Sagar biltzen hasi dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagastietan. 1,5 milloi kg biltzea aurreikusten da, datu zehatza urte bukaerarako izango bada ere.
Barrualdean sagar gehiago da eta kostaldean gutxiago, neguko hotz faltak eraginda hein handi batean. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sektoreak eman ditu datuak, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batean.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagasti gehienetan eta datozen egunetan hasiko da gainerako sagastietan. Iazko urtearekin alderatuta, uzta nabarmen txikiagoa da aurten eta 1,5 miloi kg Euskal Sagar biltzea aurreikusten du Kontseilu arautzaileak. Heldutasunari dagokionean, iaz baino azukre gehixeago dakar sagarrak, ur gutxiago eta bero handiagoa izan duelako nagusiki. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastietan oso desberdin dator sagarra beraz aurten, eta gehiena Gipuzkoako Goierrin eta Arabako leku batzuetan da. Sagarrik gehien eskuz bilduko da sagastietan, gure orografia eta klimak horretara bideratzen baitu bilketa gehienean. Gehienak arbolak astindu eta lurretik, baina badira eskuz sagarrondotik biltzen hasi direnak ere eta horrez gain, hemengo sagastietara egokitutako sagar biltzeko makinak ere badira. Uztak orekatzeaz gain, sagar biltzeko modu berriak eta egokituak bilatzea izango da sektorearen helburu nagusietako bat datozen urteetan. Iazkoarekin alderatuta, sagar ale txikiagoa da aurten eta izaera handiko sagardoak espero behar dira.
Bertako sagarrak badu ezaugarri bat: bi urtean behin gehiago emateko joera. Hori orekatzea da sagastiko proiektuen helburu nagusietako bat. Urteroko moduan, Aitor Etxandia Sagar teknikariak azaldu ditu sektoreak dituen proiektu nagusietako batzuk:
- Bakanketa: asko den urtean lorea edo sagarra kentzea, sagarrondoek urtero uzta orekatuagoak eman ditzaten. Zenbait sagastitan egin diren frogek emaitzak eman dituzte eta hemendik aurrerako helburua izango da, sagasti kopuru altu batean egitea esperimentazioa, emaitza garbiak izateko.
- Geneva txertakak: Txertaka berri hauen gainean Euskal Sagarrak txertatu eta gure lurretan zer emaitza ematen duten ikusteko proiektua da eta dagoeneko hainbat Genevaren gainean txertatutako sagar landareak badaude Otalarrea Sagasti esperimentalean.
- Lurraren egoera eta garrantzia.
- Ekoizpena: gaur egungo sagar ekoizpenak handitzeko saiakera eta horretarako egoera aztertu eta neurriak hartzea.

Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Villabonako Otalarrea Sagasti esperimentalean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagastia da eta bertan egiten dira azken urteetako esperimentazioetako asko. Kontseilu Arautzaileak ikerketa hauek beste herrialdetako sagasti esperimentaletara zabaldu nahi ditu eta baita sagasti pribatuetara ere. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko azterketa proiektuen berri eman du sektoreak eta beren apustuen berri eman dute Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek. Prentsaurrekoan parte hartu dute besteak beste Maite Retolaza sagar eta sagardogile eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako lehendakariak, Ainhoa Larrea sagargile eta Euskal Sagardo Jatorri deiturako kide eta Fruiteleko Lehendakariak, Aitor Etxeandia sagar teknikariak, Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kideak, Joseba Aranburu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Oreka Berdeko Zuzendariak, Nora Beltran de Otalora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak. Sagargile eta sagardogileek hartu dute parte prentsaurrekoan. Gaur Otalarrean elkartu diren sagargile asko sagardogile ere badira, sagar ekoizpena baita denaren oinarria, eta hori hala den neurrian oinarritik ari da lanean sagardo sektorea urtez urte euren etxeetako ekoizpena handitu, hobetu eta bermatzeko.

