Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

SIDRA DE LA COSECHA 2018

08/12/2018

Guztira 11,78 milioi litro sagardo egin da Euskal Herrian 2018ko uztan.

Apurua kontzeptuari ohore eginez, Donostiako Sagardo Apuruan 2018 Uzta Berria aurkeztu dute zazpi lurraldeetako eragileek Sagardoa Route Proiektuaren barruan. Bizkaiko, Arabako, Nafarroako, Iparraldeko eta Gipuzkoako sagar eta sagardo elkarteetako ordezkariek eman dute beraien iritzia.

SIDRA DE LA COSECHA 2018

2018ko uztako sagardoa prest dago sagardotegietan, ate joka dugun Txotx garaian dastatzeko.

Iazko uzta oparoaren ondoren, sagar urte lasaia izan da aurtengoa. Sagarrondoek, espero bezala, sagar gutxiago eskaini badigute ere, kalitate oso handikoa izan da etorritakoa. Aurten sagar alea txikiagoa izan da eta likido gutxiagokoa. Muztioa gutxiago atera bada ere, kontzentratuagoa izan da eta azukre gehiagokoa. Sagar lanek iaz baino gutxiago iraun dute aurtengoan, beranduko sagarrak lehenago etorri direlako. Gorputz, izaera eta tanino handiko sagardoa izango dugu aurtengoa. Beraz, gorputz eta izaera handiko sagardoak izango ditugu aurten gure sagardotegietan.

Irakinaldiei dagokienean, urriko tenperatura egokiek eraginda, azkar irakin dute sagardoek eta usain ederra dute kasurik gehienetan. Horrek esan nahi du txotxean bukatutako eta ondo borobildutako sagardo asko izango dela aurten, sagardotegi batetik bestera gauzak asko aldatzen badira ere.

Laburbilduz, 2018 uztako sagardoa, orokorrean halakoa dator:

·         Aroma aldetik intentsitate handikoa

·         Estruktura, gorputz eta izaera handikoa

·         Txinparta finekoa

TXOTX IREKIERAK 2018ko URTARRILAN

Txotx garaia oihartzun eta arrakasta handiko ohitura da Euskal Herriko sagardotegietan, eta jendea deseatzen egoten da noiz hasiko den beren erreserbak egin eta Txotx garaiaz gozatzeko.

Aurtengo urtean ere  800.000 bisitari inguru izaten dituzte Euskal Herriko sagardotegiek, hasi urtarrilean eta maiatzera arte eta horrek inguruko ekonomian ere eragin zuzena du. Horrez gain, geroz eta sagardotegi gehiago dira urte osoan edo denboraldi luzeagoan zabaltzen dutenak ere. Hemen dituzue Txotx irekierak herri eta eskualdeetan:

GIPUZKOA

·         Txotx irekiera Astigarragan, urtarrilaren 16an Sagardunek antolatuta.

·         Txotx irekiera Hernanin, urtarrilaren 18an, 19:00etan, Tilos plazan (Eguraldi txarra bada Atsegindegin). Hernaniko txotx Batzordeak antolatua.

·         Goierriko sagardotegien txotx irekiera urtarrilaren 17an izango da Zeraingo Oiharte Sagardotegian.

·         Tolosaldeko irekiera Casino elkarteak antolatuta Tolosako Udalaren, Tolosa Gourmeten eta Tolosaldeko Sagardogileen laguntzarekin otsailaren 8an afalduz Zerkausian.  

BIZKAIA

·         Bizkaiko txotx irekiera Uxarte sagardotegian (Zornotza), urtarrilaren 23an, goizeko 11:00etan. Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak antolatua.

ARABA

·         Arabako txotx irekiera Trebiñun izango da urtarrila erdialdean. Arabako Sagarzale eta Sagardogileen Elkarteak antolatua.

NAFARROA

·         Nafarroako txotx irekiera, Linddurenborda Sagardotegian izango da (Lesaka) urtarrila erdialdean. Nafarroako Sagardogileen Elkarteak antolatua. (Data jakin bezain pronto www.sagardoa.eus orrialdean publikatuko da).

