Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

Sagardoak Elkartzen Gaitu - Udara

07/07/2020

Sagardoak elkartzen gaitu ekimenaren lehen elkarlana aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak

Bertsolaritza, musika eta sagardotegia lotzen duen egitaraua da, elkarlanaren lehen harria, eta Musika Bulegoak difusioarekin babestu du ekimena. Horretaz gain, uda berezi honi begira Sagardo munduak eskaintzen dituen plan guztien berri ere eman dute.

SARRERAK EROSI

Sagardoak Elkartzen Gaitu - Udara

Uztaila eta abuztua sagardo mundua eta euskal sortzaileen ekimenak aktibatzeko izango dugu aurtengoan. Horretarako agertoki apartak ditugu sagardotegiak: barrualdeak eta terrazak. Hau da oraingoz landutako egitaraua:

UZTAILA

  • Uztailak 15, 20:30h. Aburuza Sagardotegia. Bertso Afaria: Unai Mendizabal eta Eli Pagola bertsotan; Aitor Mendiluze gai-jartzaile. (40 €)
  • Uztailak 24, 18:30h. Astarbe Sagardotegia. Bertso jaialdia eta afari-merienda: Maialen Lujanbio eta Agin Laburu. (25 €)
  • Uztailak 27, 20:30h. Petritegi Sagardotegia. Bertso kata eta afari musikatua: Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Imanol Kamio. (40 €)

ABUZTUA

  • Abuztuak 7, 20:30h. Saizar Sagardotegia. Musika jaialdia eta afaria. (40 €)
  • Abuztuak 29, 20:30h. Ola Sagardotegia. Bertso Afaria: Angel Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Andoni Egaña. (40 €)

Ekimen hau Bertsozale Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak osatu dute, eta Musika Bulegoaren laguntza izan dute difusio lanetan, aurrera begira sortzen ari diren elkarlanaren lehen harria izanik.

Non eta nola egin ekintza hauetarako erreserba?

Bi webgunetan izango duzue erreserbak egiteko aukera: www.bertsosarrerak.eus eta www.sagardoa.eus webguneetan.

Sagardo mundua denon eskura

Sagardoa Routek hainbat aukera eta eskaintza ematen dizkio mundu hau ezagutu edo gehiago jakin nahi duen edonori. Aurtengoan Euskal Herriko sagardotegien % 61ak egin du uda sasoian ateak irekitzeko hautua. Natur gune apartak, espazio zabalak, terrazak, menu bereziak (entsalada, arrainak eta oilaskoa parrillan) eta sagardoa botilan eta txotxetik eskaintzen dituzte gure sagardotegiek. Dena, noski, protokolo zorrotz eta zehatza jarraituz, denon osasunaren mesedetan. Horren adierazle dira musukoaren erabilera, gel hidroalkoholikoena, segurtasun distantzia eta txotxean sagardoa dastatzeko aukera. Momentu honetan, kupeltegia irekita duten sagardogileek mahaika egiten dute txotxa, momentu berezi eta goxoa bihurtuz, etxeko sagardoen dastatze pribatua. Sagardoa, noski, botilan dastatzeko aukera izango dute sagardotegi guztietan, uda garaia baita sagardoa botilan dastatzeko momentu aparta.

Eta aurtengo udan zein ekintza ditugu eskuragarri?

Egun osoko planak, otorduak edota txangoak proposatzen dizkizuegu. Lagunartean, familian eta bakarka gozatzeko modukoak denak.  Helburua, landa eremuaz gozatzea eta bizirik mantentzen duten euskal ofizio eta familiak ezagutzea.

  • Sagardo mundua ezagutuz, bodega planak

Sagardotegian bisita gidatuak eskaintzen ditugu. Sagastian hasi eta kupeltegiraino, produktu honen sekretu guztiak ezagutzeko aukera aparta da. Garraioarekin edo garraiorik gabe izan daiteke. Udazkenari begira, elaborazio garai bete-betean bi eskaintza berezi ditugu: sagardogile lanak ezagutzea egun batez elaborazioan parte hartuz; edota Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten upategietan ibilbidea, bisita gidatu mugikorra izanik. Denak ala denak, sagardo mundua ezagutzeko aukera apartak!

  • Familia planak

Familian Gipuzkoa ezagutzeko aukera handia dago. Guk, leku eta txoko ezkutuenak atera nahi izan ditugu plazara, xarma berezia dutela iritzita. Agorregiko burdinola eta Iturrarango erlauntzetara bisita, adibidez. Beste aukera bikain bat, Larraondoko zerrategia eta Aizpea meategia ezagutzea dira. Urola aldera begira, baporezko trenean txangoa egiteko aukera dugu Azpeitian. Eta azkenik, ofizioen euskal munduan bizi garenez, gazta egiteko aukera ematen diegu txikienei artzainaren eskutik. Bisita bakoitzaren ondoren, sagardotegian otordua izango du, haurren menua barne. Aukera honen bidez, hainbat eskualde ezagutzeko aukera izango dugu txikienekin!

