- Urteurren berezia ospatzeko asmoz, urriaren 10ean eta 11ean, eguerdian, festa nagusituko da trikitilariekin eta bertan bazkaltzeko aukerarekin
- Baserriko prentsaketa zuzenean ikusteko urteko une bakarra da
- Programak kirikoketa erakustaldiak, bisita antzestuak eta Legazpiko Langileen ibilbidera bisita gidatua barne hartzen ditu
- “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketa ikusteko aukera
- Jarduerak Erronka Garbia Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzea lortu du
Aurten, Igartubeiti Baserri Museoaren 25. urteurrenean, Sagardo Astea ospatuko dugu urriaren 7tik 17ra. XXV.edizio honetarako, urteurren berezia ospatzeko, ekitaldi osagarriak antolatu ditugu. Baserriko prentsaketa zuzenean ikusi ahal izango den urteko aukera bakarra da, sagar zukuaren elaborazioa, hilabete batzuen buruan hartzitu eta sagardo bihurtuko dena. Sagardoa Routekin (Euskal Sagardoaren Ibilbidearekin) lankidetzan,Sagardoaren Astearekin batera, programazio oparoa izango da, eta sagarraren prentsatzeaz gain, trikitixa saioak, antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak, erakusketak ikusi eta Legazpiko Langileen Ibilbidea bisitatu ahal izango da. Urriaren 10ean ea 11ean bazkaria bertan erosteko aukera ere izango da eta ez da beharrezkoa izango horretarako izena ematea.
Igartubeiti Baserri Museoak jasangarritasunaren aldeko apustuan lanean jarraitzen du, eta aurtengo Sagardo Astea Erronka Garbia ingurumenaren jasangarritasun planaren baliozkotzearekin egingo da. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza departamenduak eta Ihobek bultzatzen duten programa da Erronka Garbia, eta ekitaldiak, diseinatzen diren unetik amaitzen diren arte modu jasangarrian ospatzea du helburu.
Erronka Garbia proiektuaren helburu nagusia kontzientziatzea da, bai ekitaldia bera antolatzen duten pertsona eta erakundeei eta baita ekitaldi horietan parte hartzen duten pertsonei ere. Helburu horrek erabat egiten du bat Igartubeiti Baserri Museoaren filosofiarekin, helburuekin eta jarduketarekin, eta horregatik erabaki da Sagardo Asteari begira egitea lanketa, museoaren urteko ekitaldirik garrantzitsunean.
Hala, eta Erronka Garbia ziurtagiriari lotuta, mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak ardatz izango dituen neurriak hartuko dira.
Besteak beste, bisitariak Igartubeiti Baserri Museora garraio publikoan etortzea sustatuko da, eta posible ez den kasuetan, Ezkioko industriagunetik museora doan eskainiko diren autobusak erabiltzea bultzatuko da.
Beste helburuetako bat hondakinen kudeaketa izango da. Ahalik eta hondakinik gutxien sortzea eta sortzen direnak sailkatzea izango da helburu nagusia. Uraren erabileran ere izango du eragina Erronka Garbiak, eta kontsumoa murrizteko eta kontrolatzeko hainbat neurri hartuko dira.
Igartubeiti baserri museoarentzat urteko ekitaldirik garrantzitsuena da, Sagardo Astea, aurtengoa berezia denez, ohiko jarduerez gain bereziak ere ospatuko dira urteurrena komunitatearekin ospatzeko. Hitzordu honetan, baserriko bisitariak, urte osoan behin bakarrik, Igartubeiti baserriko eguneroko jarduera baten lekuko dira: dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikus dezakete.
Prentsaketak erritmoarekin, antzespenak, trikitilariak eta erakusketak
Urriak 10, 11, 12 eta 17ko sagar jotzetan kirikoketa talde bat izango da. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da. “Sagar joaleak”, Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltranek, euskal herriko musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoak, eskainitako lantegi batzuetan sortutako taldeko partaide dira.
Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez Igartubeiti baserria ezagutzeko aukera eskaintzen du. Urriaren 10ean, 11ean, 12an eta 17an, 10:45etatik aurrera, antzespenak izango dira, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarretak, aktore tolosarrak, Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa antzestuko du.
