TOPA! 39. Sagardo Eguna Donostian

Sagardo paregabeak Donostian, udako beroari aurre egiteko

TOPA! 39. Sagardo Eguna Donostian

Donostiako Sagardo Egunak Konstituzio plaza bere egin du gaur, eta 4.000 lagunetik gora elkartu dira bertan. 32 sagardotegiren sagardoa izan da aukeran, muztioa, sagar bonboiak, Eusko Label pintxoak, giro paregabean. Sektoreak ekoiztutako Sagardoak izan dira protagonista, Euskal Sagardoak eta azken urteetan eragin duen dibertsifikazio guztia. 

Ekitaldiaren antolatzaile da Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Euskal Sagardoaren Ibilbidearekin eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Donostiako Udala, Donostia Festak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzarekin eta Laboral Kutxarekin batera.

Euskal Sagardoaren Ibilbidea – Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kide diren 32 sagardotegik hartu dute parte aurtengo ekitaldian. Beraiek izan dira 2025 uztak eskaini duen onena gerturatu direnei dastatzen emateaz arduratu direnak. Triki eta bertso doinuez lagunduta zerbitzatu dira 6.000 botila inguru, pintxo goxoez lagunduta. 

Bertan izan dira gonbidatu bereziak: Jon Intxausti, Donostiako Udaleko alkatea; Raimundo Ruiz de Escudero, HAZI Fundazioaren zuzendaria, Raúl Pérez de Iratxeta, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordea, Nora Beltran de Otalora, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria; Jakes Agirrezabal, Turismo eta Merkataritzako Sailburuordea; Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Joseba Aranburu, Nekazaritzako eta Lurralde Oreka departamentuko zuzendaria; Astigarraga, Andoain, Hernani, Usurbil, Urnieta, Asteasu eta Ataungo udal-ordezkariak; Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Kideak; eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ordezkariak besteak beste.

Hauek dira Sagardo Egunean parte hartu duten Sagardogileak:

 

  1. Aburuza (Aduna)
  2. Akarregi (Hernani)
  3. Alorrenea (Astigarraga)
  4. Altuna (Urnieta)
  5. Altzueta (Hernani)
  6. Añota (Azpeitia)
  7. Astarbe (Astigarraga)
  8. Astiazaran (Zubieta)
  9. Barkaiztegi (Donostia)
  10. Calonge (Donostia)
  11. Etxeberria (Astigarraga)
  12. Gartziategi (Astigarraga)
  13. Gaztañaga (Andoain)
  14. Gurutzeta (Astigarraga)
  15. Iparragirre (Hernani)
  16. Izeta ( Aia)
  17. Lizeaga (Astigarraga)
  18. Mizpiradi (Andoain)
  19. Oianume (Urnieta)
  20. Oiarbide (Astigarraga)
  21. Oiharte (Zerain)
  22. Ola (Irun)
  23. Petritegi (Astigarraga)
  24. Rezola (Astigarraga)
  25. Rufino (Hernani)
  26. Saizar (Usurbil)
  27. Satxota (Aia)
  28. Tximista (Ordizia)
  29. Urbitarte (Ataun)
  30. Urdaira (Usurbil)
  31. Zabala (Aduna)
  32. Zelaia (Hernani)

Plazako dastatzeaz gain Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hainbat ekintza bideratu ditu bertan, sagardogileen mendeetako ofizioa erakustera eman eta duen esanahia, sekretu ezezagunak eta balioa adierazi ahal izateko. Horren adibide da, esaterako, garai bateko eran sagardoa egitea. Sagarrak kizkia eta saskiarekin bildu, txikitu eta ondoren tolaren prentsatzea Ander eta Aitor Altuna eta Axen Urretabizkaiaren eskutik. Honetarako Altzoko Felix San Sebastianen sagastiko sagarrak bildu eta ekarri ditugu plazara.  Plazan elkartu diren sagardozale guztiek 2026ko uztarekin egindako lehen muztioa dastatu ahal izan dute. 

