Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

Sagardoaren kultura bizirik jendartean gaur Donostian, sagardoaren hiriburuan

31/08/2018

Gipuzkoako 34 sagardotegietako sagardoak dastatu ahal izan dira Donostiako XXXIII. Sagardo Egunean

Donostiako Sagardo Eguna ospatu da gaur, 33. urtez Konstituzio plazan, goizeko 11.00etatik 14.00etara, Sagardoa Route - Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta, Donostiako Udalaren eta Donostia Festaken laguntzarekin. Urteroko moduan Euskal Jaien barruko ekitaldia izan da eta Gipuzkoako 34 sagardogile izan dira bertan, beren sagardorik onena dastatzera emanez. 8.000 sagardo botila inguru ireki eta edan dira, gainezka zegoen konstituzio plazan. Gipuzkoako sagardo desberdinak dastatzeko aukera paregabea izaten da Donostiakoa, sagardogileak berak bertan direla eta urteroko zitara ez dute hutsik egin bertako sagardozaleek nahiz kanpotik etorritako bisitariek ere. 2017 uztako sagardoak dastatu ahal izan dituzte Konstituzio plaza girotu duten 5000 bat lagunek. Horrek aukera eman dio sagardozaleari nahi dituen sagardoak dastatzeaz gain, sagardogileekin hitz egin eta iritziak trukatzeko. Trikitilariak ere girotu dute plaza eta gainera, sagardoaren lagungarri izan dira bakailao tortilla, txorixo pintxo eta gazta pintxoak aurten ere. 

Sagardoaren kultura bizirik jendartean gaur Donostian, sagardoaren hiriburuan

"Sagardogintza gure ofizioa" erakusketa, 2018 uztako lehen muztioa egin eta dastatu da

XXXIII. edizioa izan dela aprobetxatuta, Sagardo Eguna edukiz hornitu eta izaera emanez, sagarra jo, zanpatu eta muztioa dastatzeko aukera izan da Konstituzio plazan bertan. Jendeak, muztioa nola egiten den ikusi eta  2018 uztako lehen muztioa dastatzeko aukera izan du. Horrekin, sagardogileen elkarteak, sagardogintzak atzean duen lan eta kultura guztia jendeari erakutsi nahi izan dio, kontsumitzaileei nahiz etxeko txikienei muztioa dastatzera emanez. Hau guztiarekin batera, Josu Osarekin txertaketa eta Fruitelekin sagar erakusketa postuak jarri dira.

Sagardogileen topa eta Omenaldia Juan Ignacio Astiazarani

Eguerdiko 12.30ean topa berezia egin dute "txotx" oihukatuz, eguneko protagonista diren sagardogileek, gerturatu diren sagardozaleek eta Udal, Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza eta bertaratu diren gonbidatuek. Urteroko ohiturei eutsiz, toparen ondoren, jubilatu berri den sagardogileari omenaldia egin zaio dantzari eta txistulariekin batera. Aurtengoan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Juan Ignacio Astiazarani, Sagardogintzari eskainitako bizitza eta lanagatik. Isabel Díaz emaztearekin batera igo da oholtzara eta Ibon Aburuza Elkarteko Lehendakariak jarri dio elkarteko irudia duen oroigarri berezia senarrari eta lore sorta eman emazteari. Sebastian Lizaso eta Alaia Martin  bertsolariek borobildu dute omenaldi eder hau.

Euskal Sagardoa Jatorri Deituradun sagardoen dastatzea

Sagardoa kupelean egiten da, eta botilan borobildu. Produktua momenturik hoberenean dastatzeko aukera izan da irailaren lehen larunbatean. Izan ere, sagardoa urte osoan zehar edateko da egokia, sagardotegietan kupeletik txotxean, nahiz botilatik urte osoan eta nonahi. 2017ko uztako sagardoak izan dira Donostiako festa handian: kalitate handiko sagardoak. Bi sagardo mota dastatu ahal izan dira:

  • Sagardo Naturala, bertako eta kanpoko sagarra nahastuta egindakoak: Iazkoa sagar uzta oparoa izan zen  kantitatez Euskal Herrian, baita kalitatez ere.
  • Euskal Sagardoa, Jatorri Deitura: %100 bertako sagar hutsez egindakoak, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura zigilu gorria daramatenak.  2017an 4.000.000 litro sagardo egin ziren Euskal Sagardora zuzenduta, hauetako asko Gipuzkoan. Sagardo horietako batzuk dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Dastatze orokorraz gain, 13:00ean egin da Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren dastatze gidatua, Unai Agirreren eskutik, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailea. Bertan aurkeztu dira Euskal Sagardo desberdinak eta bakoitzaren berezitasuna aipatu dira. Guztira 48 dira jada Euskal Herrian Jatorri Deituradun sagardoa ekoizten duten sagardogileak eta 270 sagargile Euskal Sagardorako sagarra ekoizten dutenak.