  • Plan gastronomikoak

Euskaldunak eta gastronomia naturalki lotzen ditugun bi hitz ditugu. Hori dela eta, Sagardo mundua gazta munduarekin, txakolinarekin eta baserritarren azokekin lotu ditugu. Horiek denek sagardotegian izango dute amaiera, bisita, euskal sagardoaren dastatzea eta otorduarekin. Hainbat ofizio ezagutzeko bidea dugu hau ere, artzaina, txakolingilea eta baserritarrarekin bat eginez.

  • Kirol planak

Kanoan eta arraunean, Urumean, Kontxan eta Orian. Kirol saio politak egin daitezke lagunartean, bikotean, koadrillan… kasu bakoitzean ibaiak eta itsasoak euskaldunontzat izan duen garrantzia ezagutuko dugu; eta, noski, sagardotegian emango diogu itxiera egun eder honi otordu apartarekin.

  • Plan kulturalak

Itsasora eta mendira hurbilduko gara ekintza hauekin. Itsasoa eta mendia lotuko ditugu ekintza hauetan. Flyscharen panoramika aparta txalupatik gozatuko dugu, euskal kostaldearen argazki dotorea eskainiz. Igartubeiti Baserri Museoa ezagutzeko aukera izango dugu, Sagardogintzaren altxorra, XVI. Mendeko baserri tolarea, oraindik ere martxan dagoena! Eta azken urteotako berreraikuntza historikoa, Albaola Itsas Kultur Faktoria egiten ari den lan bikaina San Joan Baleontziaren berreraikuntzan. Marinelen eta sagardoaren historia ezagutzeko espazio dotorea. Garai batetik egunerokora egingo dugu jauzi sagardotegian, momentu ederraz eta lasaiaz gozatuz otorduaren bueltan.

  • Asteburu-pasak landa eremuan

Sagardoa Routek bazkide ditu landetxea, nekazal-etxea edota Xarmadun Hotela duten 8 sagardotegi. Horietan merezitako deskantsua hartzeko aukera izango duzu, eta asteburua hainbat ekintzekin osatu, tartean sagardotegian bisita gidatua, euskal sagardoaren dastatzea eta otorduarekin.  Ostatu hartzeko Gipuzkoan zehar ditugu etxeak, eta zure gustuen arabera lagunduko dizugu asteburu-pasa non egin aukeratzen.

Bertako bezeroentzat bezala, eskaintza turistikoa ere badugu bisitan dagozkigun guztientzat. Horien artean aipagarriena Donostiatik zuzenean garraioa barne duten irteera erregularrak  da. Esperientzia hauetan oinarria Sagardo munduaren ezagutza da: Sagardotegian bisita, dastatzea eta otordua. Egoeraren berezitasuna ikusita, Gipuzkoako edozein ostatutan dauden bisitariei ere eskainiko diegu garraiodun zerbitzua Sagardoa Routek eskaintzen dituen plan guztiez gozatzeko.

Eta erreserbak non?

www.sagardoa.eus webgunean aurkituko duzue planak eta otorduak erreserbatzeko tresna. Zuzenean, klik batean, doako zerbitzua eta erantzunaren zain egon gabe. Aukeratu eguna, ordua, pertsona kopurua eta kito, udara antolatuko duzu hala! Gainera, bilaketa errazteko, hainbat filtro ditugu bertan: menuaren arabera (begetarianoa, zeliakoa, arrainak parrillan, garaiko produktuak…), familian joateko (parkeekin, haurrentzako menuekin) edota herriaren arabera ere egin daiteke bilaketa. Sektorearen online erreserbatzeko gunea dugu sagardoa.eus, eta bezeroari erraztasuna emateaz gain, kudeaketa digitalaren bidea irekitzen dio sagardogileari, etorkizuna eraikiz.

Eta sagardoa erosi nahi badut?

www.sagardoa.eus webgunean dugu euskal sagardo sektorearen erreferentziazko denda. 44 sagardo desberdin topatuko dituzu bertan. Eskaria egin eta etxeraino eramango dizugu. Euskal Sagardoa, sagardo ekologikoa, aparduna, muztioa… aukera zabala eskaintzen du sektoreak momentu honetan, eta horren erakusleiho dugu Sagardoa Routen webgunea. Itxialdi garaian oso tresna erabilia izan da eta momentu honetan ere tresna oso egokia bihurtu da sagardo mota desberdinak klik batean etxean jaso ahal izateko. Etorkizunera begira jarrita dagoen tresna dugu sektoreak duen Sagardoa Route online sagardo denda.

KARTELA:

Comentarios

Deje su comentario