XXXII. Donostiako Sagardo Eguna
Donostiako Sagardo Eguna ospatu da gaur, irailaren 2an, Konstituzio Plazan, goizeko 11.00etatik 14.00etara. Gipuzkoako 34 sagardogile bildu dira, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta eta Donostiako Udalaren eta Donostia Festaken laguntzarekin.
8000 botila edan dituzte Konstituzio plazara inguratu diren 5000 lagun inguruk
Euskal Jaien barruko ekitaldia izan da eta urteroko moduan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 34 sagardogile izan dira bertan, beren sagardorik onena dastatzera emanez, Plazako arkupean jartzen diren postuetan. Guztira 8.000 sagardo botila ireki eta edan dira, gainezka zegoen konstitizio plazan. Gipuzkoako sagardo desberdinak dastatzeko aukera paregabea izaten da Donostiakoa, sagardogileak berak bertan direla eta urteroko zitara ez dute hutsik egin bertako sagardozaleek nahiz kanpotik etorritako turista sagardozaleek.
Gipuzkoako sagardorik hoberenak dastatu ahal izan dira jendez gainezka egon den Donostiako Konstituzio plazan, sagardogileek mimoz aukeratuta eramaten baitute beren produktua. Trikitilariak girotu dute plaza eta gainera, sagardoaren lagungarri izan dira bakailao tortilla, txorixo pintxo eta gazta pintxoak aurten ere. XXXII. edizioa izan dela aprobetxatuta, Sagardo Eguna edukiz hornitu eta izaera ematez, sagarra jo, zanpatu eta muztioa dastatzeko aukera izan da Konstituzio plazan bertan. Jendeak, muztioa nola egiten den ikusi eta 2017 uztako lehen muztioa dastatzeko aukera izan du. Horrekin sagardogintzak atzean duen lan eta kultura guztia jendeari erakutsi nahi izan dio sagardogileen elkarteak kontsumitzaileei nahiz etxeko txikienei muztioa dastatzera emanez. Horrekin batera txertaketa postua jarri da eta turista eta sagardozaleentzat informazio puntua.
Omenaldia Joxe Miguel Bereziartuari
Eguerdiko 12:30ean atera da argazki ofiziala, sagardogileen toparekin. Jarraian, omenaldia egin zaio dantzari eta txistulariekin batera Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Joxe Miguel Bereziartuari, Sagardogintzari eskainitako bizitza eta lanagatik. Eva Aranburu emaztearekin batera igo da oholtzara eta Ibon Aburuza Elkarteko Lehendakariak semeei eman dizkie oroigarriak, elkarteko irudia duen Pin berezia eta lore sorta, gurasoek haien eskutik jaso ditzaten. Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran bertsolariek borobildu dute omenaldi eder hau.
Gipuzkoako Sagardo berezien kata eta Produktu guztien erakusketa
13:00ean egin da Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardo berezien dastatzea. Bertan aurkeztu da Euskal Sagardoa eta sagardoaren beraren dibertsifikazioa. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 40 kideek 75 produktutik gora ekoizten dituzte: sagardo apardunak, kriantzak, muztio naturala, bereziak, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura berria…
Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko sagardogileez gain, ekitaldian parte hartzera azaldu diren gainerako gonbidatuak ere asko izan dira: Arantxa Tapia (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua), Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea), Asier Arrese (HAZIko Zuzendaria) , Peli Manterola (Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaria, Xabier Arruti (Gipuzkoako Foru Aldundia, Landa Garapeneko zuzendaria), Eneko Goia (Donostiako Alkatea), Alfonso Gurpegui (Donostiako Kultura zinegotzia), Miguel Angel Diaz Bustos (Donostiako Bide Publikoetako eta Ingurumeneko Zinegotzia), Zorione Etxezarraga (Astigarragako Alkatea), Xabier Arregi (Usurbilgo Alkatea), Iñaki Illarramendi Ostalaritza Elkarteko ordezkaria, gainerako herrialdeetako sagardogileen ordezkariak eta abar luze bat. Eta nola ez, Konstituzio Plaza bete duten sagardozaleak. Denek batera egin dute sagardoaren aldeko topa eta guztiek dastatu dute, Donostiara inguratutako sagardogileen sagardoa. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie inguratu eta festan parte hartu duten guztiei.
Donostiako Sagardo Egunaren bereizgarrietako bat da, Gipuzkoako sagardotegi gehienetako sagardoa izaten dela aukeran eta sagardogileak berak direla etxeko sagardorik hoberenak zerbitzatzera inguratzen direnak. Horrek aukera emango dio sagardozaleari nahi dituen sagardoak dastatzeaz gain, sagardogileekin hitz egin eta iritziak trukatzeko. Sagardoa kupelean egiten da, eta botilan borobildu. Produktua momenturik hoberenean dastatzeko aukera izan da irailaren lehen larunbatean. Izan ere, sagardoa urte osoan zehar edateko da egokia, sagardotegietan kupeletik txotxean, nahiz botilatik urte osoan eta nonahi. 2016ko uztako sagardoak izan dira Donostiako festa handian: kalitate handiko sagardoak.
Bi sagardo mota dastatu ahal izan dira:
1) %100 bertako sagar hutsez egindakoak, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura berriko zigilua daramatenak. 2016an 1.320.000 litro sagardo egin ziren Euskal Sagardora zuzenduta, hauetako asko Gipuzkoan. Sagardo horietako batzuk dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.
