XXXVIII. TOPA! SAGARDO EGUNA DE DONOSTIA
Donostiako Sagardo Egunak Konstituzio plaza bere egin du gaurkoan, 4.000 lagunetik gora elkartuz bertan. Denek izan dute sagardogileek ilusioz ekarri dituzten sagardo onenak dastatzeko aukera. Giro aparta lagun bertaratu direnek sagardoaren kulturaren inguruan plazan bildutako eskaintza osoaz gozatu ahal izan dute, baita sektoreak ekoiztu dituen produktu berriak ere.

Sagardoa izan da protagonista gaur Donostian
Sagardoa kopan dastatzeko aukera izan dute gerturatu direnak, aukera polita baita Donostiako Sagardo Eguna produktuaren inguruko aukera berriak eta kontsumitzeko ate berriak irekitzeko.
Ekitaldiaren antolatzaile da Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Euskal Sagardoaren Ibilbidearekin eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Donostiako Udala, Donostia Festak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Euskal Sagardoaren Ibilbidea – Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kide diren 31 sagardotegik hartu dute parte aurtengo ekitaldian. Beraiek izan dira 2024 uztak eskaini duen onena gerturatu direnei dastatzen emateaz arduratu direnak. Triki eta bertso doinuez lagunduta zerbitzatu dira 6.000 botila inguru, pintxo goxoez lagunduta.
Bertan izan dira gonbidatu bereziak: Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua; Eneko Goia, Donostiako Udaleko alkatea; Raimundo Ruiz de Escudero, HAZI Fundazioaren zuzendaria, Nora Beltran de Otalora, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria; Jakes Agirrezabal, Turismo eta Merkataritzako Sailburuordea; Arantxa Ariztimuño, Nekazaritzako eta Lurralde Oreka departamentuko zuzendaria; Libe Otegi, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Zuzendaria; Astigarraga, Andoain, Hernani, Usurbil, Urnieta, Asteasu eta Ataungo udal-ordezkariak; Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Kideak; Getariako Txakoliña Jatorri Deituraren ordezkariak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ordezkariak besteak beste.
Hauek dira Sagardo Egunean parte hartu duten Sagardogileak:
- Aburuza (Aduna)
- Aginaga (Usurbil)
- Akarregi (Hernani)
- Alorrenea (Astigarraga)
- Altuna (Urnieta)
- Altzueta (Hernani)
- Añota (Azpeitia)
- Astarbe (Astigarraga)
- Barkaiztegi (Donostia)
- Calonge (Donostia)
- Etxeberria (Astigarraga)
- Gartziategi (Astigarraga)
- Gaztañaga (Andoain)
- Gurutzeta (Astigarraga)
- Iparragirre (Hernani)
- Izeta ( Aia)
- Lizeaga (Astigarraga)
- Mizpiradi (Andoain)
- Oianume (Urnieta)
- Oiarbide (Astigarraga)
- Oiharte (Zerain)
- Ola (Irun)
- Petritegi (Astigarraga)
- Rezola (Astigarraga)
- Rufino (Hernani)
- Saizar (Usurbil)
- Satxota (Aia)
- Tximista (Ordizia)
- Urdaira (Usurbil)
- Zabala (Aduna)
- Zelaia (Hernani)
Plazako dastatzeaz gain Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hainbat ekintza bideratu ditu bertan, sagardogileen mendeetako ofizioa erakustera eman eta duen esanahia, sekretu ezezagunak eta balioa adierazi ahal izateko. Horren adibide da, esaterako, garai bateko eran sagardoa egitea. Sagarrak kizkia eta saskiarekin bildu, txikitu eta ondoren tolaren prentsatzea. Hala, plazaratu diren sagardozale guztiek 2025eko uztarekin egindako lehen muztioa dastatu ahal izan dute.
Eguneko momentu hunkigarriena omenduak oholtza gainean suertatu da. 2025ean 65 urte egin dituzten edota Sagardogintza lanak utzi dituzten Sagardogileak omendu ditugu: Juanjo Urruzola eta Begoña Etxabe (Elutxeta Sagardotegia), Jose Angel Gaztañaga eta Maria Angeles Garmendia (Gaztañaga Sagardotegia) eta aipamen berezia ateak itxi berri dituen Otsuenea sagardotegiko sendiari. Elkarteko lehendakari eta juntakideen eskutik jaso dute gure oroigarri kuttuna. 12:30ean kopa bana eskuan egin da TOPA! ofiziala. Bertan izan ditugu administrazioetako ordezkariak, omenduak eta sagardogile guztiak. Hala itxi da eskertze ekitaldia, sagardogileei egindako lana eskertuz.
