Euskal Sagardoaren barruan 3,1 milioi litro egin dituzte 46 sagardotegiek, bertako 250 sagastietako 4,4 milioi kilo sagar erabilita. Uzta handia izan da baina espero baino % 15 sagar gutxiago bildu da orokorrean.
Jatorri Deitura Euskal Herri osora zabaltzeko bidean pauso bat gehiago eman du sektoreak eta dagoeneko garatu du sagarrari dagokion Plan Estrategikoa. Sagardoa eta Sagardotegiari dagokiena garatze bidean lanean ari da.
2026ko sagardotegi denboraldia aurkeztu du gaur Sagardo sektoreak Donostiako Konstituzio Plazan. Bertan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileez gain, Nafarroa eta Iparraldekoak ere izan dira. Horrenbestez, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan, herrialde guztietako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko egiten ari den lana irudikatu eta azaldu nahi izan da eta horretarako herrialde guztietako ordezkariek hartu dute parte. Herrialde bakoitzeko sagardoa zuen kupel bana zabaldu da, jendeak dastatu ahal izateko. Izan ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da eta hainbat pausu emateko aukera izan da. Behin hau lortuta, Nafarroa sartzeko konpromisoa ere lotua dago.
Sagardo denboraldiak hainbat irekiera ekitaldi izaten ditu herri eta eskualde desberdinetan. Horien guztien aurretik aurkezpen bateratu bat egitea adostu zuen Euskal Herriko sagardo sektoreak Euskal Sagardoaren eskutik, datu orokorrak eta sektorearen apustuaren berri guztiek batera emateko.
Txotx denboraldia garai berezia da, sagardozaleei eta bezero guztiei sagardoaz gozatzeko aukera berezi bat eskaintzen dielako, sagardo berriak dastatu eta konpartitzeko. Sagardo berriak ezagutu eta bereiztasunen inguruan sagardogileekin hitz egiteko aukera izango dugu kupeltegian, uzta berria nolakoa datorren ezagutu eta gozatzeko.
Nolakoa da 2026ko Txotx denboraldian dastatuko dugun sagardoa?
Uzta handia jasotzeko aukera izan du aurtengoan sektoreak eta kalitate handiko sagarra izan da orokorrean. Dena den, nagusiki neguko hotz faltak eraginda, espero baino %15 sagar gutxiago bildu da leku batzuetan. Iaz baino sagardo arinagoak izango dira orokorrean eta %6 inguru alkohol dutenak. Sagardogileak oso gustura daude, bildutako sagar kopuruak upategian lana egoki egiteko aukera eman duelako. Produktu desberdin asko ikusiko da sagardotegietan eta poliki-poliki, merkatuan. Azken urteetako sektorearen lanak eta sagar urtea izateak eragin dute hori. Txotxean, orokorrean, aukera oso zabala izango dugu, sagardo desberdinak aurkitzeaz gain, heldutasun puntu desberdinean daudenak ere aurkituko baititugu. Hori dena sagar urtearen adierazle izan ohi da. Gaur egun 250 sagargile daude Euskal Sagardoan, guztira 475 hektarearekin. Asmoa da kopuru honek gora egitea, bai sagargile kopurua eta baita sagasti hektarea kopuruan ere, eta uztak orekatzeko pausoak ematea. Bide horretan, 170 hektarea berri aldatu dira Gipuzkoan azken urteetan, eta hauetako batzuk aurten sartu dira produkzioan eta indarrean sartuko dira datozen 3-4 urteetan.
Gaurko prentsaurrekoan sektorea bere osotasunean babesten duten eragileak izan ditugu. Horien artean aipatzekoak dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Joseba Aranburu nekazaritza zuzendariak sektoreari sagarraren landaketan ematen dion babesa eta Turismo alorrean, berriz, Azahara Domínguez diputatuak nabarmendu du Sagardoa Routek "sagardoaren kultura ezagutarazteko egin duen lana, lurralde osoan askotariko jarduerak eskainiz, ez bakarrik txotx denboraldian zehar, produktuari bere balio justua emanez eta gure mugak gaindituaraziz" eta denboraldi berri hau errespetutik eta arduraz gozatzeko deia eginez. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan, Nora Beltran de Otalora elikagaien kalitate eta sustapeneko zuzendariak nabarmendu du Euskal Sagardoa Jatorri Deiturari ematen diotenbabesa produktuaren promozio eta merkaturatzean. Nafar Gobernuaren ordezkaritzan, Ruben Goñi landa garapeneko zuzendari nagusiak Nafarroa Jatorri Deituraren barne egotearen garrantzia nabarmendu du.