Eguneko momentu hunkigarriena omenduak oholtza gainean suertatu da. 2026an 65 urte egin dituzten edota Sagardogintza lanak utzi dituzten Sagardogilea omendu dugu aurten ere, Hernaniko RUFINO Sagardotegiko Jabier Ansorena eta Marian Matas. Elkarteko lehendakari eta juntakideen eskutik jaso dute gure oroigarri kuttuna. 12:30ean kopa bana eskuan egin da TOPA! ofiziala. Bertan izan ditugu administrazioetako ordezkariak, omenduak eta sagardogile guztiak. Hala itxi da eskertze ekitaldia, sagardogileei egindako lana eskertuz. 

LABORAL KUTXA EUSKAL SAGARDOA-rekin lankidetzan eta haren sustapenean

Edizio honetan, eta LABORAL KUTXA-ren lankidetzari esker, sagardoarekin egindako txokolateak dastatzeko eskaini ziren 2026ko uztako lehen muztioarekin batera, Maitiana gozotegi historikoaren eskutik, zeinarekin batera txokolate hauek egiteko tailerrak eskainiz lankidetzan aritzen den.

Bertako Eusko Label Pintxoak Txomin Parrillaren eskutik

Txomin Parrillak Basatxerri xolomoburua eta txorizo egosia prestatu ditu ekitaldian zehar, bertaratu direnen gustagarri. Orain artean Petritegi Sagardotegia izan da pintxoen postua kudeatu duena eta aurten aldaketa eman du Elkarteak bertako Euskal Label pintxoen puntua sortuz. Honen parean, Ordiziako Arizmenditarren eskutik Itziar Etxeberriaren familiak jarriko du gazta pintxo eta gazta saltzeko postua. 

Euskal Sagardoaren Ibilbidea: informazio puntua eta Sagardoaren inguruko irteerak uda honetako arrakasta

Sagardo munduak eskaintzen duen informazio guztia dugu eskura sagardoa.eus webgunean, eta geroz eta bisitari gehiago dira mundu honek eskaintzen duenaren inguruan interesa dutenak. Horretaz gain, nabarmen igo da aurtengo denboraldian ere sagardo dastatzeak sagardotegietan egiteko eskaera.  Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 50 kideek 192 produktutik gora ekoizten dituzte: sagardo naturalak, apardunak, ekologikoak, kriantzak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturala, bereziak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, besteak beste. Deskontu bonuak banatu dira gaurkoan bertaratu direnen artean nahi duenak eskuragarri izan dezan sagardoa etxean online dendaren bidez. 

Iraileko dastatzea, Euskal sagardoaren mundua ikusarazteaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izaten da: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Mezu hori zabaldu nahi izan du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, bai bertako kontsumitzaileei baita kanpotik etortzen diren ehunka bisitariei, Donostiako Sagardo Eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita. Aurten, ere, joan den urteetako ohiturarekin segiz, sagardoa dastatzeko beste proposamen batekin gerturatu da Donostiara sektorea: kopa. Gure sagardo edalontzi finaz gozatzen dugunontzat beste aukera berri bat! Sagardoak, zorionez, kontsumitzeko eta gozatzeko mila modu ematen baitizkigu. 

Informazio puntu honetan bisitariek sagardoaren inguruko irteeren, asteburu pasen eta txangoen informazioa sakonean eskuratu ahal izan dute. Sagardotegietako bisita gidatuen erreserbak %84an hazi dira, online mahai-erreserbak %15ean eta internet bidezko sagardo salmenta %19an.Bertako bezeroek sagardotegietako bisita gidatu laburrak egiteko aukeraketari eutsi diote eta bezero hauek dira otordua egiteko mahaia ere online erreserbatzen duten gehiengoa, % 76. Katalunia da online sagardo gehien erosten duen erkidegoa, erosketen %28a izanik. 