UZTA LURRALDEZ LURRALDE

GIPUZKOA

Gipuzkoan 11 bat milioi litro sagardo egin dira 2018ko uztan, aurreko urteetako kopuru bertsua. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegiek 8 milioi litro egin dituzte (www.sagardoa.eus) eta aurten aipatzekoa izan da bertako sagarraren garrantzia. Aurtengo uzta berezia izan da Gipuzkoan. Oso mailakatua eta banatua. Espero bezala, lore garaian egindako eguraldi busti eta hotzek polinizazioa nekeztu dute erlearen ibilera ez delako behar bezalakoa izan. Ondorioz, lore polinizazio gutxiago izan dugu eta uzta gutxiago. Sagarra ohi baino lehenago iritsi da, baita berandukoa ere. 

    Sagardoa usaimenari dagokionean intentsitate handikoa da, gorputzeko sagardoak dira eta alkoholari dagokionean 6,5 º vol. inguruan. Tanino handiko sagardoa da

    Azpimarragarria da, bestalde, sagardo naturala ez ezik, sagardotegiak dibertsifikatzen ari direla produktua eta azken urteetako joerari jarraituta, badira muztio  pasteurizatua  egin dutenak, sagardo apardunak, ondutako sagardoak egin dituztenak, izotzezko sagardoak eta oraindik ikertzen eta lantzen ari diren merkaturatu gabeko hainbat produktu berri gehiago. Produktu gama honen erakusleiho duzue www.sagardoa.eus web orrialdean dagoen online denda. 

Sagasti berriak eta sagardoaren inguruko azterketak

Jatorri Izendapenerako bidean sektoreak egindako ahaleginak eraginda eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, sagasti berriak aldatzen ari dira Gipuzkoan eta aurreikusten da datozen urteetan sagasti berri dezente izatea. Aurten landaketa asko izango dira Gipuzkoan. Honek, mesede egingo dio eta bultzada handia emango dio Euskal Sagardoa Jatorri Deiturari. Horrez gain, orain dauden sagastietan ere hobekuntza planak egin nahi dira eta guzti honen helburua da  %100 bertako sagarrez egitea bertako sagardo guztia etorkizun hurbil batean. Proiektu horretarako sagastiak jarri nahi dituzten eta lurrak dituzten baserritarren beharra ere bada, lur eremu dezente eta guztion lana beharko baita helburu hori betetzeko.

    Bertako sagarrarekin lan eginda, kalitate handiko sagardoa lortu nahi da, sagar motak ondo ezagutzen direlako batetik, eta bertatik bertara ekoiztuta, kontrola askozaz eraginkorragoa delako bestetik. Baina horrez gain, bertako ekonomiari ere eman nahi dio bultzada bat, bertako baserrietan sagastiak jarri eta bertako baserritarrei negozio bide berriak zabalduta.

    Sagarrak bi urtez behin emateko joera du berez, baina nabarmentzekoa da, sagastia ondo lantzen ari diren sagardozale eta sagarzaleak urtero-urtero uzta nahiko orekatuak ari direla lortzen, eta helburua izango da ahalik eta sagastirik gehienak txukun zaindu eta bide horretan sartzea, sagarraren kalitatea ez ezik, kopuruz ere uzta orekatuagoak lortzen joateko. Sagastien zainketan ez ezik, sagastien planifikazioan ere aldaketa handia eman da azken urteetan, sagasti berrietan: aldaketa nabarmenena da, sagar motak nahasian aldatu beharrean sailka aldatzen direla, horrela kontrola eta bilketa sagar mota bakoitza aparte hartuta egin ahal izateko.

Sagarrak biltzeko makina, bigarren uzta

Kooperazioa eta kolaborazio helburu hartuta, 7 sagardogilek beren 18 lursailetan ibili zuten Sagar Biltzeko makina euren sagar bilketarako. Proiektu pilotu honek arrakasta izan badu ere, lanketa gelditu da gure sagastiak egokitu eta datorren urteari begira proiektu honen hobekuntzak planteatzeko.

    Sagarren inguruan eta sagar mota desberdinek ematen dituzten sagardoen inguruan azterketa dezente ari dira egiten azken urteetan, eta bide horretan jarraituko da 2018ko uztan ere.  