Bertako Eusko Label Pintxoak Txomin Parrillaren eskutik
Txomin Parrillak Basatxerri xolomoburua eta txorizo egosia prestatu ditu ekitaldian zehar, bertaratu direnen gustagarri. Orain artean Petritegi Sagardotegia izan da pintxoen postua kudeatu duena eta aurten aldaketa eman du Elkarteak bertako Euskal Label pintxoen puntua sortuz. Honen parean, Ordiziako Arizmenditarren eskutik Itziar Etxeberriaren familiak jarriko du gazta pintxo eta gazta saltzeko postua.
Euskal Sagardoaren Ibilbidea: informazio puntua eta Sagardoaren inguruko irteerak uda honetako arrakasta
Sagardo munduak eskaintzen duen informazio guztia dugu eskura sagardoa.eus webgunean, eta geroz eta bisitari gehiago dira mundu honek eskaintzen duenaren inguruan interesa dutenak. Horretaz gain, nabarmen igo da aurtengo denboraldian ere sagardo dastatzeak sagardotegietan egiteko eskaera. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 50 kideek 122 produktutik gora ekoizten dituzte: sagardo naturalak, apardunak, ekologikoak, kriantzak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturala, bereziak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, besteak beste. Deskontu bonuak banatu dira gaurkoan bertaratu direnen artean nahi duenak eskuragarri izan dezan sagardoa etxean online dendaren bidez.
Iraileko dastatzea, Euskal sagardoaren mundua ikusarazteaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izaten da: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Mezu hori zabaldu nahi izan du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, bai bertako kontsumitzaileei baita kanpotik etortzen diren ehunka bisitariei, Donostiako Sagardo Eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita. Aurten, gainera, sagardoa dastatzeko beste proposamen batekin gerturatu da Donostiara sektorea: kopa. Gure sagardo edalontzi finaz gozatzen dugunontzat beste aukera berri bat! Sagardoak, zorionez, kontsumitzeko eta gozatzeko mila modu ematen baitizkigu.
Informazio puntu honetan bisitariek sagardoaren inguruko irteeren, asteburu pasen eta txangoen informazioa sakonean eskuratu ahal izan dute. Sagardotegi denboraldian %29an igo dira bisita gidatuen eskariak. Honek erakusten digu lanerako lerro interesgarri bat irekitzen ari zaiola sagardogile sektoreari. Euskal Herriko sagardoaren kulturak duen balioa eta atzerritarrek duten interesa ikusita, sagardoaren sektorea, turismoaren sektorean lanean ari da.
Merkatu berri honen testuinguruan jaio zen Euskal Sagardoaren ibilbidea. Sagardogintza sektorea eraberrituz, oinarria eta izaera indartuz, egoera zein bide berrietara egokituz. Sagardogintza sektorea etengabeko aurrerapausoak ematen ari da. Gaur egungo sagardo kontsumitzailea zein sagardotegietako bezeroa anitza da. Horren aurrean, sagardogileak produktuaren dibertsifikazioa eta zerbitzuen eskaintza zabaltzearen alde egin dute. Izan ere, merkatuaren aldaketei eta egoera berriei erantzuna emateko jaio zen Sagardoa Route, euskal sagardoaren ibilbidea ezagutzeko bidea.
Esperientzia gastronomikoak eta kulturalak definitu ondoren, Ibilbideak produktu turistikoen eskaintza zabala aurkeztu du. Euskal Lurralde guztietan ditugu sagardotegiak eta gure lurretik mendeetan zehar jaio den produktua da sagardoa. Sagardogintza eta lurraldea. Gure jatorria eta historia. Horixe kontatu komunikatu nahi du Ibilbideak, sagardoaren kultura balioan jartzeko asmoarekin.
Esperientzia errealak dira, familia eta ofizioa barrutik ezagutzeko asmoarekin sortuak. Bisitaria eroso eta etxean senti dadin, eta gure kulturaren enbaxadore bihurtu dadin, lau haizetara zabalduz euskal kulturaren esanahia. Informazio guztia www.sagardoa.eus webgunean dago eskuragarri.
Euskal Lurraldeetan banatuta, dagoeneko 61 sagardotegi dira EUSKAL SAGARDOAREN IBILBIDEA proiektua osatzen dutenak.