Honek erakusten digu lanerako lerro interesgarri bat irekitzen ari zaiola sagardogile sektoreari. Euskal Herriko sagardoaren kulturak duen balioa eta atzerritarrek duten interesa ikusita, sagardoaren sektorea, turismoaren sektorean lanean ari da.  

Merkatu berri honen testuinguruan jaio zen Euskal Sagardoaren ibilbidea. Sagardogintza sektorea eraberrituz, oinarria eta izaera indartuz, egoera zein bide berrietara egokituz. Sagardogintza sektorea etengabeko aurrerapausoak ematen ari da. Gaur egungo sagardo kontsumitzailea zein sagardotegietako bezeroa anitza da. Horren aurrean, sagardogileak produktuaren dibertsifikazioa eta zerbitzuen eskaintza zabaltzearen alde egin dute. Izan ere, merkatuaren aldaketei eta egoera berriei  erantzuna emateko jaio zen Sagardoa Route, euskal sagardoaren ibilbidea ezagutzeko bidea. 

Esperientzia gastronomikoak eta kulturalak definitu ondoren, Ibilbideak produktu turistikoen eskaintza zabala aurkeztu du. Euskal Lurralde guztietan ditugu sagardotegiak eta gure lurretik mendeetan zehar jaio den produktua da sagardoa. Sagardogintza eta lurraldea. Gure jatorria eta historia. Horixe kontatu komunikatu nahi du Ibilbideak, sagardoaren kultura balioan jartzeko asmoarekin. 

Esperientzia errealak dira, familia eta ofizioa barrutik ezagutzeko asmoarekin sortuak. Bisitaria eroso eta etxean senti dadin, eta gure kulturaren enbaxadore bihurtu dadin, lau haizetara zabalduz euskal kulturaren esanahia. Informazio guztia www.sagardoa.eus webgunean dago eskuragarri.  

Euskal Lurraldeetan banatuta, dagoeneko 61 sagardotegi dira EUSKAL SAGARDOAREN IBILBIDEA proiektua osatzen dutenak.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura: sektorearen apustua 

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bederatzigarrena izan du 2025ekoa eta uzta hori izan da jendeak Donostiako Sagardo Egunean dastatu ahal izan duena. Bertako sagar hutsez egindako sagardoek protagonismo berezia izango dute Konstituzio Plazan, Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango baita: sagardotegi bakoitzak bere sagasti eta inguruko baserrietako sagastietako sagarrez egindako sagardoak egongo dira, eta horien artean baita sagar mota bakarrez eta bi sagar motaz egindakoak, sagasti jakineko sagarrez egindakoak, egurrean ondutakoak, aurreko urteko amaren gainean ondutakoak eta abar luze bat ere. Izan ere, sagardotegiek kalitate handiko sagardoak egiteaz gain, dibertsifikatzeko pausoa ere eman dute, bertako sagarra ardatz hartuta, eta Donostiakoa plaza ezin hobea da lan guzti hori azaltzeko, 

Eta azken urteetako bideari jarraituz, produktuak bai linealetan eta bai ostalaritzan presentzia handiagoa izateko lanean ari da Kontseilu Arautzailea, sagardogileekin batean, eta kontsumitzaileei egindako lana azaldu eta produktuak dastatzera eman eta azaltzen.

2025eko uztaldia botilan eta 2026koa sagastian

Gaur Konstituzio Plazan egindako ekitaldian, 2025eko uztaldiko sagardoa dastatu da. Euskal Sagardoa —Jatorri Deitura duen sagardoa— izan da protagonista nagusia. Iazko uzta oparoa izan zen; Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sagardogileek 3,1 milioi litro ekoitzi zituzten, 4,35 milioi kilo sagar prozesatuz. Lortutako sagardoa aromatikoa eta orekatua da. Gaur egun, sagardoak kontsumitzaileek dastatzeko une ezin hobean daude, botilan ondo ontu baitira. Donostiako ekitaldiaren ezaugarri berezia da sagardogileek beraiek zerbitzatzen dutela sagardoa; horri esker, bertaratutakoek zuzenean ekoizleen eskutik ezagutu ditzakete produktuaren ezaugarriak.

