Euskal Sagardo Ekologikoak
Gaur egun, geroz eta tendentzia handiagoa dago produktu ekologikoak kontsumitzeko.

Euskal sagardogileak urteak daramatzate sagar, muztio eta sagardo ekologikoak ekoizten. Gure ingurumenaren zaintza ezinbestekoa da kalitatezko produktuak ekoizteko. Hori dela eta, Euskal Herrian asko dira sagasti ekologikoa duten ekoizleak, produktu kimikorik erabili gabe ekoizten dutenak. Hona hemen Euskal Herrian dugun sagardo ekologikoen eskaintza:
EKAIN 1565 EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
Ekain Euskal Sagardo Ekologikoa Zestoako Irure Txiki Baserrian ekoizten duen sagardo ekologikoa da. Sagardotegia ireki zutenetik egiten dute lan ekologikoa, sagastitik botilara arte. Euskal Sagardoa %100 etxeko sagar ekologikoekin egiten dituzte. Sagastian 2000 sagarrondo dituzte, Euskal Herriko 30 sagar motarekin.
Ekain Euskal Sagardo Ekologikoa, betiko sagardo natural tradizionala da baina egungo teknikak erabiliz ekoiztutakoa. Sagar gazi eta gezak nahastuta egiten da. Urre kolorekoa, lurrintsua eta gorputz handikoa da.
ETXEBERRIA EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
Etxeberria sagardotegiak 50 urteko ibilbidea du. Sagardoa betitik egin izan dute, baina etxeko kontsumora bideratuta eta 1970 urtean hasi ziren sagardoa botilaratueta salmentan.
Beren sagar ekologikoak Astigarragakoak eta Asteasuko Sagastume baserrikoak dira. Sagar mota ezberdinak dituzte bertan: Urtebi Txikia, Txalaka, Urtebi Haundia, Goikoetxe eta Patzuloa nagusiki. Etxeberria Euskal Sagardo Ekologikoa lasto koloreko sagardoa da, sudurrean atsegina eta ahoan luzea eta orekatua.
GARTZIATEGI EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
Adituek diotenez, Gartziategi da egungo sagardotegirik zaharrenetarikoa, XVIgarren mendeaz gero, Urumea ibaiaren ibarrean kokatua. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutzarekin gaur egunera egokitu dute sagardogintza. Gartziategik ekoitzitako sagardo guztia Euskal Sagardoa jatorri deituraren izenpekoa da eta parte bat ekologikoan ekoiztutakoa.
Gartziategiko Euskal Sagardo Ekologikoak urre kolore disdiratsua du, fruta lurrin freskoak ditu eta ahoan txinparta fina du eta orekatua da.
IPARRAGIRRE EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
Beobide-Iparragirre Euskal sagardo ekologikoa, Iparragirre sagardotegiaren produktu izarretako bat da. Iparragirreko sagastietako sagarrez egina da, ingurunea errespetatuz eta kalitate handienez.
Bertako sagardo mota desberdinak erabiltzen dituzte Beobide sagardo ekologikoa egiteko, nagusiki: Moko, Goikoetxe, Txalaka, Merabi, Urtebi Txiki, Manttoni eta Urtebi Haundi.
Kolore horizta du eta lurrinbizia eta sakona. Ahoan sagar gazi eta helduen ukituak ezin hobeto uztartzen dira, eta mamitsua eta atsegina da aldi berean.
IZETA EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
Sagardoaren munduari lotuta egon diren bost belaunaldik idatzi dute Izeta Sagardotegiaren historia. Manuel Iruretagoienaren gidaritzapean sagardotegia ireki zenetikhiru hamarkada igaro dira eta gaur egun, sagardotegia kalitate eta zapore onenaren bermea da.
IZ Euskal Sagardo ekologikoari dagokionez, %100ean bertako sagar ekologikoekin egiten da, hau da, Izeta sagardotegiko eta Urola Kostako hainbat baserrietakosagar ekologikoz. Sagardo lurrintsua da, lasto kolore bizikoa eta ahoan sagar gazi-gezekin sortutako oreka ederra du.