MALUS BI, SAGARREAN OINARRITUA
2025 eta 2026 urteetan Malus Bat proiektua martxan jarri dute, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko sagardo sektoreak eta eragileak, sagarraren, sagardoaren eta sagardotegien egoera aztertu eta datozen urteetarako proiektu garrantzitsuak eta Ibilbide orria zehazteko. Euskal Sagardoarentzako Plan Estrategikoa izango dena garatu da beraz 18 hilabetez.
Bilera hauetan ikusi da, sagarrak duela garrantzia berezia eta hainbat gabezi eta erronka badaudela datozen urteetan gainditu beharrekoak. Hori horrela, herrialde guztietako eragileen artean landu beharreko proiektua prestatzen ari da Euskal Sagardoa, Malus Bi izenarekin, erabat sagarrean oinarritua. Euroeskualdearen markoan garatu nahi da proiektua Malus Bat bezalaxe, erraminta ezinhobea izan baita eragile guztiak bildu eta aurrerako oinarriak jartzeko. Malus Biren helburu nagusia izango da kalitatezko sagarra sortzeko beharrezko proiektuak eta bitartekoak aurkitzea eta adostea. Horren berri eman du Olatz Mitxelenak prentsaurrekoan.

SAGARDO SAGARRAREN KOSTUAK ETA BEHATOKIA
Sagardo sektorea lanean ari da, sagarraren eta sagardoaren erreferentziazko kostu teorikoak osatzeko. Behatokia ari da lan horretan eta sektoreko teknikarien laguntzarekin. Datorren urterako kostu teorikoak kalkulatuta izatea aurreikusten da, prezio orkila batekin.
BERTAKO SAGARRAREN EKOIZPENA HANDITZEA HELBURU
Euskal Sagardoaren barruan 500 hektarea sagasti inguru daude izen emanda. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegiek hartzen dute, gehiena berek ekoiztua eta gainerakoa inguruko sagargileei erosia, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 166 hektarea dira produkzioan sartu berriak edo datozen urteetan produkzioan sartuko direnak. Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, sagasti berriak jartzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai sektorearen, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta sagargintza profesionalizatzen jarraitzea ere bada helburua, kalitatezko uzta orekatuak lortzeko bidean. Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardoa proiektuak bultzatuta eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagastietan egiten den bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia. Hala ere, urte asko dituzten sagasti txikietan bada arazo bat, belaunaldi-errelebo falta eta azken urteetan nabarmentzen ari da arazo hori: sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta dela, eta baserrietan lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dagoela. Gai horri ere heldu dio Jatorri Deiturak administrazioekin batean, etorkizunerako aukerak bilatu nahian.
IPARRALDEA ETA NAFARROAREN SARRERA
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura Nafarroa eta Iparraldeko sektoreekin bat eginda dago, hauek ere Jatorri Deituran sartu daitezen. Prozesu luzea da, baina bide onetik doa. Iparraldearen sarreraren zain dago Kontseilu Arautzailea, Europar Batasunaren behin betiko erantzuna falta baita, eta behin hori lortuta Nafarroa sartzeko pausoak emango dira eta baita Trebiñu sartzekoak ere.
PROIEKTU ESTRATEGIKOAK
Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu aurkeztu zituen 2021ean Jatorri Deiturak, geroztik proban jarri direnak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Horiez gain, beste proiektu interesgarri batzuk ere jarri dira martxan azken urteetan:
- Geneva txertaken erabilera: Geneva txertakak sagardo sagarrean erabiltzeko proiektua martxan da. Aurreikusi liteke, produkzioan azkarrago sartuko direla sagarrondoak, phytorphthorarekin arazo gutxiago izango direla eta mekanizatua erraztuko dutela. Badira dagoeneko Geneva txertaka gainean txertatuko sagastiak, Otalarrean bertan esaterako eta emaitzak datozen urteetan izango dira.
