Bisita gidatuak egiteko 12 sagardotegi
Dastatze eta bisita gidatuak Euskal Herriko sagardo upategietan

Urtetik urtera gero eta gehiago dira urte osoan zehar ateak irekitzen dituzten euskal sagardo upeltegiak bisita gidatuak eta dastaketak eskaintzeko, honela txotx esperientzia tradizionala zabalduz. Bisita hauek, bertako produktuekin egindako menu tradizionalaz gozatzeaz gain, euskal sagardoa egiteko prozesu liluragarrian murgiltzeko aukera ematen dute, baita familia bakoitzaren historia ezagutzeko eta, jakina, etxe bakoitzeko sagardo onenen dastaketa gidatuaz gozatzeko ere.
Sagastia, elaborazio-gunea eta upeltegiak bisitatuko dituzu, eta, jakina, hainbat sagardoren dastatze gidatua egingo duzu. Azkenik, sagardotegiko menu tradizionala dastatzeko aukera izango duzu: bakailao tortilla, bakailao frijitua piperrekin, txuleta, intxaurrak, Idiazabal gazta eta irasagarra.
Euskal sagardoa edari bat baino askoz gehiago da; Euskal Herriko tradizioaren, historiaren eta kulturaren ikurra da. Sagardo upategi batera bisita gidatua egiteak mendez mende iraun duen antzinako tradizio bat gertutik ezagutzeko aukera ematen dizu.
Jarraian, bisita gidatuez eta dastaketez gozatzeko 12 euskal sagardotegi aurkezten dizkizugu:
ABURUZA SAGARDOTEGIA
Aburuza talaia pribilegiatu batean kokatuta dago, mendiaren hegalek babesten dute eta panoramika ikusgarria du Adarra menditik Aralar mendilerroraino, Txindoki parez pare duela. Sagastien artean eraikitako Aburuzak sagardoaren historiaren bilakaeraren ikuspegi ezin hobea eskaintzen digu. Baserri zaharretik gaur egungo upategiraino. Etxeko txoko guztietan barrena ibiliko gara, haien lan egiteko modua ezagutuko dugu eta egiten dituen produktu guztiak dastatuko ditugu, horien artean Euskal Sagardoa Jatorrizko Deitura, Juan Joxe eta bere bi seme Ibon eta Josu Aburuzak ekoiztua. Sagardotegiko menu gozoarekin amaituko duzu bisita.
ALTZUETA SAGARDOTEGIA
Sagarrondoz inguratuta, Altzueta Sagardotegia Hernaniko Osiñaga auzoan dago. Nahiz eta ez dakigun noiz eraiki zen zehazki, Altzueta sagardotegiak 1878an sagardoa saltzen zuela egiaztatzen duten dokumentuak daude, eta gaur egun laugarren belaunaldiak jarraitzen du Aitziber Goikoetxearekin eta Ibon Alkortarekin. 2004an berrikuntza handi bat egin zen, sagardoa egiten zuten eremuaren tamaina handituz, eta makineria moderno berria eta altzairu herdoilgaitzezko upelak jarri zituzten, nahiz eta gaztainondozko upeltegi tradizional ederra mantentzen duten oraindik ere.
ASTARBE SAGARDOTEGIA
Astarbe Sagardotegia antzinako Errege Bidearen ertzean dago, Astigarragan, Donostiatik 6 km-ra. Kalitate handiko eskaintza gastronomikoa duen sagardotegi honen lehen aipamen historikoak 1563. urtekoak dira. Orduz geroztik, jakintza, bai sukaldaritzan, bai sagardoaren elaborazioan, belaunaldiz belaunaldi igaro da, gaur egunera arte. Hur eta Joseba Astarbe anaiek, Kizkitza arrebaren eta bere lantalde handiaren laguntzarekin, mimo handiz egiten dituzte bertan dastatu ahalko dituzun sagardo zein plater ezberdinak.
BEREZIARTUA SAGARDOTEGIA
Bereziartua sagardotegia 1870etik sagardogintzan aritzen den enpresa familiarra da. Orduan hasi ziren Ergobiako tolare zaharrean beraien lehen sagardoak egiten. Mende bat geroago, 1970ean, sagardotegintzari gaur egungo eraikinean eman zioten jarraipena, Astigarragan. Ordutik, eta modernizazio prozesu ezberdinen ondoren, Bereziartua erreferente bihurtu da sagardo naturalaren elaborazioan, tradizioaren zerbitzura dagoen familia izaera mantenduz.
GAZTAÑAGA SAGARDOTEGIA
Gaztañaga 1989an ireki zen sagardotegi eta erretegia da. Joxe Angel Gaztañaga izan zen sagardotegiaren eta jatetxearen negozioarekin hasi zena, bere aita Angelen urratsei jarraituz, zeinak 1975ean jada bere kontsumorako sagardoa egiten zuen Buruntza auzoko tolare komunitarioan. Gaur egun, Joxe Angel Gaztañaga eta bere seme Axier dira sagardotegiko arduradunak, mimo eta esfortzu handiz. Jatorriz behi-ukuilua izan zen Gaztañaga Sagardotegia Buruntza auzoan dago, Andoaingo udalerrian.
IPARRAGIRRE SAGARDOTEGIA
Iparragirre Sagardotegia bertako produktuen erregina da. Iparragirren oso kontzientziatuta daude ingurumenarekin, eta hainbat modu ezberdinetan egiten dute jasangarritasun integralaren alde: eguzki-plakak eta zuhaitzen zura erabiliz ura berotzeko, polinizazioa, birziklapena, beren lurretan bizi diren txoriekiko errespetua eta, batez ere, sagarrondo ekologikoekiko errespetua. Iparragirre Tolare sagardotegia da, 500 urte baino gehiagoko historia du, eta Arantza eta Ana Eguzkitza ahizpak, azken honen semearekin batera, Andoni, eskuz-esku aritzen dira bertan lanean.