BIZKAIA

Bizkaian 100.000 litro egin dira 2018 uztan, %100 Bizkaiko sagarrarekin, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak (www.bizkaikosagardoa.com) jakitera eman duenez. Uzta txikia izan da aurtengoa, espero bezala. Iraila erdialdean hasi ziren sagardoa egiten. Lehen sagarrak muztio naturala egiteko izan dira. Irakinaldiak ere azkar etorri dira, hilabete hauetan egindako eguraldi beroa dela eta. Gorputz handiko sagardoak datoz aurten Bizkaian, iazkoarekin alderatuta. Sagar ale handiak jaso dira aurten, baina kopuruz gutxiago izanda, sagar oso ona izan da aurtengoa.

    Bizkaiko sagardogileek apustu garbia egiten dute beren sagardoa %100 bertako sagarrarekin egitearen alde. Aurten ia iaz egindako sagardo kopuruaren bikoitza egin da Bizkaiko lurretan. Alkoholari dagokionean, 6,5 º Vol. Alkohola izango dute aurtengo sagardoek.

ARABA

Arabako sagardozaleek 50.000 litro inguru sagardo egin dituzte 2018ko uztan eta horretarako %100 Euskal Herriko sagarra erabili dute, Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartetik jakitera eman dutenez. Arabako beste hainbat lekutan, Trebiñu kasu, aurten uzta oso oparoa izan dute eta ondorioz iazko uztarekin alderatuta gutxiago izan bada ere, sagardo kopuru antzekoa egiteko aukera izan dute.

Sagar oso osasuntsua izan da aurtengoa, kalibre onekoa irailean egindako euria dela eta, errendimendu handikoa. Uzta, orokorrean, bere sasoian etorri da. Irailaren bukaera aldera hasi ziren sagarrak biltzen. Sagardoak lehen irakinaldia pasata dauka eta kupela gehienak itxita daude dagoeneko. Sagarraren kalitatea ikusita eta zeukan azukre kopurua aintzat hartuta, 6,5º vol. inguru alkohol graduazioa duen sagardoa espero dugu. Araban sagardoa egiten ez ezik, lan handia ari dira egiten bertako sagar motak berreskuratu, aztertu eta gordetzen, garai batean sagardo asko egiten baitzen Araban eta sagar aberastasun hori oraindik ere txoko askotan mantentzen baita. Sagar arbola bakan hauek lokalizatu, sagarrak aztertu eta etorkizunerako mantentzeko lan handia ari da egiten Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartea eta dagoeneko galtzeko zorian zeuden sagardotarako sagar mota ugari bildu eta gorde dituzte.  120 barietate inguru dauzkate dagoeneko berreskuratuta eta Sagardotarako sagar mota hauekin lan egiten saiatzen dira.

Arabako Sagarzale eta Sagardozale Elkartea lanean ari da Araban sagar landareak landatzeko. Instituzioen aurrean azalpenak eman eta proiektua aurkeztu dute. Interes handia sortu duen lana izan da eta gaur biharretan jakingo dugu erantzuna.

NAFARROA

Nafarroan 200.000 litro egin dituzte 2018ko uztan, Nafarroako Sagardogileen Elkartetik jakitera eman dutenez. Aurtengo uzta berezia izan da Nafarroan, bertako sagar gutxi bazegoen ere, sagarra iraila bukaeran jaso ahal izan dute. Normalean baino lehenago etorri da sagarra aurtengoan. Sagardoak lehen irakinaldia egina dauka, elaborazio garaian izandako tenperatura altua medio. Sagardoak aurten gorputz handiagoa du eta aurreratuta dator. Interes handia dute Nafarroako sagardogileek Euskal Sagardoa Jatorri Deitura egiteko. Urte batzuren buruan ere espero da Jatorri Deitura bertan egitea.

IPARRALDEA: Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa

Iparraldean 430.000 litro sagarno eta muztio egin dira 2018ko uztan, aurten ere hirutik bi sagarnoa eta hirutatik bat muztioa edo jusa. Horietatik 220.000 Eztigarrek eginak dira. 220 tona sagar bildu dituzte aurtengoan guztira. Eztigar kooperatiba da Sagar Ekoizlerik handiena (http://www.cidre-eztigar.com/eu/), eta jakitera eman duenez, uzta ezohikoa izan da. Sagar goiztiarrak izan baziren ere, asko usteldu eta ez dira behar bezala loditu. Azken sagarrak, berriz, oso onak izan dira.