- Interpolinizazioa: sagarrak, beste sagar mota bat behar du inguruan polinizatzeko eta sagar mota desberdinen arteko polinizazio gaitasuna neurtzea ezinbestekoa da sagasti berriak planifikatzeko garaian. Bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea azken urteetan. UPNArekin batean egin da proiektua eta sagar mota batzuentzako emaitza nagusiak badaude dagoeneko eta sagasti berrietan proban jartzen ari dira. Hala ere, konpatibilidadea ez ezik, loraldi garaian elkar hartzea ere ezinbestekoa da polinizatzeko eta hori ere aztertzen ari dira. Orain, loraldiaren gaia lantzeaz gain, falta diren sagar bariedadeetara zabaldu nahi da azterketa, jendeak gehien behar dituen sagar motak landa ditzan, baina polinizazioa kontuan izanda.
- Bakanketa: sagar asko den urteetan sagarra bakantzea garrantzitsua da, urtero uzta orekatuagoak izateko. Azken urteetan, hainbat sagar motekin egin da entsaioa, sagasti desberdinetan. Orain, sagasti askotara zabaldu nahi da esperimentazio hau, emaitzak mostra zabala izan dezaten.
- Ekoizpena: gaur egungo sagar ekoizpenak handitzeko saiakera egiten ari da sektorea eta horretarako faktore nagusiak kontrolatu eta horretara bideratutako lan egiteko dinamikak txertatu behar dira sektorean.
- Lurra: Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketa eta osaketari eta sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak ekilibratzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Gure lurren egoera ezagutzeko azterketa sakon bat egitea da helbura eta Malus Bi proiektuaren barruan txertatu nahi da.

Mota desberdinak
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta gaziak (garratzak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:
GAZIAK (GARRATZAK):
- ERREZILA
- GOIKOETXE
- TXALAKA
- URTEBI HAUNDI
- FRANTZES SAGARRA
- BOSTKANTOI
- HARITZA
- AZPEITI SAGARRA
- MANTTONI
- IBARRA
GEZAK:
- GEZAMIÑA
- URDIN
- MOZOLOA
- PATZULOA
- MIKATZA
- UDARE MARROI
- TXORI SAGARRA
GAZI-GEZAK:
- MOKO
- LIMOI
- MERABI
- MOKOTE
- URTEBETE
- URTEBI TXIKI
- SALTXIPI
Nafarroa eta Iparraldearen sarrerarekin 250 sagar motatara zabalduko da zerrenda hau, bertako sagar motak medio. Beren artean antza handia duten sagar motak dira asko, eta guztiak dira mundu mailako gainerako sagar motekin alderatuta ADN berezia dutenak, ehundaka urtean Euskal Herrian sortu eta garatuak baitira.
Muztio elaborazio tailerrak eta bisita gidatuak Sagardoaren Ibilbidearen eskutik
Uzta garai hau sagardotegia bisitatzeko oso garai aproposa da. Horregatik, Euskal Sagardoaren Ibilbideak zuku elaborazio tailerrak eta bisita gidatuak eskaintzen ditu sagardogintza barrutik ezagutzeko. Informazio guztia www.sagardoa.eus webgunean aurki daiteke irteeren atalean.
Sagar Uzta Jaia irailaren 27an Astigarragan
Astigarragan Sagar Uzta jaia izango da irailaren 24tik 27ra eta egun nagusia irailaren 27an izango da, igandea, egun osoko egitarau zabalarekin. Astigarragako Plazan izango dira ekitaldi nagusiak eta urteroko moduan sagarra ezagutu eta gozatzeko aukera izango da. EGITARAUA
Sagardo Astea urriaren 7tik 17ra, Igartubeiti baserri museoan
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea egingo du urriaren 9tik 19ra, bertako dolarea martxan ipiniz, bere 24. edizioan. Baserriko sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra da. Programak kirikoketa erakustaldiak, bisita antzeztuak, muztio egin berriaren dastatzea eta abar luze bat biltzen ditu. Beharrezkoa da izena ematea, plaza mugatuak baitira. Erreserbak 943 72 29 78 telefonoan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus-en egin daitezke. Informazio gehiago www.igartubeitibaserria.eus web orrian.