Urriaren 10ean, larunbatean, eguerdiko bazkal ordua girotzeko, Arandia anaiak trikitilarien saioa izango da eta urriaren 11ean, igandean, Elustondo anai-arreba trikitilariak arituko dira. Bi egun hauetan, urriaren 10ean eta 11ean, bertan bazkaria erosteko aukera izango da.
Urriaren 10ean eta 17an Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua eskainiko da gazteleraz arratsaldeko 17:00etan.
Egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen direnek, zenbait erakusketa ikusteko aukera izango dute. Interpretazio zentroan ikusgai dagoen “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino.
Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez, agerian uzten du eta desmitifikatu egiten du denboran zehar arte ezberdinek eta literaturak arkitektura-tipologia honi buruz sortu duten irudi idealizatua, iruditeria kolektiboan sakonki eraginez.
Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere izango da.
Ingurumen inpaktua prozesu osoan zehar
Igartubeiti Baserri Museoak urteak daramatza baserriaren aberastasuna lantzen, baserria bera ondarearen ardatza dela kontutan izanik. Bere zaintzatik hasita, errespetutik, ingurunearen, bere baliabideen, erabilpenen eta eskaintzen dituen zerbitzuen arteko oreka bilatzeko lan egiten da.
Izan ere, urteko jarduera bat izatetik haratago, Sagardo Astea negutik udazkenera bitartean garatzen den prozesu baten emaitza da, sagarraren ziklo naturalarena. Sagarra dolarean jo aurretik, lan ezberdinak egin behar izaten dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, hauen izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa. Jarduera horiek guztiak ere ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin helburuarekin egiten dira. Horren adibide da, esaterako, Sagardo Astean zanpatzen den sagarra Ezkio inguruko hornitzaileen bidez lortzen dela, produktuaren trazabilitatea ahalik eta mugatuena eta murritzena izan dadin.
Izan ere, Igartubeiti Baserri Museoan, ingurumen eta jasangarritasun lanketa ez da Sagardo Astera bakarrik mugatzen, baserriaren eta museoaren urteko helburua baita horiek zainduz ingurumena ere babestea.
Hala, Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzea lortuta, Sagardo Astean Erronka Garbia marka erabiltzeko eskubidea ematen dion Erronka Garbia ziurtagiria estreinatuko du Igartubeiti Baserri Museoak.
Igartubeiti Baserri Museoa eta Sagardoa Route
Euskal Sagardoaren Ibilbideak, astero irteerak antolatzen ditu Igartubeitira, asteazkenero eta ostiralero garraioarekin eta astearte, ostegun eta larunbatetan garraio gabe. Gure tradiziorik zaharrenez bustitzeko eta sagardo eta gastronomiarik onenaz gozatzeko proposamena. Esperientzia Igartubeitin hasten da, non duela sei mende sagardoa nola egiten zen ikusteko eta ondoren bertako sagardotegi batean, gaur egun sagardoaren prozesua ezagutzeko aukera duten bisitariek. Gainera, sagardotegiko menu tradizionalaz gozatu ahal izango dute sagardo onenarekin. Sagar zuku tailerrak ere eskaintzen dira, familian egiteko plan bikaina!
Informazio gehigarria:
- Plaza mugatuak. Aurrez izen ematea 943 72 29 78 / 72 51 07; igartubeiti@gipuzkoa.eus.
- Igartubeitira nola iritsi: Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1 km) hau da, Ormaiztegi eta Zumarraga artean: https://labur.eus/6RPLA
- Jardueren programa:
- Igartubeitiko dolarea martxan: Urriak 7, 8, 9,13, 14, 15 eta 16ean 11:30etan
- Igartubeitiko dolarea martxan Kirikoketa erritmora: Urriak 10, 11, 12 eta 17an 12:00etan
- Antzespenak baserrian :
- Urriak 10 eta 17: 10:45 erderaz / 1:15 euskeraz / 11:40, erderaz
- Urriak 11 eta 12: 10:45 euskeraz / 11:15 erderaz / 11:40, euskeraz
- Bazkaria erosteko aukera: Urriak 10 eta 11
- Trikitilariak: Urriak 10 eta 11ean, 15:00-16:00
● Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua
Urriak 10 eta 17: 17:00etan


