Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

Zer ikusi Donostian

09/05/2018

Bizitza osoa hiri berean esnatzen daramazunean zure aurrean ezer berririk pausatzen ez dela iruditzen zaizu. Baina bizitza osoa hiri berean ematen duzunean, gutxitan erreparatzen diezu inguruan dauzkazun edertasunari eta xehetasunei. Izan zaitez egun batez turista zeure hirian, eta hurrengo goizean, esnatzen zarenean, beste leku batean iratzarri zarela usteko duzu.

Zer ikusi Donostian

Zer ikusi Donostian. Nola aukeratu lekurik politenak? Erraz samarra da Donostian 10 leku aukeratzea, betiko oroigarri dendan hamar postal hartu besterik ez duzu; edo aurkitzen dugun edozein blog irakurrita.

Nik neure Donostia aurkeztu nahi dizuet, nire begiekin, ezpainekin, eskuekin eta belarriekin bizi eta sentitzen dudan hiria.

Nirekin bidaiatzeko gonbita egiten dizuet, plazera izango da zuek gaur egun distiratsua izaten jarraitzen duen hiri honetan barrena zentzumenen bitartez gidatzea.

Kontxa, Igeldo mendia, alde zaharra, Artzain Onaren katedrala. surfa, pintxoak... Bai, horixe da gure Donostia, horrenbeste atsegin eta gozatzen dugun irudi paregabea. Egia da, sekula ere ez du irudi horrek zapuzten. Baina ariketa txiki bat egingo dugu: alda ezazu eraikinei eta pertsonei erreparatzeko era. Beha zure auzoei, Donostia den hiria izaten laguntzen duten donostiarrei. Euskal Herriko hiria, frantses pintzelkada meheez apaindua, Belle Epoqueko konnotazio agerikoak dauzkana, Maria Kristina erregina, euskara, danborrada, inguruen ederra. Errepara iezaiezu pertsonei. Ikusiko duzu nola hiria bizidun bihurtzen den.

sagardo tour

Hirietako pertsonak, euskal kultura eta eguneroko bizimodua.

Aholku bat: esna zaitez goiz, aurreneko eguzki izpiak zure gelako leihoan agertzen direnean. Latza da, badakit, baina merezi du. Ongi gosaldu, bapo egin arte, hoteleko ate nagusiaren atzean zain duzun egun ahaztezinarekin gozatzeko behar beste indar izan dezazun. Oinetako erosoak jantzi, ura hartu baina ez jatekorik, pazientzia pixka bat baldin baduzu neronek eramango baitzaitut ahoa bete hortz utziko zaituen leku batera. Irten hoteletik eta hasi ibiltzen. Zurekin batean ari da hiria esnatzen. Egunkaria eta ogia erostera jaisten ari dira bizilagun batzuk, lanera doaz beste batzuk, trajez jantzita edo uniformez, eta ibiltzera edo korrika egitera doaz bestetzuk. Nor bere goizeroko zereginetan murgildurik. Alde Zaharrera bidean jarriko gara eta handik abiatuta hiri osoan barrena ibiliko gara.

Hotela hirigunetik urruti ez badago, animatu zaitez eta ibili. Ez dago bazter guztiei erreparatuta ibiltzea bezalakorik. Kontuz, ez egin estropezurik! Antigua, Amara, Gros eta erdialdeko hoteletatik erraz asko irits zaitezke oinez. Ostatua Igeldon edo inguruko herriren batean baduzu, har ezazu aipatu ditugun auzoetako batera hurbilduko zaituen autobus bat, saia zaitez erdialderaino autobusez ez iristen.  Bestela ezin ikusi izango zenukeena ezagutu eta ikus dezazun. Beste aukera bat da hiriko hainbat puntutan har dezakezun alokairupeko bizikleta, erabili eta gero hainbat tokitan utz baitezakezu.

Eraikinen, lorategien, hondartzen eta naturaren edertasunaz gain, bere bereizgarriak ditu leku bakoitzak; pertsonek, beren kulturak, historiak eta bizimoduak, beren egunerokoak, egiten dute leku bat guztiz berezi. Errepara iezaiezu pertsonei, nolako hartu-emanak dauzkaten, nola mintzatzen diren, nola bizi diren, nola egiten duten irri, nola janzten diren eta nola jan eta edaten duten. Gozatu hirian bizitza nola jaikitzen eta nola oheratzen den ikusita.

