Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

Euskal Sagardoa - 2021 Sagar Uzta

07/09/2021

Sagar kopuru handia eta osasuntsua gure sagastietan

  • Gaur sagar desberdinak (gaziak eta gezak) dastatzeko aukera izan da Trinitate plazan eta baita 2021 uztako lehen muztioa ere. 

  • Uzten arteko aldea murriztea helburu hartuta 3 proiektu jarri ditu martxan aurten sagar sektoreak

  • Udazkena da Sagardotegiak bisitatzeko momentu aproposa: plazako ekitaldiak egokitu eta ate irekiak, bisita gidatuak eta hainbat ekintza martxan ditugu aurtengo udazkenean sagardotegietan, baita Gipuzkoako Taberna eta jatetxeetan euskal sagardo botilaren aldeko promozioa ere

Euskal Sagardoa - 2021 Sagar Uzta

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagargileak hasi dira Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zenbait sagastietan sagar bilketarako behar dena prestatzen. Sagar urte oparoa da 2021ekoa eta sagastirik gehienek sagar asko dute eta oso osasuntsua. Aurtengo udako eguraldiek zertxobait atzeratu dute heldutasun garaia sagasti askotan, baina beste zenbait sagastitan iazko erritmora doa heldutasun maila. Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garai zehatza, baina irailetik azarora bilduta izango da bertako sagar guztia.

Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoa Routek Trinitate Plazan egindako prentsaurrekoan, eta uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sektoreko hainbat egitasmoren berri ere eman dute. Prentsaurrean Euskal Sagardoko sagargile eta sagardogileak ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Nekazaritza saileko, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza sailetako ordezkariak, Gipuzkoako Turismo departamentuko ordezkariak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kideak ere. 

Iazko uzta txikia izaki, aurtengoa handia izatea aurreikusi zitekeen eta uzta handia dugu. Loraldi bete betekoa izan zuten sagasti gehienek udaberrian eta sagar asko hartu dute sagarrondoek.

Sagar oso osasuntsua da aurtengoa, poliki-poliki heltzen joan dena, udarako eguraldiak medio. Iaz baino 0,5 alkohol gradu gutxiago emateko traza du eta barietate gehienak asko eman dute. Horrek sagardogileari lanegiteko aukera paregabea ematen dio, gustuko sagar motatatik sagarra aukeran izateak.

Gaurko ekitaldian Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusietako 2 dastatzeko aukera izan da Trinitate Plazan, beti bezala, zentzumenekin jolas eginez, Mikel Garaizabalen eskutik: Aritza sagarra eta Geza-miña. Bertaratutakoek dastatu ahal izan dute sagar gazi edo garratz eta sagar gezaren arteko aldea: biak dira beharrezko sagardoa egiteko, batek freskotasuna eta lurrina emango baitizkio eta besteak taninoa, borobiltasuna eta iraunkortasuna. Sagarrekin batean barietate hauekin eta gehiagorekin egindako lehen muztioa ere dastatu ahal izan du jendeak, gozoa, baina aldi berean sagarrak emandako gazitasun eta mikaztasuna nabarmentzen zaizkiona, ezinbestekoak kalitatezko Euskal Sagardo bat egiteko. Sagar mota desberdinen nahasketa egokiak ematen dio sagardoari izaera eta sagardotegi bakoitzaren ukitua, eta geroz eta gehiago dira sagar mota bakarreko edo 2-3-4 sagar motaren nahasketarekin merkaturatzen ari diren Euskal Sagardoak ere. Hauek bildu, jo eta tolarean zanpatuko dira. Ziklo bakoitzaren ondoren ateratzen den muztioa joango da kupeletara, irakinaldia has dadin. Hala, sagardo egitea azaro-abenduan bukatu eta urtarrila aldera dastatu ahal izango dugu Sagardotegi Denboraldian, 2021eko uzta berria eta udaberritik aurrera izango dira 2021ko uztako lehen Euskal Sagardo botilak.

Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 5 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena.

Alde horretatik datozen urteetarako dei egiten die Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa denborarekin lotzen joateko. Sagasti berri horiek azken orduan mugitzeak arazoak sortu bailitzake, behin bilketa eta kupeltegien lana planifikatuta dagoenean.

Bertako sagarraren ekoizpena handitzea helburu

Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun eta 480 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 110 hektarea dira produkzioan sartu berriak eta datozen urteetan produkzioan sartuko direnak. Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, sagasti berriak jartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai sektorea eta Foru Aldundien eskutik eta sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea ere helburua da, kalitatezko uzta orekatuak lortzeko bidean. Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardo proiektuak bultzata eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagar sektoreak egiten duen bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia.

