Bertako bezeroek sagardotegietako bisita gidatu laburrak egiteko aukeraketari eutsi diote eta bezero hauek dira otordua egiteko mahaia ere online erreserbatzen duten gehiengoa, % 76. Katalunia da online sagardo gehien erosten duen erkidegoa, erosketen %28a izanik.
Sagardotegi denboraldiaren balorazioa eta bezeroen joerak
Sagardotegietako bezeroen kontsumo eta joerak nabarmen aldatzen ari dira, batez ere erreserbak egiteko moduan. Testuinguru honetan, online erreserbek %15eko hazkundea izan dute, erabiltzaileen artean gero eta ohikoagoa den kanal gisa sendotuz. Bereziki nabarmentzen da bertako bezeroa, mahai-erreserba sistema hau gehien erabiltzen duena, plataforma digitalen bidez egindako erreserben %76 biltzen ditu. Informazio gehiago sagardotegien bilatzailearen eta erreserba zentralaren inguruan: Euskal Herriko Sagardotegiak erreserbatu
Kontsumo joerei dagokienez, bezeroen erreserbak batez ere asteburuetan dira gehien. Igandeetan familia-profila nabarmentzen da; larunbatetan, berriz, talde eta kuadrillen erreserbak dira nagusi. Ostiraletan ere gero eta jende gehiago biltzen ari da, sagardotegientzat egun garrantzitsuagoa bihurtuz. Bestalde, ordutegiei dagokionean honako hau ikusten da: eguerdiko zerbitzuek afari edo gaueko zerbitzuek baino jarduera handiagoa erregistratzen dute.
Adin tarteari dagokionez, gure sagardotegietan batez ere 40 eta 60 urte arteko jendea ibili da, nahiz eta larunbat gauean 18 eta 35 urte arteko bezeroen hazkundea nabarmendu. Astean zehar sagardoa dastatzeko elkartzen diren sagardozaleek ere garrantzi berezia dute gure inguruan. Garrantzia berezia du txotx denboraldian zehar upeltegitako sagardoak dastatzera joateak, eta hori bilatzen duen bezero motak. Aurten ere pertsona kopuruari dagokionez joera mantendu da.
Sagardo sektoreak urtean zehar 700 lanpostu inguru sortzen ditu, bai txotx denboraldiari lotuta, bai sagardotegiekin lotutako beste jarduera batzuetan ere. Bigarren urtez jarraian, Lanbiderekin elkarlanean aritu gara gure sagardotegietan denboraldian lan egin nahi izan duten pertsonen CV bilketa errazteko. Langileen kontratazioa errazteko urrats handia izan da hau.
Gaur egun, Euskal Herriko sagardotegien %55ak urte osoan daude irekita, sektorearen desestazionalizaziorako eta txotx denboralditik harago hedatzen den eskaintza gastronomiko, turistiko eta kultural baten sendotzerako joera argia erakutsiz. Horrela, denboraldian eskaintza gastronomikoa sagardotegiko menu tradizionalean oinarritzen den bitartean, maiatzetik aurrera eskaintza dibertsifikatu egiten da garaiko produktuekin, bezero profil eta kontsumo une berrietara egokituta.
Gainera, establezimendu batzuetan sagardoa zuzenean kupeletik dastatzeko aukera mantentzen bada ere, sagardotegi guztiek eskaintzen dituzte haien produktu berrien dastatzeak botilan. Horri gehitu behar zaio terrazek eta kanpo espazioek gero eta presentzia handiagoa dutela; bertan bisitariek sagardoak mokadutxo eta proposamen gastronomiko ezberdinekin batera gozatu ditzakete, Euskal Sagardoaren inguruko aisialdi eta kontsumo esperientzia zabalduz. Udan irekita dauden sagardotegien eskaintza osoa esteka honetan ikus daiteke: Euskal sagardotegiak udaran
Era berean, ostalaritzak sagardo botilen kontsumoan duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Hau da sagardoaren kontsumo sektore nagusia eta gaur egun Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarekin batera lanean ari gara ostalariei produktuen gama, kartak, materialak eta sagardoa lantzeko behar duten guztia errazteko.
Bisita gidatuak, dastaketak eta irteerak: euskal sagardotegiez gozatzeko beste modu bat
TXOTX garaiko eskaintzaz gain, Sagardoaren Ibilbideak eta Euskal Herriko sagardo sektoreak beste aukera ugari eskaintzen dituzte bezeroek upeltegietan gozatu ahal izateko. Kalitatezko tokiko produktuan oinarritutako bisita eredua. Bisita guztiak sagastian hasten dira, eta etxeko produktu guztiak dastatzen diren bitartean sagardoaren elaborazio prozesu osoa ezagutzen da; tokiko zein kanpoko bezeroek harrera bikaina egin diote aukera berri honi.
Azpimarratu nahi dugu sagardo sektoreak bere eskaintza lehen sektorearekiko errespetuan oinarritu duela: bai bisita gidatuan bai txotxean sagardoa dastatzerakoan, helburu nagusia bertako sagarra eta sagardoa balioan jartzea da. Horregatik, bisitetan garrantzi handia ematen zaie tokian tokiko produktuei: Euskal Sagardoa jatorri deiturako sagardoa, sagar zukua, sagardo gastronomikoak, latakoak, lupuludunak, apardunak, izotzezko sagardoak eta abar.
