideekin batera aurrera eramandako proiektua.

    Urteko ekintzen artean dugu abenduko SAGARDO APURUA. Bide horretan, gure ekimen kuttuna da Sagardo Apurua, ekimen honek barne hartzen dituelako gure balore guztiak: sagardoaren presentzia, elkarlana inguruko eragile guztiekin eta tradizio modernoa. Sagardo Apurua garai bateko baserri sagardotegi baten berreraikuntza da. Baserri honi bizitza ematen diogu hainbat eta hainbat ekintzaren bidez: herri kirolak, cocktail lehiaketak, inguruko ostalarien arteko pintxo lehiaketak, dastatzeak, maridajeak, bazkari maridatuak, erromeriak eta abar luze bat.

www.sagardoa.eus, erreserbak klik batean

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak web bidez sagardotegietan erreserbak egiteko aukera eskaintzen du www.sagardoa.eus helbidean. Eta berrikuntza gisara erreserba eta ordainketa automatikoa ditu datozen urteetako ardatz, Booking sistemaren gisara. Horretaz gain, Txotx garaian zein urte osoan zehar, Sagardotegian lekua hartzeko aukera eskaintzen du, baita Sagardo Mundua ezagutzeko bisita gidatu, esperientzia eta ekintza turistikoak ezagutu, erreserbatu eta erosteko ere. Horretaz gain, urte osoko agenda eta erabiltzailearentzat interesekoa izan daitekeen informazioa biltzen du erakusleiho berrituak.

Sagardo Munduko produktuak, klik batean

Online denda da sagardoa.eus atariaren erreklamo handienetakoa, bertan topa litezkeelako Sektorearen produktu gehienak etxetik mugitu ere egin gabe!

Comentarios

Deje su comentario