Txotx denboraldia, bertako plazerra!
Uzta handia eta berezia, aurtengo txotx denboraldian dastatuko dena.
Euskal Sagardoaren barruan 4 milioi litro egin dituzte 50 sagardotegiek, bertako 250 sagastietako 6 milioi kilo sagar erabilita.
Sagardo sektoreak elkarrekin egindako bidea eta lana izan da gaur aurkeztu duguna. Gaur, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogile guztien ordezkaritzan deitu dugu prentsaurreko hau eta horretarako Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteen, Sagardoaren Lurraldeko, Sagardoa Routekoeta sagargile elkarteetako ordezkariak etorri gara. Urte hasieran hasi eta pixkanaka irekiko dituzte ateak sagardogileek,Txotx garai honetan zehar.
Txotx denboraldia berezia da, sagardozaleei eta bezero guztiei sagardoaz gozatzeko formatu berezi bat eskaintzen dielako, sagardo berriak dastatu eta konpartitzeko, formatu sozialean, lagun artean, urteko sasoi batekin lotua eta gure egutegian markatzen duguna. Kupeltegiko giroa itzuliko da gure sagardotegietara, eta sagardoaz hitz egiteko aukera izango dugu, uzta berria nolakoa datorren ezagutu eta gozatzeko, sagardotegi bakoitzaren ezaugarriak, sagardoa egiteko moduak, etab.
Nolakoa izango da 2023ko Txotx denboraldia?
Bertako plazerra da sagardoa, eta txotxean ere hori dastatu ahal izango dugu. Sagardotegi denboraldia da, gainera, sagardotegiek bisitari gehien jasotzen duten urte sasoia. Horregatik, hainbat berrikuntza txertatu nahi izan ditu sagardo sektoreak bisitan datorren bezeroari balio erantsi bat eskaintzeko.
Sagardotegi denboraldiarekin hasiko dugu urtea, eta ondoren botilaratutako sagardoaren aurkezpena egin eta udaberri-udako garaia hasiko da, berriro ere uzta garaiari heltzeko. Urtean zehar izango ditugun ekitaldi, aurkezpen eta intereseko dastatze eta Sagardo Egunen informazioa Instagram sarearen bidez kaleratuko dugu @euskalsagardoa kontuan zein hilero email bidez bidaltzen dugun boletinean.
Sagardo berria dastatzeko parada izango da Euskal Herriko sagardotegietan
Sagardotegiek badute bereizgarri garrantzitsu bat: beraiek dira dastatzera ematen den produktuaren ekoizleak. Otorduaz haratago, jatetxe ereduetatik haratago, sagardotegiak sagardoaren topagune eredu ditugu orain ere, eta etorkizuna bide horretatik lantzeko aukera ikusten dute. Hori dela eta, aurten denboraldian sagardotegira gerturatzen den bezeroak bertako ekoizle baten etxera egingo du bisita, sagardogintzatik bizi den familia baten etxera.
Uzta handia eta berezia
2023ko uzta aurrekoa baina handiagoa izan da kopuruz. Aurreko urtean uzta txikia izan zen eta 2023an handiagoa espero zitekeen. Uzta handia izan da, baina urriko beroek zerbait murriztu dute sagar kopurua. Iazkoarekin alderatuta, alkohol graduazio eta gorputz txikiagoa dute sagardoek, eta oso lurrintsuak dira.
- Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua, 4.000.000 litrokoa izan da 2023 uztan.
- Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 50 dira: Arabarrak 2, Bizkaitarrak 3 eta Gipuzkoan 45.
- Euskal Sagardorako sagarra egiten duten sagargileak 250 dira eta guztira ia 500 hektarea erabiltzen dira horretarako. 2023 uztan6 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardorako.
- Ez da erraza Sagardo Berria definitzea, 106 sagar barietate desberdin ditugu onartuta Jatorri Deituran, sagastiak Euskal Herriko hainbat txokotan ditugu, etxe bakoitzak bere lanerako modua du… Orokorrean, dena den, sagar uzta handia, gorputz eta alkohol graduazio txikiagoarekin eta oso aromatikoa. Geroz eta zailagoa da, sagardoaren ezaugarriak azaltzea, bertako sagar mota desberdinek, zonaldeak eta sagardotegi bakoitzak ukitu berezia ematen baitiote sagardoari. Gainera, azken uztan sagar asko izaki, jendeak gauza bereziak egiteko ere aprobetxatu du: Euskal Sagardoa, sagar mota jakineko sagardoak, sagasti berezietako sagardoak eta abar luze bat. Aukera geroz eta zabalagoa aurkitu ahal izango du kontsumitzaileak. Eta sagardo hauek erosteko aukera ere izango du bezeroak.
Sagardotegiaz gozatzeko hainbat bide eta modu
Sagardotegietan otorduaz aparte hainbat ekintza egiteko aukera dugu. Berrikuntza moduan 2023ko Txotx garaian Sagardo Dastatze Gidatuak eskainiko ditugu otorduaren aurretik, zenbait sagardotegitan. Beste hainbat bisita eta produktu eskaintzeaz gain, dastatze gidatua bezalako produktuak eskatu dizkigu joan den urteotan bertako bezeroak, eta hori dela eta hartu da hemendik aurrera hori eskaintzeko erabakia. Aukera aparta da Sagardogilearen eskutik produktuaren berezitasunak jasotzeko ere.
Horretaz gain, bezeroari erraztasunak emate aldera, Euskal Sagardoen online denda eta Sagardotegietan otordu-erreserba egiteko sistema ere martxan ditugu sektorean. Online dendaren bereizgarri nagusia sagardo desberdinak eskaera bakarreankonbinatzeko aukera da: laurogeita hamar sagardo desberdin baino gehiago ditugu dendan, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak. Bertako bezeroak eskatutako beste erraztasun bat ere martxan du sektoreak: sagardotegien bilatzaile automatikoa. Sagardoa.eus atarian lehen orrialdean aurki daiteke bera. Bertan, data aukeratzea nahikoa da egun horretan zein sagardotegik duen tokia aukeratu eta erreserba egin ahal izateko. Sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da! Deirik egin edo emailik bidali gabe. Sistema honek joan den urteotan arrakasta handia izan du gure bezeroen artean, eta aurten sagardotegi gehiago automatikoki erreserbatzeko aukera izango da euren webguneetatik bertatik!
Comentarios
Deje su comentario