Theme Settings

Mode Layout
Curent color
Active color
Choose your colors
Curent Color:
Reset

18 urte dituzu?

Gutxienez 18 urte behar dituzu webgune hau ikusteko :(

Sagardoa, familiaren gintza, emakume eta gizonaren langintza

07/03/2019

Bizimodua ofizio ala ofizioa bizimodu?

Bizimoduak ofizio bihurtzen dira batzuetan; ofizioak bizimodu besteetan. Familiak gizarte estrukturaren oinarri nagusi izan dira mendeetan zehar; eta Sagardogintzaren kasuan langile taldearen bermea ekarri izan dute hainbat gizalditan. Familia izan da bizia aurrera ateratzeko lantaldea gure oinarrian dauden Baserrietan.

Sagardoa, familiaren gintza, emakume eta gizonaren langintza

Baserrietako ofizio honek hainbat alor jorratu izan ditu eta egun ere halaxe dirau: lurra, frutagintza, baratza, ganadua eta hainbat produkturen ekoizpena. Tartean, sagardoa. Etxekoen lanarekin ateratzen zitzaion egunari errendimendua. Eta familia hori izan da ofizioa aurrera eraman duena.

Plazari dagokion eremua gizonena izan dela diogu askotan. Hein handi batean hala da, askotan jarri ditugu adibide gisara bertsolaritza eta herri kirolak. Plazaz gain, etxetik kanpoko ordezkaritza ere gizonak eraman izan du hainbat espaziotan, izan beste baserri eta sagardotegietako sagardo dastatzean, argazkietan edota sektorearen bileretan. Plazako salmenta, etxeko kupelaren zerbitzatzea eta diru kontuak, berriz, emakumeen eremua izan dira.  Eta espazio hauek hala mantendu dira urte luzez, nork bere lekua zein zen jakingo balu bezala, ulertu edo errespetatzen ez duena ero edo sistemaren aurka egongo balitz bezala, historian anekdota eta errebelde modua gordeta geratuko dena, ahaztarazi ez bada bederen. Bakoitzak nahia eta egin nahia garrantzitsua ez balitz bezala; ordena kultural, publiko eta erlijiosoak arautzen zuenaren arabera. Bakoitza bere lekuan, txintxo eta konforme.

Konforme egoteari uzten zaionean, ordea, kaosa. Gizakiak duen joera ohikoa: ulertzen ez duena errefusatzeko beharra, espazioak konpartitu beharrean botere harremanak eraikitzeko beharra, ordena mantentze aldera. Eta hor hasten da saltsa. Etxean lanean ari zena fabrikara ateratzen da, etxeko lanei eusten dien bitartean. Krisiak langabeziaz jantzi du gure lurra eta kanpoan lanean ari zena etxera itzuli da, etxeko zaintzara? Kontziliazioa hitzaren ezinegona, feminismoaren borroka eta bide berean berdintasun eta parekidetasun hitzen lanketa. Eta sagardogintza, hainbat euskal ofizio bezala, katilu berean dantzan. Generazio aldaketak eta formazioak lagunduta, gizon-emakumeez osatutako familia egiturak eta lanerako moduak ondorengotza parekidetasunean lantzen segitzeko aukera ematen du. Hau da, maiorazkotik haratago, etxea semeari uztetik haratago, uzten dutenen eta hartzen dutenen nahiak ulertu eta familia egituraren jarraipena, enpresa izaeraren eta nork bere zoriontasunaren eta bizitza kalitatearen bermea bilatuz.

Kaosa pasatzen ari da, lanbroak oraindik argi bide zuzenik erakusten ez badu ere. Espazioen mugak pixkanaka hautsita, nork bere lekua gaitasunen arabera bila lezake, sexutik haratago. Eta orain, pausuak aurrera eramanez, baldintza egokiak bilatzeko bideak hasi gara lantzen, nork bere postuan dagozkion baldintzak izan ditzan, gizon ala emakume izatea kontutan izan gabe.

Comentarios

Deje su comentario