2025 sagardotegi denboraldiaren balorazioa
2025 Txotx denboraldia eta Sagardotegietan bisita gidatuen eskaera % 28an igo da, mahaia erreserbatzeko internet bidezko eskaera % 37an eta sagardoaren internet bidezko salmenta % 9an igo da. Euskal Sagardoa Jatorri Deitura izan da produktu salduena.
Bertako bezeroei dagokienean bisita gidatua eta otordua batzen dituen eskaintza izan da gehien eskatu dutena; kanpotarrek, berriz, nahiago dute garraioa barne duena.

Gaur aurkeztu ditu Euskal Sagardoaren Ibilbideak sagardo upategietan egiten diren bisita gidatuak eta euskal sagardo sektorea egiten ari den ahalegina sagardotegian txotxean bezala beste hainbat aukeraz ere gozatzeko. Lehen sektoreak garatu duen eskaintzaren emaitza da gaur aurkeztutakoa, kalitatezko produktu batean oinarritutako bisita eredua. Sagastian hasi eta prozesu osoa azalduz etxe bakoitzak ekoizten dituen produktu guztiak dastatzeko parada hartzen da bisitetan eta bertako zein kanpoko bezeroek gogotsu hartu dute aukera berri hau.
Lehen sektoreak bere etxeko ateak zabaldu nahi izan ditu Sagardoaren Turismo Plana garatuta: sagarra eta sagardoa jarri nahi izan ditu erdigunean berriro ere. Bi hauek baitira sagardogintzari dagokion izaera eman dioten oinarrizko osagaiak. Hori dela eta, bisita beti sagastian hasten da. Gaur zortea izan dugu loraldi bete-betean ikusi ahal izan dugulako sagastia, izara zuri baten antzera jantzita. Sagarraren garrantzia azpimarratu ondoren eta zukua dastatuta elaborazio prozesuari egiten diogu bidea. Bisitaren bukaeran kupeltegi desberdinak ikusi, sagardoaren eboluzioaz hitz egin eta hainbat produktu dastatzeko aukera dugu bai botilan eta baita txotxetik ere. Bisita hauetan garrantzia handiena sagardogilearen paperak izan ohi du, bera baita bezeroei lehen ongi-etorria ematen diena.
Azpimarra egin nahi dugu lehen sektorearen ikuspuntua oinarri hartuta garatu duela sagardo sektoreak bere eskaintza: izan bisita gidatuaren garapenean edota txotxean dagoen arduradunak sagardoak dastatzeko jartzen dituen irizpideetan, bertako sagarra eta honek duen balioa berriro ere erdigunera ekartzea da pixkanaka sektore honen helburu gorena. Hori dela eta, bisitan zehar garrantzia handia hartzen dute ekoizten diren produktu desberdinek: euskal sagardoa jatorri deitura, sagar zukua, gastronomikoa, latan, lupulatua, izotzezkoa… etxe bakoitzak dituen berezitasunak dira bezeroari dastatzera ematen zaizkionak.
Egun, 12 dira bisita gidatuak eskaintzen dituzten sagardotegiak:
- Aburuza (Aduna)
- Altzueta (Hernani)
- Astarbe (Astigarraga)
- Bereziartua (Astigarraga)
- Gaztañaga (Andoain)
- Iparragirre (Hernani)
- Lizeaga (Donostia)
- Mizpiradi (Andoain)
- Oiharte (Zerain)
- Ola (Irun)
- Petritegi (Astigarraga)
- Saizar (Usurbil)
Sagardogintzak eskaintza zabala badu ere, lau dira nabarmendu nahi ditugun aukerak:
- DASTATZE GIDATUA ETA OTORDUA: 30 minutuko dastatze eta bisitak dira taldeentzat egokiak. Batez ere, produktuaren dastatzean oinarritutako bisita da. Ondoren, sagardotegian otordua egiten da. Informazio gehiago.
- BISITA GIDATUA ETA OTORDUA: Ordubete inguru irauten du bisita gidatuak eta etxeko txoko desberdinak ezagutzen dira sagastitik kupeltegira bidean, etxeko produktuen dastatzeaz lagunduta. Ondoren, sagardotegian otordua egiten da. Informazio gehiago.
- SAGAR ZUKU TAILERRA: Familientzat pentsatuta dagoen tailerra da hau. Sagar garaian egiten da eta bi orduko iraupena du. Sagarrak bildu, txikitu, prentsatu eta muztioa dastatzeko aukera ematen da. Informazio gehiago.
