Euskal Sagardoaren Online Denda
Euskal Sagardoen Dibertsifikazioa
Azken urteotan, euskal sagardotegiek izugarrizko jauzia egin dute produktuaren dibertsifikazioari dagokionez. Sagardogileek urteak daramatzate kalitate eta aniztasun handiko sagardoak lortzeko lanean, egungo merkatura egokitu ahal izateko. Gaur egun, www.sagardoa.eus webguneko dendan 128 sagardo edo honen deribatuen eskaintza aurki dezakezu.
Gure online dendan, sagardo horiek talde hauetan sailkatuak aurkituko dituzu:
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota onartzen ditu eta 500 hektarea sagasti ditugu. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 248 sagar ekoizlek kalitatea, produktibitatea eta uzta ezberdinen arteko oreka bilatzen dute.
Euskal Sagardoa euskal sagarraren muztio naturalaren hartziduratik lortutako edaria da. Hartziduran, sagarraren azukrea alkohol bihurtuko da eta graduazio alkoholiko baxuko sagardoa lortuko dugu, % 5 inguru. Oro har, sagardo freskagarriak eta perfumatuak dira, eta izaera handia dute ahoan txinpartari esker.
Sagardo gastronomikoen taldean, ahoan konplexuagoak diren sagardoak aurkituko ditugu. Euskal Sagardoa sagardoak dira, euskal sagarrarekin egindakoak, baina guztiek dute berezitasunen bat. Sagardo monobarietalak sagar barietate bakarrarekin egiten dira; bibarietalak, berriz, tokiko bi sagar barietaterekin egiten ditugu, kontu handiz aukeratutakoak; eta sagardo gastronomikoak ere baditugu, haritz-zurean hartzituak izan direnak.
Garai berrietara egokituz, euskal sagardogileek duela urte batzuk hasi ziren lata erabiltzen, eta gero eta gehiago dira Euskal Sagardoa JDko sagardoa formatu honetan eskaintzen duten sagardo upeltegiak. Sagardoa behar bezala kontserbatzeko eta kontsumitzeko propio egindako latak dira. Botilarena baino formatu txikiagoa denez eta kristalik ez duenez, sagardoa garraiatzeko ontzi ezin hobea da.
Gure online dendan ditugun sagardo apardunak gama altuko eta elaborazio konplexuko produktuak dira. Sagardo apardun horiek champenoise metodoaren bidez egiten dira, eta bigarren hartzidura bat eragiten dute botilan, 9 eta 36 hilabete bitartean, egin nahi den apardun motaren arabera. Ahoan sagardo konplexuak dira, azidotasun eta mingostasun oreka ezin hobearekin, eta burbuila fin eta atsegina dutenak.
Familian edo lagunartean topa egiteko aukerarik onena!
Gero eta gehiago gara ingurumenaz arduratzen garen pertsonak, eta hori da gure online dendan aurki ditzakezuen sagardo ekologikoen arrazoia. Kalitate handiko sagardo naturala da, bertako sagarrarekin egina, eta, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren eskakizun guztiak betetzeaz gain, Europako ekoizpen ekologikoaren arau guztiak betetzen ditu, sagarrondotik hasi eta botilaraino; hau da, ez du produktu kimikorik.
Euskal sagardotegiek egiten duten sagar-zukua %100 naturala da. Zuku horien elaborazioa honako hau da: sagarra bildu, garbitu, birrindu eta prentsatu egiten dugu, prentsatik ateratzen den muztioa 85-90º-ko tenperaturan pasteurizatzen da eta botilaratu egiten dugu. Online dendan aurki ditzakezuen muztioek ez dute osagairik eramaten bertako sagarretaz gain, ezta azukre erantsirik ere. Aukera ezin hobea da edari alkoholdunak kontsumitzen ez dituzten pertsonentzat.
Lupuludun sagardoak Euskal Sagardoaren freskotasunaren eta lupuluak ematen dion garraztasun sotilaren konbinazio ezin hobea dira. Bertako sagar barietateekin egindako sagardoa, lupuluz hartzitua. Gorputza duen sagardoa da, oso naturala ahosabaian eta lupuluak ematen dizkion lore usainekin.
Izotzezko sagardoa kontu handiz hautatutako bertako sagar barietateak prentsatuz eratzen den muztiotik abiatuta lortzen da: muztio hori bi aldiz izozten da, eta horrela urik gabeko muztio kontzentratu bat lortzen da, hartzitzen uzten dena. Muztioa 9-10 gradura iritsi denean, iragazi eta pasteurizatu egiten da. Emaitza urre koloreko sagardoa da, gozoa ahoan eta sagar errearen zapore handikoa, luzaroan irauten duena.
Azkenik, sagar-ozpinen kategoria dugu. Bertako sagarrarekin egindako ozpin naturalak dira, sagarraren eta sagardoaren ezaugarri eta onura guztiak biltzen dituztenak. Entsaladak, arrainak eta gainerako otorduak laguntzeko aproposenak dira.
Produktu guzti hauek eta gehiago topa ditzakezue gure ONLINE DENDAN, eskaera egin eta 48 ordutan sagardoa etxean izango duzu.
Comentarios
Deje su comentario