Sektorearen apustua garbia da: bertakotasuna eta kalitatea ziurtatzea.  Asmoa da lehen sektoreari bidea ireki eta etorkizun oparo bat eskaintzea sagardoari. Apustuaren oinarria bertako sagarra da eta horretan buru belarri ari dira lanean sagar eta sagardo sektorea eta administrazioak. Azken urteetan sagasti berri asko landatu da Gipuzkoan eta aurreikusia dago askoz gehiago landatzea Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren proiektuaren baitan.

2018an kalitate handiko uzta banatua espero da

Donostiako Sagardo Egunean 2018ko lehen muztioa dastatzeko aukera izango da. Sagardogileak sagarraren heldutasunari begira jarriak daude dagoeneko, bilketarekin noiz hasi erabakitzeko. Iazko urtean uzta handia izan genuen eta ondorioz aurten uzta segmentatua izango da. Zonalde batzuetan sagastiak beteta badaude ere, beste batzuetan iaz baino sagar gutxiago da.  Laster hasiko dira bilketa lanak eta orain arteko datuen arabera, nahiko azkar dator sagarra heldutasunari dagokionean eta zenbait sagardotegik datorren astean bertan hasiko dira sagardoa egiten.  Udaberriko eguraldiak polinizazioa eta ernalketa hil egin ditu eta ondorioz ez du lorea hartu. Hori dela eta, ez da hainbeste sagar izango aurtengo urtean.

Sagardo erakusketa / denda eta Informazio Gunea

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 40 kideek 75 produktutik gora ekoizten dituzte: sagardo naturalak, apardunak, ekologikoak, kriantzak, muztio naturala, bereziak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, besteak beste.

Iraileko dastatzea, sagardoa promozionatzeaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izaten da: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Mezu hori zabaldu nahi izan du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, bai bertako kontsumitzaileei baita kanpotik etortzen diren ehunka bisitariei, Donostiako Sagardo Eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita.

Aurtengoan ere informazio postu bat jarri da sagardoaren eta sagardotegien informazioa ere jendeari helarazteko. Geroz eta gehiago dira esperientzia eta produktu turistikoak eskaintzen dituzten sagardotegi eta eragileak. Euskal Herriko sagardoaren kulturak duen balioa eta atzerritarrengandiko interesa ikusita, sagardoaren sektorea, turismoaren sektorean lanean ari da. 

Sagardoa Route: jatorrira itzulia egungo bizimodua ezagutuz

Sagardogintza sektorea etengabeko aurrerapausoak ematen ari da. Gaur egungo sagardo kontsumitzailea zein sagardotegietako bezeroa anitza da. Horren aurrean, sagardogileak produktuaren dibertsifikazioa eta zerbitzuen eskaintza zabaltzearen alde egin dute. Izan ere, merkatuaren aldaketei eta egoera berriei  erantzuna emateko jaio zen Sagardoa Route, sagardotegien oraina eta etorkizuna lantzen dituen proiektua.

Joan den abenduan aurkeztu zuen Sagardoa Route ekimena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Euskal Herriko beste sagardogile elkarteekin batera. Guztira 59 dira talde hau osatzen duten sagardotegiak. Helburua, argia, sektorearen etengabeko biziberritzea lantzea, egungo mundura egokitu eta aukerak landu ahal izateko.

Euskal Lurralde guztietan ditugu sagardotegiak eta gure lurretik mendeetan zehar jaio den produktua da sagardoa. Sagardogintza eta lurraldea. Gure jatorria eta historia. Horixe kontatu komunikatu nahi du Sagardoa Routek, sagardoaren kultura balioan jartzeko asmoarekin.

Lehen pausua izan zen sagardo sektoreak dituen esperientzi gastronomiko zein kulturalak zabaldu eta euskal lurraldeko baliabide turistiko ezberdinen arteko eskaintza turistikoa definitzea. Ondoren, produktu eta proposamen berriak sortzen joan da sektorea, bezero mota orori zuzenduak. Hori dela eta, aurtengo udan Sagardo Tour produktu turistikoa eskaini da Donostian. Esperientzia erreala izan da, bertako biztanle eta langileak ezagutuz, baserritarra, gaztagilea, arotza, besteak beste eta noski Sagardogile familiak, historian zehar produktua ekoiztu duten etxeak ezagutu ahal izan dira.

 

Comentarios

Deje su comentario