XXIV. Sagar Eguna irailaren 27an Ola sagardotegian
Bidasoa bailaran ere izango da Sagar Eguna urteroko moduan, Irungo Meaka auzoan hain zuzen ere, XXIV. Sagar Uzta jaiarekin. Irailaren 27an izango da, igandearekin. Ola sagardotegiak urteroko jaia antolatuko du goizeko 11:30etatik 14:30etara. Sagar erakusketa, haurrekin muztioa egitea, muztio berria eta sagardoa dastatzeko aukera eta abar luze bat izango dira goizean zehar.

Euskal Sardoa jatorri-deitura
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura gaur egungo eta etorkizunerako proiektu bat da, Euskadiko Sagargile eta Sagardogile sektoreek gidatua eta erakunde desberdinek babestua. Sagar eta sagardo sektoreari oinarri sendoak jartzea du lehen helburu, baina horrez gain, kontsumitzaileari bertakoa eta kalitatezkoa den produktuaren gaineko bermeak eskaintzea ere bai. Izan ere bi oinarriren gainean eraiki da Jatorri Deitura: bertako sagarra eta kalitatea.
- Bertako sagarra: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bertako 106 sagar mota ditu onartuak, nagusiak hauetako 24 badira ere. Euskal Herriko sagardogintzak duen altxorretako bat dira gure sagar motak, menderik mende gure baserri eta sagastietan hobetzen joan direnak, ahalik eta sagardorik onena egiteko helburuz. Euskal Herrian sortu eta garatutako sagar motak dira, hemengo baldintzetara oso ondo egokituak eta gure Euskal Sagardoak eskatzen dituen baldintzak biltzeko egokiak.
- Kalitatea: kalitate berme guztiak eskaintzen ditu Euskal Sagardoak, sagastitik botilaraino kontrol zorrotzak ezarrita. Euskal Sagardoek botilaratu aurretik analisi fisiko kimiko eta organoleptikoak pasa beharko dituzte Fraisoro laborategian. Prozesu guztiaren kontrola HAZI Fundazioak egiten du.
Hauek dira Euskal Sagardoa osatzen duten sagardotegiak:
- Araba: Kuartango / Iturrieta.
- Bizkaia: Axpe / Etxebarria / Uxarte.
- Gipuzkoa: Aburuza / Akarregi / Alorrenea / Altzueta / Altuna / Añota / Araeta / Astarbe / Barkaiztegi / Begiristain / Bereziartua / Egi-Luze / Eguzkitza / Ekain / Etxeberria / Eula / Gartziategi / Gaztañaga / Gurutzeta / Iparragirre / Ipintza / Irigoien / Iruekhi / Isastegi/ Itxasburu / Izeta / Larrarte / Lizeaga / Mizpiradi / Oianume / Oiharte / Ola / Petritegi / Saizar / Sarasola / Satxota / Tximista / Txindurri-Iturri / Urbitarte / Urdaira / Zabala / Zapiain / Zelaia.
Sagardogile gehienak sagargile ere badira eta horrez gain, sagargile gehiago daude Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Gaur egun 100 produktutik gora egiten ditu sektoreak Euskal Sagardoaren barruan, bertako sagar hutsez.

Euskal Sagardoaren historia eta bilakaera
Sagardoa Euskal Herriko edaria izan da ehundaka urteetan. Idatzi eta erreferentzia zaharrenek, bertako edari garrantzitsua izan dela adierazten dute mende luzetan ezinbestekoa elikaduran. Eta hala azaltzen dute bertako 1.800 sagar mota desberdinek ere.
XV-XVI. mendeetan izugarrizko gorakada izan zuen gainera sagardoaren kontsumoak, Euskal Herria herri industriala zelako eta jende multzo horrek sagardoa edaten zuelako. Hortik sortu ziren Tolare Baserriak, sagardoa egiteko industria erraldoiak zirenak garai hartarako. Zenbaitek diotenez, 1.000tik gora zeuden Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroan. Gaur egun, lehenengo eraiki zituzten Tolare-baserri haien adibide bat geratzen da: Ezkio-Itxasoko Igartubeiti baserria.