2) Bertako eta kanpoko sagarra nahastuta egindakoak: iazkoa ez zen sagar uzta oparoa izan kantitatez Euskal Herrian, baina bai kalitatez; kanpotik ekarri behar izan zen sagarra eta nahasketa horrek emaitza ezin hobea eman zuen. Iraileko dastatzea sagardoa promozionatzeaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izaten da: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Mezu hori zabaldu nahi izan du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, nahiz bertako kontsumitzaileei nahiz kanpotik etortzen diren ehunka bisitariei, Donostiako Sagardo Eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita.
Aurtengoan, informazio postu bat jarri da sagardoaren informazioa ez ezik, sagardotegien eta sagardoaren kulturaren informazioa ere jendeari helarazteko. Geroz eta gehiago dira esperientzia eta produktu turistikoak eskaintzen dituzten sagardotegi eta eragileak eta iaz esaterako Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegiek 700.000 bisitari inguru izan zituztela kalkultzen da. Euskal Herriko sagardoaren kulturak duen balioa eta atzerritarrengandiko interesa ikusita, sagardoaren sektorea, turismoaren sektorean lanean ari da.
2017an uzta oparoa espero da
Donostiako Sagardo Egunean 2017ko lehen muztioa dastatzeko aukera izango da. Sagardogileak hasi berri dira sagarra biltzen. Izan ere, uzta oso oparoa da Euskal Herriko Sagastietan, bai kantitatez eta baita kalitatez ere. Azken urteetako sagarrik gehien izango da aurten eta lehen datuek diotenaren arabera, izaera handiko sagarra hasi dira biltzen sagardogileak Udarako eguraldiak eraginda. Sagar bilketa aurreratu egin da aurreko urteekin alderatuta sagarraren heldutasun maila aurreratu egin denez. Beraz, inguruko sagastietan goizeko sagarra biltzen dagoeneko hasi dira sagarzale eta baserritarrak ohi baino lehenago aurten.
Txotx garaia eta udako datuak
Sagardoa edan eta sagardotegietara joateko ohiturak bizirik jarraitzen du eta sagardo sektorea indartsu ageri da gaur egungo aldaketa eta erronkei aurre egiteko. Sagardotegiak beraien produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko eraldaketa fase batean daude. Txotx garaiak, urtarriletik maiatzera, zenbait tendentzi aldaketa dituela nabarmentzen ari da sektorea, gizartearen ohitura aldaketekin bat doana; eguerdietako otorduen eskaera gorantz doa, egungo bezeroak eskatzen dituen produktu eta zerbitzu berrien eskaerarekin batera. Txotx garaian sagardotegira joaten direnen artean %80 bertako bezeroak dira, gipuzkoarrak gehienak eta ondoren bizkaitarrak. Araba, Nafarroa eta Iparraldeko bisitarien presentzia ere aipatzekoa da. Horietaz gain, atzerritar kopurua ere gorantz doa, Turismoaren igoera dela eta. Bisitatzen gaituztenen artean, Frantziarrak dira Sagardotegiak gehien bisitatzen dituztenak. Dena den, 2017. urtean orain arte ditugun datuen arabera, EEBB, Australia eta Japoniako atzerritarren gorakada nabarmena da, batez ere Txotx garaitik kanpo.
Bisitarien olatua halakoa izanik, geroz eta gehiago dira Sagardotegia urte osoan irekita mantentzen dutenak. Txotx garaiaz gain, Uda garaian izaten baitute bisitari kopuru handienetarikoa.
Geroz eta gehiago dira gure lurraldeari lotutako ohiturei eta sagardoaren kulturari buruz gehiago jakin nahi duten bertako bezero zein atzerritarrak eta hori dela eta sagardotegien eskaintza handitzen ari da. Sagardotegiko menu tradizionalaz gain, beste hainbat produktu merkaturatzen ari dira: Sagardotegietan ekitaldi bereziak (kontzertuak, bazkari tematikoak, ekintza bereziak… ), bisita gidatuak sagasti eta upeltegietara, dastatzeak, umeentzako eta familientzako planak eta pakete turistikoak lurraldeko beste hainbat eragile turistikoekin batera landuta.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak bildu dituen datuen arabera, 2012. urtetik gaur artera bisita gidatu eta produktu turistikoen salmenta hirukoiztu egin da. Hori dela eta, sagardo sektorea aukera berri honi aurre egiteko estrategia berri bat planteatzeko lanetan ari da iniziatiba eta tresna berriak sortuz: Sagardoaren Ibilbidea. Proiektu honek sagardo munduak biltzen dituen eskaintzak bateratzen ditu merkatu berrietan posizionatuz eta Sagardo Sektorea lehiakorrago eginez. turismoa
“Txotx” Kanpaina
Pantin Hondartzan izan da gaur goizean gure Sagardo Truck ospetsua. Bertan prentsaurrekoa eman dute Gipuzkoako Foru Aldundiak Explore San Sebastian Region markapean, Sektoreko ordezkariek eta Galiziako Sagardo munduko eta Surf munduko eragileek bertako instituziokin batera. Txotx kanpaina honen hirugarren geltokia dugu Galizia. Bertan Sagardoaren kultura, Sagardotegietako Txotx esperientzia bizitzeko aukera izango dute bertaratzen diren surflari zein ikusle guztiek asteburu osoan zehar. Mundu osoko 25.000 lagun espero dira Pantinen ospatzen ari den Surf Txapelketa honetan. Asteburu oparoa zinez gure sagardoarentzat! Txotx Galizian
Comentarios
Deje su comentario