Donostiako Sagardo Eguna sagar-uzta berriaren hasierarekin bat dator. Sagardotegi gehienek datozen egunetan hasiko dute ekoizpena, nahiz eta batzuek dagoeneko hasi diren, sagarrak goiz heldu direlako. Iaz ez bezala, euri gutxi egin du, eta horrek fruitu txikiagoak ekarri ditu. Ekoizpena 2025ekoa baino txikiagoa izatea espero da, nahiz eta eskualde batetik bestera aldeak egongo diren. Sagar-etekinak handienak Arabako zenbait gunetan eta Gipuzkoako Goierri eskualdean dira; aldiz, ekoizpen txikiagoa aurreikusten da Gipuzkoako gainerako eremuetan eta Bizkaian.

Uzta aurkezpen ekitaldia hilaren 16an, asteazkena, Villabonako OTALARREA finkan egingo du sektoreak goizeko 10:30ean.

Sagarraren inguruko beharrak eta aukera berriak

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura hedapen-prozesuan murgilduta dago une honetan. Iparraldea Jatorri Deituran sartzeko proposamena aurkeztu da dagoeneko, eta Europar Batasunaren erantzunaren zain daude. Aldi berean, Nafarroa Euskal Sagardoa Jatorri Deituran sartzeko lanak egiten ari dira; prozesu hori MALUS BAT proiektuaren garapenaren bidez bultzatzen ari da. Proiektu horren baitan, sagarrari eta sagardoari buruzko plan estrategikoa zein sagardotegietarako turismo-estrategia garatu dira. Ondorioak argiak dira: sektoreak etorkizuneko potentzial handia du, baina funtsezkoa da sagar-ekoizpena handitzea eta produktua behar bezala kokatzea; hau da, haren kalitatea eta bertako sagarretatik eratorritako ezaugarri bereziak nabarmentzea. Prozesu honen oinarria tokiko sagar-ekoizpena eta bidean aurkitzen ditugun erronkak dira: kalitatea bermatzea, uztak orekatzea, sagar-barietateak ezagutzea, gure ingurunerako sagasti-ereduak optimizatzea, belaunaldi-erreleboa kudeatzea eta errentagarritasuna ziurtatzea. Errentagarritasun horrek garai modernoetara eta baserri tradizional zein enpresa txikiek bizi duten egungo errealitatera egokitu behar du.

Laboral Kutxaren eta Euskal Sagardoaren arteko lankidetza

Euskal Sagardoak eta Laboral Kutxak lankidetza-hitzarmena sinatu dute euskal sagardoaren sustapena bultzatzeko. Zehazki, Laboral Kutxak "Sagardo Eguna" ekitaldiak antolatzen lagunduko du; horrela, markaren irudia indartzen, bertako sagarrez egindako kalitatezko sagardoak sustatzen eta ekimen horien kudeaketa integrala bultzatzen lagunduko du. Lankidetza horren baitan, Laboral Kutxak lankidetza hori nabarmenduko du eta opari bereziak eskainiko dizkio publikoari Donostiako zein Ordiziako Sagardo Egunetan: Donostian sagardo berria dastatzera hurbiltzen direnei Maitiana eta Euskal Sagardoaren Ibilbidearen arteko kolaborazio tailerretan eskaintzen dituzten sagardo bonboiak banatuko dizkiere, eta Ordizian, berriz, opari berezi bat eskainiko die bertaratutakoei. Lankidetza hori 2026an hasi zen, eta epe luzera mantentzeko asmoa dago.

Azken bideoak

Ikusi guztiak
Loading...