Iritsi al zara alde zaharreko atarira? Bulebarreko Kioskoan nauzu zain, erdi-erdian. Udaletxe arranditsuak, Belle Epoqueko maisu lana eta kasino izandakoak, zain ditu alde zaharrera eta bertako kale estuetara iristeko atalasea alderik alde igarotzeko prest dauden bisitariak. Kale estuak, bai, baina hiri osoa bezala, ongi antolatuak. Saltokiak, pixkanaka, ateak irekitzen eta nagiak ateratzen ikusiko dituzu. Beste egun batek argitu du Donostiako hiria. Goza ezazu.

Badakit goizeko ordu hauetan kamioiek eta ibilgailuek inbaditu egiten dutela oinezkoentzako eremu hau. Banatzaileak dira, Alde Zahar osoa hornitzen ari dira. Okinak ogia banatzen du eta kioskozainak berri onak eskainiz ematen dio hasiera bere lanari. Kale nagusian sartuko gara. Ikusten al duzu Oiartzun gozotegia? 70. hamarkadaz geroztik ari da donostiarren bizitza eztitzen. Gozoki mota asko duzu motxilatxoan gordetzeko eta geroago gose zarenean jateko. Kale Nagusiaren hondoan, mendian zizelkatuta balego bezala, Santa Maria eliza eta bertako portikoa ikus ditzakegu arranditsu. Hango eskaileretaraino iritsi behar dugu eta, azkeneko maila igotakoan, eman buelta.

Kale Nagusian barrena saltokiak eta kalea alderik alde zeharkatzen dituzten kale perpendikularrak ikus ditzakezue. Denbora baduzu, galdu zaitez kale horietan barrena, erreparatu dendei, tabernei, istorio bat kontatzen dizun harri bakoitzari... Iritsi al zarete eskaileretako azken mailara? Bai, begirada ostertzean, etxetako teilatuetan. Atetik lerro zuzen bat marraztu eta besoa luzatzen baduzue Artzain Onaren Katedraleko kanpandorrea ikusiko duzue. Bai, Gatchet inspektorearen zango mekanikoak bagenitu di-da batean iritsiko ginateke bertara. Nahi baduzue bisitatu dezakezue, dagoeneko erakutsi dizuet bidea.

Alde zaharraren bereizgarrietako bat da bertako taberna kopuru handia; baina guretzat, euskal herritarrontzat, tabernak bezain garrantzitsuak dira Elkarte Gastronomikoak. Eskaileretan gora portikoari begira, zuen ezkerretara dago zaharrenetako bat. Baina ongi erreparatzen badiozue, alde zaharrean beste elkarte asko daudela ikusiko duzue. "Armarria" izan ohi dute, edo izen bereziak: Gaztelubide, Urki, Unión Artesana... Donostiako Danborradako (urtarrilak 20, San Sebastian eguna) elkarte ezagunak dituzu.

Orain Abuztuaren 31 kalean sartuko gara, 1813ko ingelesen erasoan kiskali ez zen kale bakarrean, eta ezkerretara Trinitate Plaza ikusiko dugu. Bertan jostatzen dira alde zaharreko haurrak, Alde Zaharreko auzoen plaza txikia da. Bertako gune goratura igotzen bazarete, hiriko ikuspegi interesgarriarekin gozatuko duzue: teilatuak, barneko patioak, gibelaldeko patioak... Bestela ezin ezagutu daitekeen Donostia. Niri beti gogoratzen zait Mary Poppins filmeko tximinia garbitzaileen pasartea. Kale horren amaieran San Bizente eliza dugu, eta San Telmo Museoaren aitzinaldean, Zuloaga Plaza. Museoa bisitatu eta gure kulturari eta historiari buruz gehiago jakin nahi baduzue, gonbit egiten dizuet geure lurraldearen Historiari, baserriei eta jantzi tipikoei emana duen sekzioaz gozatu dezazuen. Ez dizu denbora handirik kenduko, baina egiazki esperientzia guztiz aberasgarria izan daiteke.