- HERRI KIROLEN TXAPELKETA: Talde eta enpresentzat da egokia. Bertan, herri kiroletan oinarritutako talde jolasak egiten dira talde-kohesioa lantzeko. Bi orduko iraupena du. Informazio gehiago.
2025 sagardotegi denboraldiaren balorazioa
Asteburua eta astean zehar: bezeroen joerak
2025eko sagardotegi denboraldia positiboki baloratu dute sagardogileek: giro atsegina eta lasaia nabarmendu da aurtengo denboraldian gure sagardotegietan. Pandemiaz gerozko joerari eutsi dio aurtengo denboraldiak ere. Larunbata eguerditarako izan dira eskari gehienak eta baita ostiral eguerdirako ere. Igande eguerdietan irekita dauden sagardotegiek ere mugimendu handia izan dutela nabarmendu du sektoreak.
Adin tartea txotx denboraldian otorduei dagokienean
Adin tarteari dagokionean 40-60 urte bitarteko jendea ibili da batipat gure sagardotegitan; nahiz eta nabarmentzekoa izan den 18-35 urte bitarteko bezeroen igoera larunbata iluntzeetan. Astean zehar sagardoa dastatzeko irrikan elkartzen diren sagardozaleak egun ere garrantzia berezia dute gurean. Aurten mantendu egin da erreserben joera menuari eta txotxari dagokionean. Erreserba hauen kudeaketari dagokionean geroz eta bezero gehiagok baliatzen dute online erreserba egiteko aukera eta geroz eta sagardotegi gehiago dira aukera hau ere euren webguneetan txertatu dutenak. Ondorioz, % 37 igo da mahaiaren erreserba egiteko internet bidezko eskaria.
Sagardo sektorea lanpostu sortzaile
Sagardo sektoreak urtean zehar 690 lanpostu inguru sortzen ditu, bai txotx garaiari dagokionean eta baita bestelako jarduerei dagokienean ere. Aurten, Lanbiderekin batera garatu dugu sagardogileei langileen CVak iristeko bidea. Langileen kontratazioa errazteko aurrerapauso handia izan da hau.
Urte osoko eskaintza, garaian garaikoa oinarri hartuta
Sagardo sektoreak bere eskaintza gastronomiko eta kulturala landu eta komunikatzen du denboraldian zehar bertaratzen diren bezeroek esperientzia borobila izan dezaten. Sektoreak dagoeneko garatuta dauka Sagardotegiari dagokion Plan Estrategikoa eta Sagardo Upategien Turismo Plana. Horiek ditu ardatz urtez urte eskaintza osatu eta geroz eta anitzagoa den bezeroari hainbat proposamen egiteko. Denak ere kalitatezko produktu baten baitan antolatutakoak. Denboraldiari begira nabarmentzekoa da % 28an areagotu dela dastatze, bisita eta bestelako irteeren kontsumoa.
Denboraldi honetan Sagardotegietan sagardoa online erosteko hainbat euskarri ikusi ahal izan ditugu. Informazio-gune hauek balio izan dute, besteak beste, sagardoaren internet bidezko salmenta % 9an igotzeko eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura izan da gehien erosi den produktua. Datu hau garrantzitsua da otordua egin ondoren askok zailtasuna izan ohi dutelako sagardoa etxera eraman ahal izateko. Hori dela eta, komunikazio estrategia bideratu nahi izan dute sagardogileek sagardoa klik batean etxean jasotzeko aukera duela gogorarazteko euren bezeroei.
Udako Sagardotegien proposamena: terrazak, garaiko produktuak eta ostalaritzaren garrantzia
Euskal Sagardoaren Ibilbidea da Sagardo sektoreak bere estrategia digitala, kulturala eta turistikoa garatzeko daukan tresna. Euskal Sagardoaren dastatze gidatuak, Sagardotegietan bisitak, kirol eta kultur ekintzak… antolatzen ditu Ibilbideak eta udarari begira agenda betea du.
Uda garaian sagardotegien %50ak mantentzen ditu ateak irekita, eskaintza oso zabalarekin. Garaiko produktuek eta botilaratutako sagardoak hartzen dute garrantzia. Terraza dotore eta atseginek ere laguntzen dute uda garaiaz eta Euskal Sagardoaz beste modu batean gozatzen. Udaran zehar irekita dauden sagardotegien eskaintza osoa esteka honetan ikus daiteke.
Comentarios
Deje su comentario