OIHARTE EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
Oiharte Sagardotegia Zerainen kokatua dagoen sagardotegi gaztea da, Maite Retolaza Ojanguren eta Haritz Eguren Urrestarazuk zuzendua. 2010eko uztan hasi ziren sagardoa merkaturatzen. Nahiz eta Haritz eta Maiteren familietan bietan egin izan den sagardoa betidanik, Euskal Herriko beste hainbat etxeetan bezala, Oiharte sagardoaren merkaturatzea Maite eta Haritzen eskutik etorri da.
Oiharte Euskal Sagardo ekologikoa kolore hori iluna du eta gorputz handia, mamitsua ahoan eta luzea. Etxeko sagarrekin egina da, bildu eta prentsatu momentuan egina.
ISASTEGI EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
XVII. mendetik egiten da sagardoa Isastegi baserrian. Tolosaldean dolare asko zeuden garaian, eta sagardoa oinarrizko edaria zuen kultura batean garatu zen Isastegikosagardogintza. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako jarduerak ematen duen ezagutzarekin joan zen sortzen produktu berezi hau.
Isastegi Euskal Sagardo Ekologikoa, 15 kilometroren bueltan dituzten Tolosaleko hornitzaileen sagarrekin ekoizten da. Sagardo honek lore eta fruta aroma freskoak ditu, ahoan orekatua da; tanino sotilen eta azidotasun arteko oreka ederra du.
PETRITEGI EUSKAL SAGARDO EKOLOGIKOA
Petritegi Euskal Sagardoa ekologikoa egiteko etxeko sagarrondo ekologikoetako sagarrak erabiltzen dituzte eta muztio irakiteko, etxean lortutako Urtebi Haundi sagar legamia erabili dute.
Jasangarritasunaren aldeko apustu garbia egiten du Petritegik eta horren erakusle da, 2019an hegaztien eta saguzarren bidez intsektuen izurriteak kontrolatzeko martxan jarritako BIOBOX proiektua. Gipuzkoako hainbat sagardotegirekin batean daramate, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren elkarlanarekin.
Petritegi Euskal Sagardo Ekologikoak lasto kolorea eta tonu berdeak ditu karboniko fina, lurrin baltsamikoak eta freskotasuna dira nabarmen, eta ahoan oreka nabarmena.
Baserrian sagardoa betidanik egin dute Olan, baina 1999.urtean Bengoetxea familiak oraingo OLA SAGARDOTEGIA eraiki zuen, XIII.mendeko burniolaren paretak altxa eta berrituta. Arantzateko Burdinolan dago kokatua gaur egun sagardotegia, betiko baserria eta atzeko burdinola zaharra berrituta. Gaur egun arte mantendu diren paretak ikusgarriak dira eta xarma berezia ematen diote sagardotegiari.
Olak ekologikoan egiten sagardo guztia, bere sagastiak eta bere hornitzaileenak guztiak baitira ekologikoak. Gehien erabiltzen dituzten sagar motak Moko, Patzuloa, Goikoetxe, Urtebi handi, Errezila eta batez ere Arantzate da, bailarako sagar mota, gazia eta mikatza aldi berean, Olako sagardoei izaera berezia ematen diena. Begira sagardo horiztak dira, sagar lurrin sakona dutenak eta ahoan izaera handikoak, mamitsuak eta borobilak.
BEREZIARTUA SAGARDO EKOLOGIKOA
Astigarragako Bereziartua Sagardotegian ekoiztutako eta EENEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) bermatutako sagardo natural ekologikoa da. Bertako eta kanpoko sagar ekologikoekin egiten du: bertakoak Txalaka, Urtebia eta Franziako Judeline, Judor…, besteak beste. Sagardo fina eta urre kolorekoa da, fruta lurrin freskoak ditu eta ahoan orekatua da.
Zelaia sagardotegian XIX. mende amaieratik egiten du sagardoa Gaincerain familiak eta Joakin Gaincerain izan zen sagardogintzari profesionalki heldu ziona. Geroztik izen handiko sagardotegia da Zelaia, urtez urte garatzen eta egokitzen joan dena. Zelaiako Sagardo Ekologikoa, Nafarroako Donamariako sagastiko sagar ekologikoz egina da. Sagar mota desberdinak nahastuta egina, urre kolorekoa, fruta eta lore lurrinak dituena eta ahoan mamitsua baina aldi berean luzea eta orekatua.
Comentarios
Deje su comentario