Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

XXXV. Dosnostiako Sagardo Eguna

31/08/2022

Iritsi da Donostiara Sagardoaren egun handia

Beste urtebetez Sagardo egunak kultura eta ospakizuna ekarri digu Donostiako Konstituzio enparantzara. 5.000 lagunetik gora izan ditugu gaur gurekin eta denek izan dute sagardogileek ilusioz ekarri dituzten sagardo onenak dastatzeko aukera. Giro aparta lagun bertaratu direnek sagardoaren kulturaren inguruan plazan bildutako eskaintza osoaz gozatu ahal izan dute, baita sektoreak ekoiztu dituen produktu berriak ere.

Sagardoa kopan dastatzeko aukera izan dute gerturatu direnak, aukera polita baita Donostiako Sagardo Eguna produktuaren inguruko aukera berriak eta kontsumitzeko ate berriak irekitzeko.

Ekitaldiaren antolatzaile da Sagardoa Route, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea hogeita hamabosgarren urtez; Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Donostiako Udala, Donostia Festak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.

 XXXV. Dosnostiako Sagardo Eguna

Sagardoa Route – Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kide diren 38 sagardotegik hartu dute parte aurtengo ekitaldian. Beraiek izan dira 2021 uztak eskaini duen onena gerturatu direnei dastatzen emateaz arduratu direnak. Triki eta bertso doinuez lagunduta zerbitzatu dira 8.000 botila inguru, pintxo goxoez lagunduta. 

Plazako dastatzeaz gain Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hainbat ekintza bideratu ditu bertan, sagardogileen mendeetako ofizioa erakustera eman eta duen esanahia, sekretu ezezagunak eta balioa adierazi ahal izateko. Horren adibide da, esaterako, garai bateko eran sagardoa egitea. Sagarrak kizkia eta saskiarekin bildu, txikitu eta ondoren tolaren prentsatzea. Hala, plazaratu diren sagardozale guztiek 2022ko uztarekin egindako lehen muztioa dastatu ahal izan dute. 

Ekintza ederrenetakoa ere bada Euskal Sagardoaren jatorria diren bertako sagarren erakusketa Fruitel elkartearen eskutik eta Txertaketa postua Josu Osaren eskutik. 

Eguneko momentu hunkigarriena omenduak oholtza gainean suertatu da. 2019tik hona 65 urte bete dituzten bazkideak omendu ditugu. Astigarragako Rezola Sagardotegiko Joxe Ramón Rezola, Oiartzungo Ordo-Zelai Sagardotegiko Isabel Garmendia eta Joxe Errandonea, Ataungo Urbitarte Sagardotegiko Demetrio Terradillos eta Urnietako Altuna Sagardotegiko Xanti Altuna eta Mari Carmen Jauregi omendu ditu Elkarteak. Elkarteko lehendakari eta juntakideen eskutik jaso dituzte gure oroigarri kuttuna. 12:00etan kopa bana eskuan egin da brindis ofiziala. Bertan izan ditugu administrazioetako ordezkariak, omenduak eta sagardogile guztiak. Hala itxi da zeremonia, sagardogileei egindako lana eskertuz. Eskertza eta aitortza berezia egin nahi izan zaie ere aurtengo urtean Otsua-Enea Sagardotegiko Ximon Etxeberriari, omenaldia egin aurretik zendu baitzen. Horretaz gain, eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Petritegi Sagardotegiari, urteetan zehar beraiek izan baitira Konstituzio Plazan pintxoak eskaini dituztenak. 

Sagardoa Route: Euskal Sagardoaren Ibilbidea: informazio puntua eta Sagardoaren inguruko irteerak uda honetako arrakasta

Sagardo munduak eskaintzen duen informazio guztia dugu eskura sagardoa.eus webgunean, eta geroz eta bisitari gehiago dira mundu honek eskaintzen duenaren inguruan interesa dutenak. Horretaz gain, nabarmen igo da aurtengo denboraldian ere sagardo dastatzeak sagardotegietan egiteko eskaera.  Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 53 kideek 75 produktutik gora ekoizten dituzte: sagardo naturalak, apardunak, ekologikoak, kriantzak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturala, bereziak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, besteak beste.

Iraileko dastatzea, Euskal sagardoaren mundua ikustarazteaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izaten da: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Mezu hori zabaldu nahi izan du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, bai bertako kontsumitzaileei baita kanpotik etortzen diren ehunka bisitariei, Donostiako Sagardo Eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita. Aurten, gainera, sagardoa dastatzeko beste proposamen batekin gerturatu da Donostiara sektorea: kopa. Gure sagardo edalontzi finaz gozatzen dugunontzat beste aukera berri bat! Sagardoak, zorionez, kontsumitzeko eta gozatzeko mila modu ematen baitizkigu. 