Udaberri oso euritsua izan zen eta euriak lore gutxiago mamitzea ekarri zuen, udara berriz beroa eta idorra izan da gure lurretan. Sasoi bitxiak izan ditu aurtengoan urteak naturari begira jarrita. %100 bertako sagarrez egin dute sagarnoa, beren helburua hori izanik. Azken urtetako berrikuntzekin segiz, zenbait ekoizle sagarno bereziak ari dira egiten bereiztutako sagarrak erabilita: muztio gutxi dakarten sagarrak dira, baina oso likido kontzentratua dutenak. Hauek ahal bezain beranduen bildu behar dira (% 45ko errendimendua dute). Bukaerako produktua berezia da oso: aparduna, gorputz eta txinparta handikoa. Sagarno berezi hauek ari dira apurka-apurka euren merkatua bilatzen eta elaborazioak dakarren lanagatik beste prezio batean kolokatzen. Sagarno naturala, berriz, lehen irakinaldia eginda zapore eta gorputz handikoa izango da, iazko urtearekin alderatuta. Bertako sagarrez egindako sagarno ederrak espero dira hiru lurraldeetan aurtengo uztan ere.

SAGARDOA ROUTE, SAGARDOTEGIEN ETORKIZUNA

Badira urte batzuk sagardo sektoreak, produktuan berrikuntzak egiteaz gain, sagardoaren kultura sustatu eta sektore turistikoan lanean jarri dela. Euskal Herriko Sagardogileen Elkarteek helburu dute, sagardotegia, txotx esperientzia eta baserria ezagutzera ematea eta horrela gure produktua, gure jatorria, gure ohiturak, historia eta euskal kultura, balorean jartzea. Izan ere, sagardoa izan da mendeetan zehar Euskal Herriko produktu bakarra eta dolare-baserriak, miliaka litro egiteko sortutako enpresa txikiak ziren, euskaldunen kontsumorako eta baita euskal arrantzaleek baleontzietan kanpora eramateko ere.

Sagardoa Route, Euskal jatorrira itzulia

Sagardoa Route, Sagardotegien etorkizuna lantzen duen proiektua da. Berak biltzen du Sagardoaren inguruko esperientzia eta eskaintza multzoa, eta bere barne ditu Euskal Herriko 7 lurraldeetako 60 sagardotegi. Sagardoa Route da Sagardoa ardatz hartuz, euskal jatorrira itzulia eskaintzen duen proiektua. Sagardotegien, Sagardoaren kulturaren baitako ekintzen eta inguruko eragile eta baliabideekin batera aurrera eramandako proiektua. Iaz jarri genuen lehen harria, eta aurten berrikuntza gehiagorekin sektorearen profesionalizazioan beste urrats bat eman dugu.

    Urteko ekintzen artean dugu abenduko SAGARDO APURUA. Bide horretan, gure ekimen kuttuna da Sagardo Apurua, ekimen honek barne hartzen dituelako gure balore guztiak: sagardoaren presentzia, elkarlana inguruko eragile guztiekin eta tradizio modernoa. Sagardo Apurua garai bateko baserri sagardotegi baten berreraikuntza da. Baserri honi bizitza ematen diogu hainbat eta hainbat ekintzaren bidez: herri kirolak, cocktail lehiaketak, dastatzeak, maridajeak, erromeriak eta abar luze bat.

www.sagardoa.eus, erreserba automatikoa 41 sagardotegirentzat

Sagardogintza mundua ere egokitu da egungo erreserba sistema berrietara: erreserba zentral automatikoak bezeroari Sagardotegietan otordua hasiera batean eta sagardotegietako esperientzia guztiak bigarren fase batean automatikoki erreserbatzeko aukera irekiko du. 

Lau pausu sinpletan bezeroak erreserba egin dezake. Eguna eta ordua aukeratu, bertaratuko den lagun kopurua zehaztu, behar berezirik baden aipatu eta klik! Aurrerapena soilik ordainduta bere lekua gordeko zaio. Horretaz gain, orrialde bakoitzean sagardotegiaren inguruko informazio osoa eta eguneratua izango duzu, eskaintzen dituen menu, otordu, produktu eta egutegiarekin. Hala, Sagardogintza sektoreak aurrerapauso handia eman du erreserba motor automatiko honekin, erreserba bide berriak garatuz eta pixkanaka egungo eskariari erantzuna emanez.    

Comentarios

Deje su comentario