Bertako plazerra da sagardoa, eta txotxean ere hori dastatu ahal izango dugu. Sagardotegi denboraldia da, gainera, sagardotegiek bisitari gehien jasotzen duten urte sasoia. Horregatik, hainbat berrikuntza txertatzen ari da sagardo sektorea azken urteotan bisitan datorren bezeroari balio erantsi bat eskaintzeko.
Aurten, Bertako Plazerra izanik lelo nagusia, garrantzia eman nahi izan dio sektoreak Euskal Sagardoa bere osotasunean osatzeko ezinbesteko diren elementu guztiei:
Euskal sagardoa, bertako plazerra. Bertako sagarra, nekazariak, ekoizleak, ekonomia, ohiturak, sagardotegiak… Euskal Sagardoa mende luzeetako ekoizpen eredu baten erakusleiho da, eta sektoreak bide honetan ikusten du etorkizuna.
Sagardo berria aurkezteko hainbat ekitaldi izango dira datozen egunetan:
URTARRILAK 14, ASTEAZKENA:
● Sagardun Patzuergoak antolatuta Astigarragan Txotx Berri eguna 12:00etan. Ondoren Petritegi Sagardotegian sagardo berria dastatzeko irekiera ekitaldia.
URTARRILAK 15, OSTEGUNA:
● Goierriko Sagardotegien irekiera Zeraingo Oiharte Sagardotegian goizeko 11:30ean.
● Arabako Sagardotegien irekiera Trebiñuko Trebiñu Sagardotegian eguerdiko 12:00etan.
● Nafarroako Sagardotegien irekiera Lekunberriko Toki-Alai Sagardotegian, eguerdiko 14:00etan.
● Usurbilen Saizar Sagardotegian irekiera iluntzean, 20.00etan.
URTARRILAK 16, OSTIRALA:
● Urnietako Sagardotegien irekiera Eula Sagardotegian, eguerdiko 12:00etan.
● Andoaingo Sagardotegien irekiera Mizpiradi Sagardotegian, iluntzeko 20:00etan.
URTARRILAK 20, ASTEARTEA
● Bizkaiko Sagardotegien irekiera ekitaldia Zornotzako Uxarte Sagardotegian, goizeko 11:00etan.
Sagardotegiek badute bereizgarri garrantzitsu bat: beraiek dira dastatzera ematen den produktuaren ekoizle. Sagardotegiak sagardoaren topagune ditugu, eta etorkizuna bide horretatik lantzeko aukera ikusten dute, upategi izaera indartuta. Hori dela eta, sagardotegira gerturatzen den bezeroak jakin behar du bertako ekoizle baten etxera egingo duela bisita, bertako lurretik bizi den familia baten etxera.
Malus bat: sagarraren plana esku artean edo sagardoari-sagardotegiari dagokiona sortze bidean
Sagarra da sagardo munduaren oinarria eta haria. Sagarra da sagardogilearen lehen langaia, eta sagardo ekoizpena honen ondorioa. Hori dela eta, sagarraren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu denboraldi honetan ere, sagarraren izaerak gorpuzten baitu sagardo bakoitza. Euskal Herriko sagardogintza egiten ari den lan eta aldaketa guztiaren oinarri nagusia da bertako sagarra izan ere, sagasti berriek aukera bereziak zabaltzen dizkiote sektoreari, sagarrak motaz mota bildu eta tolarera eramateko aukera, dibertsifikatzeko aukera, eta sagastietan lan eginda kalitate handiko lehengaia lortzeko aukera. Honi lotuta, 18 hilabeteko MALUS BAT proiektuan erabat murgilduta daude 7 lurraldeetako sagar eta sagardogileak. Sagarrari dagokion plangintza eskuartean dugu, eta sagardoari dagokiona egun gutxi barru osatzeko aukera izango dugu. Ekintza plan honi dagokion elementu garrantzitsuena sagarraren uzten arteko oreka eta ekoizpena bideratzea dira zalantzarik gabe. Eta Euskal Herriko eragile desberdinak martxan jarri dira hori lortze aldera.