Besteak beste, marinelen edaria ere izan da sagardoa itsasaldi luzeetan, eta sagardoa eramateko ohitura zutenez, eskorbutorik ez zuten izaten euskal marinelek.
Sagardoak beherakada izugarria izan zuen gerra ostean eta 50-60 hamarkadatan, jendea baserriak uzten joan zelako. Ondoren, zenbait sagardogilek berriz lanari heldu eta oraindik indarrean dagoen susperraldia eragin zuten.
Euskal Sagardoa jatorri-deiturak badu helburu bat: garai batean gertatzen zen moduan, berriz ere bertako sagarra izatea euskal sagardogintzaren ardatza.
Euskal Sagardoaren Ibilbidea
Sagardo munduak eskaintzen duen informazio guztia dugu eskura www.sagardoa.eus webgunean, eta geroz eta bisitari gehiago dira mundu honek eskaintzen duenaren inguruan interesa dutenak. Horretaz gain, nabarmen igo da aurtengo denboraldian ere sagardo dastatzeak sagardotegietan egiteko eskaera. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 50 kideek 192 produktutik gora ekoizten dituzte: Euskal Sagardo naturalak, apardunak, ekologikoak, onduak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturalak, bereziak…. Interesatuak etxean jaso ahal izango dituzte on-line salmenta bidez.
Web orrian bisitariek sagardoaren inguruko irteeren, asteburu pasen eta txangoen informazioa sakonean eskuratu ahal izan dute. Sagardotegietako bisita gidatuen erreserbak %84an hazi dira, online mahai-erreserbak %15ean eta internet bidezko sagardo salmenta %19an. Bertako bezeroek sagardotegietako bisita gidatu laburrak egiteko aukeraketari eutsi diote eta bezero hauek dira nagusiki otordua egiteko mahaia ere online erreserbatzen dutenak (%76). Katalunia da online sagardo gehien erosten duen erkidegoa, erosketen %28arekin.
Datuek erakuste dute lanerako lerro interesgarri bat irekitzen ari zaiola sagardogile sektoreari. Euskal Herriko sagardoaren kulturak duen balioa eta atzerritarrek duten interesa ikusita, sagardo sektorea, turismoaren sektorean lanean ari da eta baita bertako bisitariei zerbitzu zabalagoa eskaintzen ere.
Eskaera berri honen testuinguruan jaio zen Euskal Sagardoaren ibilbidea. Sagardogintza sektorea eraberritu, oinarria eta izaera indartu, egoera zein bide berrietara egokitu; horiek dira ardatzak. Sagardogintza sektorea etengabeko aurrerapausoak ematen ari da. Gaur egungo sagardo kontsumitzailea zein sagardotegietako bezeroa anitza da. Horren aurrean, sagardogileak produktuaren dibertsifikazioa eta zerbitzuen eskaintza zabaltzearen alde egin dute. Izan ere, merkatuaren aldaketei eta egoera berriei erantzuna emateko jaio zen Sagardoa Route, euskal sagardoaren ibilbidea gidatzen duena.
Esperientzia gastronomikoak eta kulturalak definitu ondoren, Ibilbideak produktu turistikoen eskaintza zabala aurkeztu du. Euskal Lurralde guztietan ditugu sagardotegiak eta gure lurretik mendeetan zehar jaio den produktua da sagardoa. Sagardogintza eta lurraldea. Gure jatorria eta historia. Horixe kontatu nahi du Ibilbideak, sagardoaren kultura balioan jartzeko helburuarekin.
Informazio guztia www.sagardoa.eus webgunean dago eskuragarri. Euskal Lurraldeetan banatuta, dagoeneko 61 sagardotegi dira EUSKAL SAGARDOAREN IBILBIDEA proiektua osatzen dutenak.