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura: sektorearen apustua
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak zortzigarrena izan du 2024koa eta uzta hori izan da jendeak Donostiako Sagardo Egunean dastatu ahal izan duena. Bertako sagar hutsez egindako sagardoek protagonismo berezia izango dute Konstituzio Plazan, Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango baita: sagardotegi bakoitzak bere sagasti eta inguruko baserrietako sagastietako sagarrez egindako sagardoak egongo dira, eta horien artean baita sagar mota bakarrez eta bi sagar motaz egindakoak, sagasti jakineko sagarrez egindakoak, egurrean ondutakoak, aurreko urteko amaren gainean ondutakoak eta abar luze bat ere. Izan ere, sagardotegiek kalitate handiko sagardoak egiteaz gain, dibertsifikatzeko pausoa ere eman dute, bertako sagarra ardatz hartuta, eta Donostiakoa plaza ezin hobea da lan guzti hori azaltzeko,
Eta azken urteetako bideari jarraituz, produktuak bai linealetan eta bai ostalaritzan presentzia handiagoa izateko lanean ari da Kontseilu Arautzailea, sagardogileekin batean, eta kontsumitzaileei egindako lana azaldu eta produktuak dastatzera eman eta azaltzen.
Iazko uzta botilan eta aurtengoa sagastian
Topa! Donostian 2024ko uzta izan da dastagai Konstituzio Plazan. Gipuzkoako 31 sagardotegien sagardoa izan da postuetan, parte handi bat Euskal Sagardoa. Iazko uzta txikia izan zen kopuruan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileek 1,2 milloi litro egin baitzituzten, horretarako 2 milloi pasako sagar kilo bilduta. Kopuru txikiagoa izaki, izaera eta gorputz handiko sagardoa izan zen. Sagardoak dastatzeko puntu oso egokian izan dituzte daude beraz kontsumitzaileek, luzera ondo garatzen direnak baitira asko. Donostiak badu berezitasun bat, sagardogileek berek zerbitzatzen dutela beren sagardoa eta bertaratu diren kontsumitzaileek produktuaren ezaugarrien berri izan dutela sagardogileen eskutik.
Donostiako Sagardo Eguna eta sagar uzta berriaren hasiera data beretsuan izaten dira. Sagarra biltzen datozen egunetan hasiko dira sagastirik gehienak eta beraz sagardoa egiten sagardotegirik gehienak. Uzta handia dago kopuruan, sagar urtea izateaz gain, euri dezente egin baitu aurtengo udaran eta sagarrak hazteko aukera izan du. Beraz, upategiek sagarra izango dute aukeran, Euskal Sagardo desberdinak egin ahal izateko.
Elkarlana eta balio katearen legea
Eusko Jaurlaritzaren Behatokiak hainbat Elikagaien kostuen kalkulua egin du modelo teoriko bat aintzat hartuta, Balio Katearen Legea aintzat hartuta. Modelo teoriko honek balio behar du sektore bakoitzak kostuen taula bere egin eta ekoizle bakoitzak bere kostuen inguruko datua izateko.
Bide horretan lanean ari dira joan den urte hauetan Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren baitan sagardogile sektorea eta sagargile sektorea, Gipuzkoako kasuan Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea eta Fruitel Elkartea hein handi batean. Bide honetan ezinbesteko puntua da eragile bakoitzaren kostu errealak jakitea eta horiek errespetatzeko pausoak adostea. Egun, sagar eta sagardogileek elkarlanerako bide bat dute markatuta bertako sagarraren ekoizpena bermatu ahal izateko. Astelehenean egingo dugu bilera Sagargile eta sagardogileek elkarlan honetan pausoak emateko.
Sagar beharrak eta aukera berriak
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura zabalkunde garaian da. Iparraldeko sagar eta sagardogileen sarrera eta aurreragoko Nafarroako sagar eta sagardogileen sarrera ari da lantzen momentu honetan. Horretarako Malus Bat proiektua ari da garatzen 18 hilabeteetan, 30 bat eragileren artean. Horrek zehaztuko ditu datozen urteetako lan esparruak eta plan estrategikoa. Proiektu hau Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak lideratzen du eta sagarrari dagozkion ekintza plan osoa garatu berri dute lehen seihileko honetan parte hartu duten sagar ekoizle, sagardogile eta hainbat instituzio eta erakunderen ekarpenei esker.
Garbi dagoena da, egitasmo zabalago honek aurrera egingo badu, ezinbestekoa izango dela sagar ekoizpena oinarri izatea, sagar sektoreak azken urteetan heldu dien erronkei aurre egitea: kalitatea, uzten oreka, sagar moten ezagutza, gure ingurunerako sagasti eredu desberdinen optimizazioa, generazio aldaketa eta nola ez errentagarritasuna. Errentagarritasun hori garai berrietara egokitu behar da, gaur egun baserrien egoera eta enpresa txikien egoera berrira.
Comentarios
Deje su comentario