IV. Sagardo Apurua Donostian
Sagardo Apurua inauguratu da gaur Donostiako Boulevarden Gipuzkoako Sagardogileen eskutik, hainbat ordezkari eta eragileen elkarlanarekin batera
Sagardo Apurua inauguratu da gaur, eguerdiko 12.30etan Donostiako Boulevarden eraiki den baserrian Oinkari Dantza Taldearen "Sagartu" emanaldiarekin. Ekitaldi ofizialean Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek hartu dute parte, Apuruko ekitaldian elkarlana egiten duten beste zenbait eragileekin eta Gipuzkoako Sagardotegien Ordezkaritzarekin batera.
Aurtengo sagardo berria, 2017ko uztan egindakoa, Astigarragatik jaitsi da Donostiara Urumea ibaian zehar. Horretarako, "ala" bat erabili da, garai batean sagardoa eta material ezberdinak garraiatzeko erabiltzen zen ontzi bat. Ekintza hau, Albaola Itsas Kultur Faktoriak, Lizeaga eta Petritegi sagardotegiek eman dute aurrera. Behin sagardoak Donostiara iritsita, egurrezko garabi baten bitartez, Albaolak kupelak igo ditu karretara, idi pare batek astoen laguntzarekin Boulevardeko baserrira garraiatzeko. Bidea kalejirak lagunduta egin dute sagar muztio berria jendeari dastatzera emanez.
Garai bateko sagardotegi bat egin da Boulevarden, orduko Donostiako sagardotegi eta baserrien itxura eta giroa biltzen dituena. Donostia sagardoaren hiriburua izan da mende askotan zehar: Donostiako Alde Zaharrean 100 sagardotegitik gora omen ziren aspaldian. Garai haietan, kupelak lehenengoz ireki eta dastatzeari deitzen zitzaion Apurua, irekiera ofizialaren aurretik egiten zen dastatzeari. Hori jakinda, orain ere uzta berriko sagardoak aurkezteko aprobetxatuko du Sagardo Apurua Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak.
Festaren helburua da, sagardoaren kultura jendeari zabaltzea, garai bateko ohiturak eta gaur egungo joerak azaltzea, 2017ko uzta berria aurkeztea eta eragile ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea Donostian. IV. Sagardo Apuruaren asmoa ere da, lehena eta oraina elkartzea, sagardoaren kultura eta historia ezagutzera emanda. Horrela, sagar eta sagardoaren kulturarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi izango ditugu, Boulevarden egongo den dolare-baserrian.
Bost eguneko ekitaldia antolatu du GIPUZKOAKO SAGARDOGILEEN ELKARTEAK Boulevarden eraiki duen BASERRI - SAGARDOTEGI zaharrean, abenduaren 6, 7, 8, 9 eta 10ean. Sagardo desberdinak dastatu, inguruko tabernetako pintxoak dastatu, bertso, trikitixa edo musikaz gozatu, sagardo dastatze maridatuetan parte hartu, herri kiroletan parte hartu, bolan jolastu, Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta Gastromuseums sareak eskainiko dituzten tailerrak eta abar luze bat egiteko aukera izango du inguratzen denak.
Ekintza ezberdinen artea azpimarratzekoa da abenduaren 9an goizeko 11:00etan egingo den Euskal Herriko lurralde ezberdinen artean egingo den UZTA BERRIAREN AURKEZPENA. Bizkaia, Araba, Nafarroa, Iparraldea eta Gipuzkoako Sagardo Berria nola datorren aurkeztuko da eta baita SAGARDOA ROUTE, Sagardotegien Etorkizunerako proiektua . Eta ondoren, 14:00etan 7 LURRALDEETAKO PRODUKTUEKIN (sagardoa, deribatuak eta jakiak) BAZKARI-MARIDAJEA egingo da, produktore bakoitzak bere produktuaren berezitasunak azalduz. Bazkari hau publikoarentzat irekia da eta txartelak dagoeneko salgai daude Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943336811 - gipuzkoako@sagardotegiak.com).
Sagardoa eta deribatuak, gure edari
Baserri tolarearen bereizgarri izango da Sagardoaren dastatzea. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko produktu guztiak izango dira jendearen gozagarri: Sagardo Naturala, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Sagardo Apardunak, Sagar Zukuak, Kriantzak eta Sagardo Ekologikoak, besteak beste.
Bertako jakiak gure sukaldean
Gure produktuen dastatze aktiboa Baserri Tolareko sukaldean, bertako produktuetan oinarrituta: xolomoburua, gazta irasagarrarekin, sagardotan egositako txorizoa, bakailao ajoarrieroa tenperatura baxuan egositako arrautzarekin, besteak beste. Gure sukaldearen ondoan egongo da egunero bertako produktuen azoka.
Zubiaren mugimendurako prest: informazio puntua eta museoa
Abenduko zubia jende mugimendu handia duen oporraldia da gure lurraldean. Ondorioz, bertaratu daitezkeen turistak edota hiriburura egun-pasa datozen bisitariak behar bezala hartzeko hobekuntzak bideratu ditugu aurtengo edizioan. Donostiak hiriburu gisara produktuekin (sagardoa kasu) historikoki izan duen harremana azaldu eta sektoreak eskaintzen dituen plan, pakete, otordu eta beste hainbaten erakusleiho izango da batetik Apuruan bertan egongo den informazio puntua, eta bestetik, Apuruan Kultura eta Historia azalduz jarriko dugun museo-erakusketa. Informazio puntu honetan,sagardo munduaren informazioaz gain, gure lurraldeko informazioa ere egongo da, Gipuzkoa (Explore San Sebastian Region) eta Euskal Herriko (Visit Euskadi-Basque Country) baliabide turistiko ezberdinak eskainiz.
Bertatik igaroko dira Donosti Turismoren bulegoak egun horietan Alde Zaharrean egingo dituen bisitak, eta zenbait eragile turistiko zein kulturalek gune berezi bat izango dute aurtengoan: Albaola Itsas Faktoriak urteroko ohitura mantenduz EuskaI tsasgitzaren inguruko erakusketa berezi bat eskainiko du. Zeraingo Museo Etnografikoak eta Beasaingo Igartza Jauregiak Burdinaren inguruko erakusketa bat eta Euskal Museo Etnografikoen Sareak "Gastromuseums" izenpean ere bertan lekua izango du euren tailerrak egin eta ekitaldia aberasteko.
Baserria bera garai bateko Sagardotegi moduan apainduko dugu, baina zati modernoa ere izango du, egungo kontsumoa eta ohiturak bertan agertuz.
Bertako produktuen azoka
- ASTEAZKENA, ABENDUAK 6: Basatxerri
- OSTEGUNA, ABENDUAK 7: Basatxerri
- OSTIRALA, ABENDUAK 8: Rafa Gorrotxategi
- LARUNBATA, ABENDUAK 9: Idiazabal gazta
- IGANDEA, ABENDUAK 10: Baserria km.0 (Urkaiko eta Euskaber)
Beraz, Donostiako Boulevardean bost egunetan zehar izango ditugun ekitaldiak hementxe, hurrenez hurren:
EGITARAUA
Comentarios
Deje su comentario