LIZEAGA SAGARDOTEGIA
Lizeaga Sagardotegiaren baserria, sagardoa egiteko eraiki zen XVI. mendean. Beraz, 450 urte dituen dolare-baserria da. Lau ardatz nagusien artean dolarea zegoen, eta hauen inguruan sukaldea, logelak, ukuiluak eta beste hainbat gela batzuk. Senideak urtez urte bizi izan dira han, mendez mende, ondoen egiten dakitena eginez: sagardoa.
Denboraren poderioz, 1918an, Julian Arrietak baserria erosi zion garai hartan jabea zen Peñafloridako Kondeari. Horrela, maizter izatetik jabe izatera pasa ziren. 1988an Gabriel eta Joxe Mari Lizeaga anaiek izen berri baten aldeko apustua egin zuten, haien abizena marka gisa erabiliz. Horrela, Lizeagak bere bideari ekin zion.
MIZPIRADI SAGARDOTEGIA
Mizpiradi Sagardotegia Andoaingo Leizotz auzoan dago. Esnaola familia Mizpiradi baserrian sartu zen Jon Mikelen birraitonarekin eta ordutik, bere ondorengoek etxea eta sagardo zaletasuna gobernatzen jarraitzen dute. Baserrian betidanik egin izan da sagardoa. 2000. urtean, ordea, berritu egin zuten, eta ganadua edukitzetik sagardoaren sektorean profesionalizatzera igaro ziren. Gaur egun, Jon Mikel gazteak darama etxeko martxa amaren laguntzarekin. Bere aita Angel Mariak hartu zuen sagardotegia ogibide izateko erabakia, eta semeak aitaren urratsak jarraitzen ditu pasio, ilusio eta dedikazio handiz.
OIHARTE SAGARDOTEGIA
Oiharte Sagardotegia Zerainen kokatzen da. Maite Retolaza Ojangurenek eta Haritz Eguren Urrestarazuk zuzendutako sagardotegi gaztea da. Haritz eta Maiteren familiek betidanik egin dute sagardoa etxean, Euskal Herriko hainbat eta hainbat baserrietan bezala, nahiz eta Oiharte sagardoaren merkaturatzea Haritz eta Maiterekin iritsi zen. 2002an Oiharte baserria zaharberritu eta landetxe bihurtu zuten. Egonaldi atsegina bermatzeko behar diren erosotasun moderno guztiak ditu, baina XVII. mendeko baserriaren espiritua galdu gabe. 2010ean eraiki zuten sagardotegia bertan eta geroztik, sagardoaren inguruko esperientzia osoa eta aberasgarria bizitzeko aukera eskaintzen dute.
OLA SAGARDOTEGIA
Ola Sagardotegia XIII. mendeko burdinola zahar batean eraikitako sagardotegia da. Aiako Harriak Parke Naturalaren barruan dago, Irungo Meaka auzoan, ingurune natural paregabean kokatuta. Ola Sagardotegia bisitatzeko aukera duzu, haien sagastietan barrena ibiltzeko, elaborazio zonaldea ezagutzeko eta gaiztainezko kupeletatik zuzenean zein botilan dastatu ahal izango dituzu haien etxeko sagardo ezberdinak. Ola Sagardotegiaren berezitasunetako bat, 100%ean bertako sagarra erabiltzen dutela. Sagardo ezberdinez gain (monobarietala, bibarietala, hirukoa…etab), Bengoetxea familiak sageztia, eztia, sagar dultzea, sagar muztioa..etab egiten dituzte etxean bertan. Zeren zain zaude Ola Sagardotegira bisitan etortzeko?
PETRITEGI SAGARDOTEGIA
Petritegi Sagardotegia Astigarragan dago kokatuta, 1526tik egiten da sagardoa bertako dolare-baserrian, Petri izeneko donostiar batek eraikitakoa. Baserria dolarearen inguruan eraiki zen, eraikinaren lehen solairuan, eta dolarearen zati handi bat hartzen zuen. XX. mendearen hasieran, Agapito Goikoetxeak, egungo familia jabearen herenaitonak, erosi zuen baserria, eta sagardoa egiten jarraitu zuen, jakina. Gaur egun, Otaño Goikoetxea familiaren 4., 5. eta 6. belaunaldiak dira urre likido hori ekoizten jarraitzen dutenak, jakintza eta mimo handiz. Petritegi Upeltegia ezaguna da lantzen ari diren produktu dibertsifikazio handiagatik.
SAIZAR SAGARDOTEGIA
Saizar Sagardotegia Usurbilen dago kokatuta, Donostiatik 10 kilometrora. Saizar Sagardotegia 70. hamarkadan hasi zuen bere bidea, Esteban Lertxundik eta Olivi Ibargurenek, haien baserria eta ukuilua sagardotegi bihurtzea erabaki zutenean. Geroztik, buru-belarri ibili dira sagardogintzan haien hiru semeekin batera. Gaur egun, familiako bigarren zein hirugarren belaunaldiek egiten dute lan gogo eta jakintza haundiz aiton-amonek hasitakoarekin jarraitzeko. Saizar Sagardotegia urte osoan zehar dago irekita.
Zatoz Euskal Sagardoa eta hura egiten duten familiak gertutik ezagutzera!
Comentarios
Deje su comentario