Museoaren gibelaldean dago gure Urgull, mendeen joanean Donostiako biztanle askok baliatutako gotorlekua. Urgull da Kontxaren sortzaileetako bat, Donostiarekin lotzen den sinboloaren sortzaileetako bat. Hainbat tokitatik igo zaitezkete bertara, eta halaxe egitea aholkatzen dizuet. Ikurrina dago zut mendi horretan, eta bertatik Victoria Eugenia Antzokia, Zurriolako hondartza, Kursaaleko kuboak eta Sagueserainoko pasealeku osoa ikus ditzakegu; Jada urte batzuk joan dira Bakearen Usoak Sagueseko plazan pausatuta dagoenetik. Beste aldera begira, berriz, lanbroak lehorra besarkatu ez badu, euskal kostaldea, Kantauri itsasoa eta Bizkaiko golkoa ikus ditzakezue. Ikuspegi zoragarria da. Eta azkenik, mendebaldera, gure Kontxako badia, Bella Easo, hiriaren izen zaharra. Mendian barrena edo Pasealeku Berrian barrena ibilita ere denok iritsiko gara puntu berera. Portu ondoko Akuarioko terrazara. Pixkanaka itsasora gerturatuko gara. Aditu airea eta usaina; kostaldeko herrietako freskotasunak betiere ekartzen dizkit oroitzapen onak, arratsaldeak uretan, txikitxo bat besterik ez zinenean, ura sekula ere hozten ez zela. Ura bizia da, esaten dute, eta begientzako halako ikuskizuna denean zentzumen guztiak aktibatu behar dituzu uneaz inork ez bezala gozatzeko.  

Akuarioko atera garamatzaten eskaileretan behera egingo dugu. Aspaldian ez naiz sartu, baina txikia nintzenean uste dut urtero sartzen ginela. Orain berrituta dago, askoz ere irisgarriagoa da, esperientzialagoa, gure zentzumen ororentzat zoragarria. Erakarri nagusia urpeko tunela bada ere, ni beti ikaratzen eta harritzen nau balearen benetako hezurdurak. Hemen, gure uretan, 1901. urtera arte ehizatzen ziren baleak, azkenekoa Orioko uretan.

_MG_6231.jpg

Eta hementxe gaude, Donostiako Portuan, kai txikian. Donostia hiriburu garrantzitsuenetako bat izan zen merkatarientzat (beste post batean kokatuko dizuet istorio hori "Donostia, sagardoaren eta merkataritzaren hiriburu"). Ez ziren hemendik itsasoratzen galeoirik handienak, baina hemen zegoen aduana, gaur egun lehoiaren eskultura dagoen plazan, portutik Alde Zaharrera sartzeko hormatik hurbil.

Portuan barrena ibili eta uda partean ur hauetan murgiltzen diren bainulariak ikusiko dituzu bisitariek botatzen dizkieten txanponak urpean bilatzen ahaleginduz. Marinelen eta arrantzaleen zaindari Karmengo Ama Birjinaren Elizaren ondoan itsaskitegi txiki bat dago. Liluratu egiten naute paperezko konoetan ateratzen dizkizuten karrakelak, ibilbidean aurrera egiten duzun heinean jan ditzazun.

Eta ia abiapuntura itzuliko gara. Udaletxea, kasinoa Belle Epoquen eta Alderdi Ederreko lorategiak. Kontxa Pasealekua hartu eta aurreneko arranpara iristean hondartzara jaitsiko gara. Erantzi oinetakoak eta gozatu harearekin, heze batzuetan idor besteetan. Itsasgorek sarritan ebasten digute hondartza. Euria ari badu, ibiltzen jarrai dezakegu Loretoperaino eta Miramar jauregiraino, Maria Kristina erreginaren udako egoitzaraino; aipatu erreginari zor zaio Hotel ezagunaren izena.  

Hurbil zaitez itsasbazterreraino eta ikusiko duzu zenbat lagun paseatzen den bertatik. Negua bada, txakurrak eta beren jabeak ikusiko dituzu Kontxako hareatzak eskaintzen duen lasaitasunaz gozatzen.

Geldi zaitez unetxo batez hemen, atera itzazu Oiartzun gozotegiko gozokiak edo itsaskitegiko karrakelak eta goza ezazu. Baina batez ere ukitu harea zure oinekin eta erlaxatu itzazu. Aurrean duzu Santa Klara irla, txikia, baina beti eder. Eta haren eskuinaldean Igeldo mendia, hiriaren ikuspegi osoa, zure begiekin hegaztiek bezala ikusteko modukoa, edukitzeko punturik egokiena. Bai lagunok. Bizitza osoa hiri berean esnatzen daramazunean zure aurrean ezer berririk pausatzen ez dela iruditzen zaizu. Baina bizitza osoa hiri berean ematen duzunean irribarre egin dezakezu zure hiria benetakoa dela dakizulako, eta benetako hiri hori bertako pertsonek eta beren kulturak, hizkuntzak, izaerak eta nortasunak sortzen dutelako eta biziberritzen dutelako. Bai, benetakoa da Donostia, eta plazera da bertan esnatzea.

Comentarios

Deje su comentario