Euskal sagardotegietako bisiten salmentek bilakaera oso positiboa izan dute, bisitari kopuruan %84ko hazkundea lortuz. “Txotx” esperientziaren kontsumoan bertako bezeroa da nagusi, berriz, estatuko bezeroa bisita gidatuen %26 da.
Tokiko bezeroak gehien eskatzen duen zerbitzua etxeko produktuen dastaketan oinarritutako bisita laburra da; estatuko bezeroak, berriz, bisita eta bazkaria uztartzen dituzten proposamen osoagoak aukeratzen ditu. Atzerriko bisitariak, aldiz, bisita, gastronomia, garraioa eta gida zerbitzua barne hartzen dituzten pakete integralak nahiago ditu.
Gaur egun bisita gidatuak eskaintzen dituzten 14 sagardotegiak:
- Aburuza (Aduna)
- Altzueta (Hernani)
- Astarbe (Astigarraga)
- Barkaitzegi (Donostia)
- Begiristain (Legorreta)
- Bereziartua (Astigarraga)
- Gaztañaga (Andoain)
- Iparragirre (Hernani)
- Lizeaga (Donostia)
- Mizpiradi (Andoain)
- Oiharte (Zerain)
- Ola (Irun)
- Petritegi (Astigarraga)
- Saizar (Usurbil)
Gehien eskatzen diren esperientziak
- DASTAKETA GIDATUA ETA BAZKARIA: 30 minutuko dastatze gidatuak taldeentzat dira aproposak. Produktu desberdinen dastaketa eta ondoren upeltegiko bazkari tradizionala eskaintzen dira. Informazio gehiago.
- BISITA GIDATUA ETA BAZKARIA: Ordubeteko bisita gidatua, sagastitik upeltegira etxeko txoko guztiak ezagutuz eta familiak egindako sagardo desberdinak dastatuz. Ondoren, sagardotegiko menu tradizionala. Informazio gehiago.
- SAGAR ZUKU TAILERRA: Familientzat pentsatutako tailerra da. Sagar garaian egiten da eta bi ordu irauten ditu. Sagarrak bildu, txikitu eta prentsatu egiten dira, eta ondoren familia osoak mostoa dastatzeko aukera du.Informazio gehiago.
- HERRI KIROL TXAPELKETA: Talde eta enpresentzat aproposa. Euskal Herriko kiroletan oinarritutako joko eta probak egiten dira talde kohesioa lantzeko. Bi orduko iraupena du. Informazio gehiago.
Euskal Sagardoaren Ibilbideak eskaintzen dituen bisita, jarduera eta egun pasa guztien Informazioa Sagardoa Routeko webgunean topatu daiteke: Irteerak Euskal Herrian
Euskal Sagardoaren online denda: 150 sagardo baino gehiago eta 18 produktu gama
Salmenta datuei dagokienez, sektoreak bilakaera oso positiboa mantentzen du, urteko lehen lauhilekoan %19ko hazkundea izan baitu. Horrek Euskal Sagardoarekiko gero eta interes handiagoa eta merkaturatze kanal berrien sendotzea erakusten du.
Bezero profil nagusia Kataluniakoa da (%27), ondoren Andaluzia eta Euskal Herria (%15 bakoitza), eta Madrilgo Erkidegoa (%12). Datu hauek Euskal Sagardoaren hedapen gero eta handiagoa erakusten dute estatuko merkatuan eta ohiko lurraldetik kanpo publiko gero eta anitzagoa erakartzeko duen gaitasuna.
Bertako eta estatuko bidalketez gain, sektoreak produktuaren nazioartekotzearen aldeko apustua egiten du, Europako herrialde guztietara bidalketak eskainiz. Gutxieneko eskaera 12 botilako kaxa bat da, sagardo mota desberdinak kaxa berean konbinatzeko aukerarekin, kontsumitzaileari eskaintza zabalago eta pertsonalizatuagoa eskainiz.
Azken urteotan, euskal sagardoaren sektorea dibertsifikazio prozesu handia egiten ari da bezeroen behar eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko. Bilakaera hori zerbitzu eta esperientzien zabalkuntzan zein produktu eskaintzan bertan islatzen da.
Gaur egun, sagardotegiek 150 sagardo eta eratorri baino gehiago ekoizten dituzte, 17 produktu gamatan banatuta:
- J.D. Sagardo Naturala
- J.D. Premium Sagardoa
- J.D. Sagardo Ekologikoa
- J.D. Sagardo Gastronomikoa
- J.D. Sagardoa Latan
- J.D. Bag in Box Sagardoa
- Sagardoz
- Sagardo Ozpina
- Sagardo Bermuta
- Sagar Zukua
- Sagardo Aparduna
- Izotzezko Sagardoa
- Lupuludun Sagardoa
- Sagardo Monobarietalak
- Bi Barietateko Sagardoa
- Alkoholik Gabeko Sagardoa
- Gerezi Sagardoa
Eskaintza guztia Euskal Herriko sagardoan espezializatutako online denda bakarrean dago eskuragarri, 48 upeltegiren erreferentziak biltzen dituena. Aniztasun honek sektorearen berrikuntza gaitasuna eta publiko berrietara iristeko apustua erakusten du, euskal sagardoaren nortasuna eta izaera galdu gabe. Informazio gehiago.