Sagargintzan hiru proiektu estrategiko

Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu aurkeztu zituen iaz, Jatorri Deiturako sagar sektoreak, aurtengo urtean proban jarri direnak:

1. Polinizazioa: bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea, Fruitel elkartearen eskutik. UPNArekin ari dira proiektua aurrera eramaten eta laster jakingo ditugu azterketaren emaitzak eta publikatuko dira.

2. Bakanketa: asko den urteetan sagarra bakantzea urtero uzta orekatuak izateko. Iaz hasita, 9 sagar motekin egin da saiakera 2021 uztarekin, 3 sagasti desberdinetan, eta sagar mota bakoitzarekin 5 adierazle desberdin landu dira. Proiektu hau 3 urterako proiektua da eta lehen saiakera honek erakutsiko du datozen 2 urtetako saiakerak nola egin. Emaitzak 2023an izango ditugu.

3. Lurra: Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak orekatzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Ikastaro desberdinak antolatu dira sagar sektorerako, datozen udazkenerako.

24 sagar barietate, hainbat aukera

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 115 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta garratzak (gaziak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:

GARRATZAK-GAZIAK

GEZAK

GAZI-GEZAK

ERREZILA

GEZAMIÑA

MOKO

GOIKOETXE

URDIN

LIMOI

TXALAKA

MOZOLOA

MERABI

URTEBIHAUNDI

PATZULOA

MOKOTE

FRANTZESSAGARRA

MIKATZA

URTEBETE

BOSTKANTOI

UDARE MARROI

URTEBITXIKI

HARITZA

AZPEITI SAGARRA

MANTTONI

IBARRA

TXORISAGARRA

SALTXIPI

 

 

Udazkena sagardoarentzat eta bisita gidatuak sagardotegietan

Donostiako Sagardo Egunari omenaldia egin nahi izan diogu gaurkoan. Ekitaldi historiko hau ospatzerik ez badugu ere, Sagardogileen lana plazara ekarri nahi izan dugu: sagarra bildu, jo eta zanpatu, lehen muztioa, zuku preziatua lortzeko. 

Garai hau, gainera, urteko sasoi politena da bisita gidatuak sagardotegietan egiteko. Bertan sagardoa nola egiten duten ikusteaz gain, prozesu osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten da. Udazkena eta elaborazio garaia da eta baita egun batez sagardogile izateko aukera eskaintzen dugun urteko aldia ere. Sagardotegian nork bere sagardoa ekoizteko aukera izango du. Bisita sagardotegian otorduan eginez borobildu daiteke gainera eta nahi duenak, asteburu pasa ere egin ahal izango du gure landa hoteletan. Honen inguruko aukera eta informazio gehiago www.sagardoa.eus webgunean aurki daiteke. 

Sagarraren txokoa, eskolentzat garatutako proiektu berria

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura eta Fruitel elkartearekin elkarlanean Sagardoa Routek aukera berria garatu du sektorean SAGARRA oinarri hartuta eskolentzat. Urte osoko unitate didaktikoa da, urtaro bakoitza bere berezitasunekin. Honekin, aurrera begirako apustua osatu nahi du sektoreak, etxeko txikienek paisaia kulturala landu eta uler dezaten. 

Promozioa euskal sagardoarekin 

Ekitaldi ereduak goitik behera aldatzea ekarri digu plazako ekintzen mugak. Baina ilusioa du sektoreak Euskal Sagardoak eta sagardo munduak duena partekatzeko. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkio bezeroari, azken urte hauetan bere fideltasuna erakusteagatik. Uda eta udazkena garai apartak dira Euskal Sagardoa botilan dastatzeko gure jatetxe eta tabernetan. Eta ostalaritza da Euskal Sagardoarentzat bezeroarengana iristeko bide ezagunena. Hala azaldu du gaurkoan Arantxa Ciaurrizek, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko ordezkariak. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea-Sagardoa Routek eta Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak Donostia eta Gipuzkoan promozio kanpaina bat jarriko dute martxan irailaren 18an, Euskal Sagardoarekin elkarlanean. Kontsumitzaileen artean Euskal Sagardoaren kontsumoa bultzatzea izango da helburua eta horretarako sariak banatuko dituzte Euskal Sagardoa edaten dutenen artean.

Comentarios

Deje su comentario