Euskal Sagardoaren Ibilbidea: Sagardotegiaz gozatzeko hainbat bide eta modu
Sagardotegietan otorduaz aparte hainbat ekintza egiteko aukera dugu. Iazko denboraldian hasita, hainbat sagardotegitan BISITA LABURRA edo DASTATZE GIDATUA egiteko aukera izango da otorduaren aurretik: lagunartean, taldean… euskal sagardoaz beste modu batera gozatzeko aukera ezin hobea da. Egun dugun eskaintza lantzen eta indartzen egingo ditugu hurrengo hilabeteak ere MALUS BAT proiektuaren barruan, Sagardotegiaren eskaintza kulturala eta turistikoa landu eta gure bisitariei lurralde osoan aukera berriak eskaini ahal izateko.
Egun, lagunartean zein familia giroan egiten dugu sagardotegira bisita. Hori dela eta, dastatze gidatuez gain beste hainbat bisita egiteko aukera ere ematen diogu bezeroari Ibilbidearen eskaintzaren barruan: Bisita gidatuak, sagardogintza tailerrak, Albaola faktorira bisita, gaztandegira bisita, erlezaintza, Igartubeiti baserri museoa… Esperientzia guztiak eskuragarri daude ondorengo esteka honetan: BISITAK ETA IRTEERAK
Sagardotegien eta irteeren bilatzaileak: sagardoa.eus-en berrikuntza
Berrikuntza dugu bilatzaile hau. www.sagardoa.eus atarian bertan aurki daiteke eta gure beharren araberako bilaketa egiten lagunduko digu. Sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du sagardoa.eus webguneak: sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da. Deirik egin edo emailik bidali gabe. Sistema honek joan den urteotan arrakasta handia izan du gure bezeroen artean, eta aurten sagardotegi gehiagotan eskainiko da automatikoki erreserbatzeko aukera. ERRESERBA ZENTRALA
Sagardoa etxean: behar duguna errazten duten qr kodeak sagardotegitan
Horretaz gain, bezeroari erraztasunak emate aldera, Euskal Sagardoen online denda eta Sagardotegietan otordu-erreserba egiteko sistema ere martxan ditugu sektorean. Online dendaren bereizgarri nagusia sagardo desberdinak eskaera bakarrean konbinatzeko aukera da: 150etik gora sagardo ditugu dendan, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak.
Azken urteetako bidea jarraituta, webgunea sagardogileak egiten ari diren lanaren ispilu da. Eta, pixkanaka, Euskal Sagardo desberdinak izango ditugu merkatuan: kapsula gorri eta doratukoak batetik, baina baita sagar mota jakinez eginak, sagasti bakarreko sagarrez eginak, egurrean onduak, apardunak, izotzezkoak eta suzkoak… aukera geroz eta zabalagoa aurkitu ahal izango du kontsumitzaileak merkatuan eta kalitate geroz eta handiagoa. Izan ere bertako sagastietan eta sagarrean egiten ari den lan guztia nabarmentzen da Euskal Sagardoan. Eta lan guzti hori ezagutu eta gozatzeko aukera ezin hobea da Txotx deboraldia, Bertako Plazerra. ONLINE DENDA
Hizlariak:
- Olatz Mitxelena - Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea / Coordinadora de la Asociación de Sidrerías de Gipuzkoa
- Maite Retolaza - Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Lehendakaria / Presidente de la Denominación de Origen Euskal Sagardoa
- Unai Agirre - Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzailea / Coordinador de la Denominación de Origen Euskal Sagardoa
- Azahara Domínguez - Diputada de Movilidad, Turismo y Ordenación del Territorio / Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua
- Nora Beltrán de Otalora - Elikagaien Kalitate eta sustapeneko zuzendaria / Directora de calidad y promoción alimentaria
- Joseba Aranburu - Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria / Director de Agricultura y Equilibrio Territorial
- Rubén Goñi – Nafar Gobernuko Landa Garapeneko Zuzendari Nagusia – Director General de desarrollo Rural del Gobierno de Navarra
- Amaia Zubeldia - Euskal Sagardoaren Ibilbidearen arduraduna / Responsable de la Ruta de l Sidra del País Vasco
