Urnieta txotx denboraldiaren irekiera

Urnietak sagardotegi denboraldiari hasiera eman dio herriko lau elkarte gastronomikoren eskutik

Urnieta txotx denboraldiaren irekiera

Urnietako sagardogileek 170.000 litro sagardo ekoitzi dituzte 2025eko uztan Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan 140.000 kg sagar bildu dituzte Urnietako 6 sagar ekoizleek. 

Urnietak sagardotegi denboraldiari hasiera eman dio urteko lehen 'Txotx'-aren ospakizunarekin. Eula sagardotegian gauzatu da ekitaldia, baina herriko gainerako sagardotegiek ere parte hartu dute, Oianumek eta Altunak, hain zuzen. Udalak hiru sagardotegiekin elkarlanean antolaturiko ekimen hau Urnietako ondare kultural eta gastronomikoa sustatzeko diseinatu da, bisitariei txotx-aren plazerraz gozatzeko aukera eskainiz,  plater tradizionalekin batera eta ingurune paregabe batean. 

Jorge Segurado Urnietako alkatea izan da saioa bideratu duena eta nabarmendu nahi izan du Udala azken urteetan naturarekin loturiko turismo arduratsuaren eta bertako produktuen sustapenaren alde egiten ari den lana, baita bide horretan aurrera egiteko duen konpromisoa ere: “sagardogintzaren tradizioa euskal kulturaren funtsezko parte da eta bultzatzen jarraituko dugu.  Urnietan punta-puntako hiru sagardotegi ditugu. Hiruretan gozatu daiteke kalitate handiko sagardo zein jakiez eta ziur nago hona etortzen denak esperientzia ahaztezin bat bizituko duela. Etxean bezala tratatuko dituzte. Gainera, interesa duenak, sagardotegiko esperientzia zabalduta, asteburua pasatzera etorri eta herria ezagutzeko eta bertako ingurune natural paregabeaz gozatzeko aukera baliatu dezake”.  

Urnieta txotx denboraldiaren irekiera 2026

Halaber, esker oneko hitzak izan ditu Seguradok ekitaldian parte hartu duten pertsona guztientzat, eta bereziki, enbaxadore lanak egin dituzten eta sagardo denboraldiari hasiera emateko ardura izan duten herriko 4 elkarte gastronomikoetako ordezkarientzat (Eteneta, Santa Kruz, Batzokia eta Peña Gorostidi): “Bertako produktuen kontsumoa bultzatzen saiatzen gara Udaletik eta bertakoa goraipatzen hasita garrantzitsua ikusten genuen begirada etxean jartzea eta herrian funtzio garrantzitsu bat betetzen duten espazioetako ordezkariek hain berezia den lehenengo txotx-a egitea”.  

Elkarteetako ordezkariak eskertuta agertu dira horrelako ekitaldi batean parte hartzeko eta herriko sagardotegiak babesteko eskaini dieten aukeragatik. Alkateak bestalde,  gerturatzen den jendeak esperientzia modu arduratsuan gozatzea espero duela adierazi du: “denboraldia giro onean garatzea nahi dugu, esperientzia atseginekin eta bizikidetza egoki batekin”. Zentzu horretan, sagardoa neurriz edatea gomendatu du. 

Urnieta txotx denboraldiaren irekiera 2026

Euskal Sagardoko Unai Agirrek, aurtengo uztaren gaineko azalpenak eskaini ditu: “Urnietan guztira 170.000 litro ekoiztu dira Euskal Sagardoa jatorri deituraren barruan eta orotara 140.000 kg sagar bildu dira 6 sagar ekoizleen artean”.  Uzta horrekin osaturiko sagardoaren gainean berriz, ondorengoa adierazi du Eulako Aitor Iguaranek: “Gure kasuan oso puntu onean bildu genuen sagarra. Barietate oso onak izan ditugu sagardoa egiteko eta oso gustura gaude. Kalitatea ona da. Kolore politarekin eta usain garbiarekin”.  

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatuaren ustez, txotx-a “lehen mailako kultur, gastronomia eta jai ekimena izateaz gain, gipuzkoar esentziaren erakusle ere bada, gure bereizgarri den identitatearen erakusle”. Gipuzkoaren izena gorenera eramateko sagardogileek egindako lana eskertu du eta “jaiaz errespetutik eta erantzukizunetik gozatzeko” deia egin du. Ildo horretan, gogorarazi du bere sailak BU40G indartuko duela, eta “ibilgailu pribatua saihestea eta garraio publikoa erabiltzea” eskatu du. 

Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak berriz, sagardoaren sektorea babestearen eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu du, gure produktuen kalitatea eta sagar espezie autoktonoen laborantza bermatzeko. “Hain geurea dugun tradizio eta produktu hau zaintzen lan egin behar dugu, gure lurra eta gure ekoizleak zainduz”. 

Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak sagardotegi denboraldiaren garrantzia, sagardotegiek bisitari gehien jasotzen duten garaia, azpimarratu nahi izan du, eta era berean, sektorearen berrikuntza eta apustu berrien gaineko informazioa eman du. Esaterako, Sagardotegiaz gozatzeko hainbat bide eta modu daudela gogorarazi du, “otorduez aparte hainbat ekintza egiteko aukera dago”. Hainbat sagardotegitan BISITA MOTZA edo DASTATZE GIDATUA egiteko aukera izango da otorduaren aurretik: lagunartean, taldean… euskal sagardoaz beste modu batera gozatzeko aukera ezin hobea da. 

Urnieta txotx denboraldiaren irekiera 2026

Sagardotegien bilatzailearen aurrerapausoa ere azaldu du. “Gure beharren araberako bilaketa egiten laguntzen digu sagardoa.eus webguneak”. Sagardotegian  automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du: “sagardotegia  aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da, oso erraza da”. Aurten, sagardotegi gehiago automatikoki erreserbatzeko aukera izango da. 

Azkenik, kontatu du Euskal sagardoen online denda martxan dagoela: “Horrela, bezeroek sagardo desberdinak konbinatzeko aukera dute, eta eskaturikoa etxean jasoko dute”.  Eskaintza horren barruan daude Urnietako sagardotegiek ekoitzitako botilak ere. Horiek urte osoan zehar eskura daude, baina orain, sagardotegiek txotxaren bidez eskaintzen duten esperientzia bizitzeko unea da. Izan ere, sagardotegira bertara joatea eta sagardotegiak diren topaleku sozial eta gastronomiaz gozatzeak, esperientzia askoz biribilagoa bizitzeko aukera eskaintzen du. 

Urnieta txotx denboraldiaren irekiera 2026

Urnietako Udalak herritarrak eta bisitariak gonbidatzen ditu Urnietaz eta sagardo garaiaz gozatzera, eta sagardotegi ondarearen aberastasuna deskubritzera. 

Azken bideoak

Ikusi guztiak
Loading...