Informazio puntu honetan bisitariek sagardoaren inguruko irteeren, eskapaden eta txangoen informazioa sakonean eskuratu ahal izan dute. Geroz eta gehiago dira esperientzia eta produktu turistikoak eskaintzen dituzten sagardotegi eta eragileak. Euskal Herriko sagardoaren kulturak duen balioa eta atzerritarrengandiko interesa ikusita, sagardoaren sektorea, turismoaren sektorean lanean ari da.  

Merkatu berri honen testuinguruan jaio zen Sagardoa Route. Sagardogintza sektorea eraberrituz, oinarria eta izaera indartuz, egoera zein bide berrietara egokituz. Sagardogintza sektorea etengabeko aurrerapausoak ematen ari da. Gaur egungo sagardo kontsumitzailea zein sagardotegietako bezeroa anitza da. Horren aurrean, sagardogileak produktuaren dibertsifikazioa eta zerbitzuen eskaintza zabaltzearen alde egin dute. Izan ere, merkatuaren aldaketei eta egoera berriei  erantzuna emateko jaio zen Sagardoa Route, euskal sagardoaren ibilbidea ezagutzeko bidea. 

Esperientzia gastronomikoak eta kulturalak definitu ondoren, Sagardoa Routek produktu turistikoen eskaintza zabala aurkeztu du. Euskal Lurralde guztietan ditugu sagardotegiak eta gure lurretik mendeetan zehar jaio den produktua da sagardoa. Sagardogintza eta lurraldea. Gure jatorria eta historia. Horixe kontatu komunikatu nahi du Sagardoa Routek, sagardoaren kultura balioan jartzeko asmoarekin. 

Esperientzia errealak dira, familia eta ofizia barrutik ezagutzeko asmoarekin sortuak. Bisitaria eroso eta etxean senti dadin, eta gure kulturaren enbaxadore bihurtu dadin, lau haizetara zabalduz euskal kulturaren esanahia. 

2022an indar bereziarekin dator SAGARRAREN TXOKOA proiektua, urte osoan sagarraren mundua haurrekin lantzeko unitate didaktiko sorta. Proiektu hau hainbat eskolarekin elkarlanean daukagu eginda, eta aukera dago oraindik ere beste hainbat eskolatara zabaltzeko. 

Euskal Lurraldeetan banatuta, dagoeneko 61 sagardotegi dira Sagardoa Route proiektua osatzen dutenak. 

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura indartzen 

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 5garren uzta izan du 2021ekoa eta uzta hori izango da jendeak Donostiako Sagardo Egunean dastatu ahal izango duena. Bertako sagar hutsez egindako sagardoek protagonismo berezia izango dute Konstituzio Plazan, Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango baita: sagardotegi bakoitzak bere sagasti eta inguruko baserrietako sagastietako sagarrez egindako sagardoak egongo dira, eta horien artean baita sagar mota bakarrez eta bi sagar motaz egindakoak, sagasti jakineko sagarrez egindakoak, egurrean ondutakoak, aurreko urteko amaren gainean ondutakoak eta abar luze bat ere. Izan ere, sagardotegiek kalitate handiko sagardoak egiteaz gain, dibertsifikatzeko pausoa ere eman dute, bertako sagarra ardatz hartuta, eta Donostiakoa plaza ezin hobea da lan guzti hori azaltzeko, 2 urteko geldialdiaren ondoren. 

Eta azken urteetako bideari jarraituz, produktuak bai linealetan eta bai ostalaritzan presentzia handiagoa izateko lanean ari da Kontseilu Arautzailea, sagardogileekin batean, eta kontsumitzaileei egindako lana azaldu eta produktuak dastatzera eman eta azaltzen. 

2022ko uzta, iazkoa baino txikiagoa

2021eko uzta ugaria eta kalitate handikoa izan zen Euskal Herrian, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren pean 3,5 milioi litro egin ziren, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 49 sagardotegietan, 250 sagargileren sagarra erabilita. Horiek dira orain dastatzeko puntu egokian daudenak. Baina dagoeneko 2022ko sagar uzta ere gain-gainean dugu, eta zenbait datu baditugu aurreratzeko. Aurreko urtekoa baino dezentez txikiagoa izango da uzta eta horrez gain, izaera handiko sagarra da datorrena. Ez urtea izaki, berez aurtengoa uzta txikiagoa izatea aurreikusten zuen Euskal Sagardoko sagar sektoreak eta udarako lehorrak ere ez dio mesederik egin uztari. Beraz, iazkoarekin alderatuta %30 inguruan geratu liteke aurtengo uzta, baina datu hori aurrerago zehatzago emateko moduan izango gara.  

Comentarios

Deje su comentario